Amaia Barredok Planas ministroari helarazi dio kezkatuta dagoela egungo Nekazaritza Politika Bateratuaren Plan Estrategikoarekin

0

Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroarekin elkartu da, eta Nekazaritza Politika Bateratuaren Plan Estrategikoarekin lotutako hainbat gairi eta Mahastizaintza eta Ardogintzako Esku-hartze Sektorialaren programa hirugarren herrialdeetan sustatzeko eta komunikatzeko laguntzei buruz hitz egin dute, eta kezkatuta agertu da Europar Batasunaren eta Senegalen arteko arrantza-akordioa agian berrituko ez delako.

Barredo eta Planas gaur arratsaldean elkartu dira Madrilen, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren egoitzan, Imanol Pradales buru duen Euskadiko Gobernu berriaren kudeaketaren hasierarekin bat etorriz. Bileran bi administrazioek lehen sektoreko hainbat gairi buruzko iritziak eta komentarioak partekatu ahal izan dituzte. Amaia Barrredo sailburuarekin batera izan dira bileran Raúl Perez Iratxeta sailburuordea eta Leandro Azkue Arrantzako zuzendaria.

NPBPE

NPBren Plan Estrategikoari (NPBPE) dagokionez, Barredok Planas ministroari adierazi dio “laguntzak kobratzeko malgutasun handiagoa” behar dela, “batez ere kontrolen kudeaketari dagokionez. Estatuak presioa egin behar dio Europako Batzorde berriari –lehenengo seihilekoan EB osoan egindako mobilizazioen ondoren eskaera sektorialen aurrean jarrera irekiagoa duenari–, NPBren oinarrizko erregelamenduetan aldaketak egiten hasteko.Horrela bakarrik ekin ahal izango zaio sektorearen eskaerekin bat datorren NPBren sinplifikazio errealari”.

“NPBren hurrengo erreforma diseinatzeko hasi den hausnarketa-prozesuari begira, Euskaditik eskatzen dugu NPB berriaren diseinu-prozesuan parte hartze aktiboa izatea, lankidetza-planteamendu batekin, eta Ministerioak eztabaidetan eta diseinuan bere burua solaskide bakartzat hartu gabe, neurri handi batean oraingo NPBn gertatu den bezala”, aipatu du Barredo sailburuak.

Barredok ministroari nabarmendu dionez, “prozesu horretan, Euskaditik honako planteamendu hauek azpimarratzen jarraituko dugu: eskualde mailan NPB guztiz subsidiarioa defendatzen dugu, EBFTren aplikazio eraginkor batetik abiatuta. Plan estrategiko propioa defendatzen dugu. Euskadik urtero jasotzen dituen NBEF funtsetatik abiatuta, lehenengo zutabeko esku-hartzeen diseinu autonomoa defendatzen dugu, laguntza-tipologien diseinua, ordainketa-eskubideena –azaleraren araberako ordainketak eta abelburuen araberako ordainketak– ingurumen-ordainketena eta, batez ere, kontrol-sistematikarena sinplifikatuko dituena”.

Belaunaldien arteko erreleboa

Sailburuak, bestalde, proposatu du “nekazari gazteak lehen sektorean sartzeko mekanismo bat gaitzea, alde batetik, fiskalitatetik laguntzak emanez eta, bestetik, ustiategien titulartasunaren erreleboan pizgarri-tresnak artikulatuz”, eta “bigarren zutabeko esku-hartzeek finantza-pisu handiagoa izatea, funtsen banaketa bidezkoagoa eskatuz, FEADER funtsen exekuzio-maila autonomia-erkidego bakoitzean lehenetsita. Era berean, erreleborik ez duten ustiategien titularrei aurre-erretiroak finantzatzeko esku-hartze bat sartzearen alde gaude”.

Sinplifikazioa

Indarrean dagoen NPBren kudeaketari dagokionez, Barredok planteatu du “Europako Batzordearen aurrean eragitea NPBren burokrazia gehiago sinplifikatuko duten gaietan, nahiz eta oinarrizko erregelamenduak aldatzearen kontura izan. Hori guztia, Europako Batzorde berri bat eta komisario berri bat izango direla aprobetxatuz”.

“Era berean –zehaztu du Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak–, arintzea eskatzen dugu Itun Berdetik eratorritako jarduera jakin batzuk indarrean jartzeko epeak: ekoizpen ekologikoaren azalera, herbizidei eta pestizidei buruzko zuzentaraua edo nahitaezko ongarritze-planak, esate baterako, nahiz eta nekazariaren autoerregulaziorako tresna gisa koaderno digitala pixkanaka sartzearen aldekoak garen”.

Ministroak planteatutako “43 neurriz osatutako paketea erabat aktibatzea” eskatzeaz gain eta “azken biltzar sektorialean adostutako NPBPEren lehenengo aldaketaren egoeraz” galdetzeaz gain, Barredok planteatu du “ea Arabako Errioxan “lur hezeetako lehorreko laborantzako” udalerriak aldatzeari ekingo zaion”.

Otsoa

Barredok eta bere taldeak Planas ministroari helarazi diote kezkatuta daudela Euskadiko geografiako hainbat tokitan otsoek etengabe egiten dituzten erasoengatik. “Euskadin otsoek kalte handiak egiten dituzte Araban eta Bizkaian.  Azken 20 urteetan, eta Araban bakarrik, hildako 2.370 animalia erregistratu dira. Eta 2024an izan diren 35 erasoetan 129 animaliari egin zaizkie kalteak, horietatik 16 zauritu dira eta gainerakoak hil edo desagertu. Kalte handia da, eta ez ardi-aziendan bakarrik”.

“Hori dela eta, Trantsizio Ekologikoaren Ministerioari eta Nekazaritza Ministerioari eskatzen diegu otsoa kentzeko LESPREtik (Babes Bereziko Erregimeneko Basa Espezieen Zerrenda) eta espezie “babestu” bihurtzeko. Bere garaian, 2023ko ekainaren 9an, idatzi bat bidali zitzaion Teresa Ribera ministroari, baina oraindik ez da erantzunik jaso”.

 

Errioxa JDK

Errioxa JDKren salmenten egoeraren barruan, Eusko Jaurlaritzak aurrea hartu du, eta Nafarroarekin eta Errioxarekin bilerak egiten ari gara, adostutako ibilbide-orri bat, eskaintzaren kalitatea, bereizketa eta aniztasuna indartzera eta nazioarteko merkatuetan posizionamendu hobea izatera bideratutako egiturazko neurriak barne hartuko dituena, zehazteko” aipatu dio Barredok Planas ministroari.

“Ministerioari proposatu diogu ISVren gaur egungo banaketa-sistema azter dadila, Europako funtsen banaketak kalkulatzeko modua alda dadin –izan ere, oraingoa 2012tik datozen negoziazioetakoa da eta jada denbora nahikoa igaro da aldatzeko–, eta Errioxan kalitateak eta balio erantsiak pisu handiagoa izan dezaten. Gainera, mahastiak berregituratzeko laguntza aldatzeko aukera eman behar da, mahastietarako ez ezik klima-aldaketaren edo ustiapenaren errentagarritasunaren aurrean agronomikoki bideragarriagoak diren beste labore batzuetarako ere gaitzeko”.

Senegalgo uretako arrantza

Arrantzaren arloan, Amaia Barredok planteatu du “Europar Batasunaren eta Senegalen arteko arrantza-akordioa agian ez berritzeak” sortuko lukeen egoera; izan ere, “horrek eragin handia izango du ur horietan arrantzatzen duten kanaberadun atunontzien flotan, eta, horretarako, beharrezkoa izango litzateke Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsean (FEMPA) aurreikusitako aldi baterako geldiarazteagatiko laguntzak aktibatzea”.

Era berean, Planas ministroari helarazi dio “atun gorriaren eta atun mojaren arrantza arautzen duen araudia eguneratu” behar dela, eta kudeaketa-tresnak eman behar zaizkiola “sektoreari arrantza arrazionalagoa eta jasangarriagoa egin dezan.  Arrantza-kudeaketa hori malgutzea da asmoa”.

Barredo sailburuak ministroari galdetu dio zertan den “2023-2024 denboraldietan txitxarro arruntaren arrantzan aldi batez geldi egon ziren ontzien laguntzen tramitazioa”, bai eta “zetazeoekiko interakzioa minimizatzeko ezarritako aldi baterako debekuagatik jarduera aldi batez gelditu behar izan zuten ontzientzako laguntzena ere, eta zer neurri aurreikusten diren 2025erako”.

Ontziak deskarbonizatzeko Europako Finantzaketa Funts berriari dagokionez, Amaia Barredok Luis Planasi helarazi dio “finantza-tresna berri bat sortu behar dela deskarbonizazio horretan laguntzeko”. Bien bitartean, egungo FEMPA aldatzea eskatu du, motorrak aldatzen eta berritzen laguntzeko, bai eta 24 metro baino gehiagoko luzera duten ontzientzat ere.