Torres lehendakariordeak 2024rako % 1,9ko eta 2025erako % 2,1eko hazkunde ekonomikoaren alde egin du

0

Torres lehendakariordeak 2024rako % 1,9ko eta 2025erako % 2,1eko hazkunde ekonomikoaren alde egin du

Datu hauek aise gainditzen dituzte euroguneko herrialdeetarako aurreikuspenak

Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak Mikel Torresek EGABen (Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea) Memoria Ekonomikoaren txostenaren emaitzak aurkeztu ditu, Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Udako Ikastaroan. Torresek txostenaren ondorioak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako politika ekonomiko eraldatzaileekin duten lotura baloratu nahi izan ditu, eta Jaurlaritzak aurten % 1,9ko hazkundearen alde eta hurrengoan % 2,1eko hazkundearen alde egiten duela “euro-eremu osorako argitaratu diren aurreikuspenak aise gaindituz».

Era berean adierazi du hazkunde ekonomikoaren helburuak lortzeko «ezinbestekoa izango dela euskal ekonomiak egungo hazkunde-erritmoari eustea, % 1,8 ingurukoa dena.» Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, erritmo horri eutsi egingo zaio, eta are bizkortu ere egingo da urte honen amaieran eta hurrengoan, inflazioaren kontrolak eta interes-tasen jaitsierak euskal enpresek eta etxeek jasaten dituzten kostuen eta prezioen tentsioak arintzen dituzten heinean.

Sailburuak nabarmendu nahi izan du Europako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren funtsek ekonomia eta enplegu-politikak garatzeko izango duten garrantzia. 2024ko lehen seihilekoan 2.500 milioi euro esleitu zitzaizkion funts horietatik Euskadiri, erdia kudeaketa autonomikoaren ardurapean, eta horietatik % 75 indarrean dauden edo amaituta dauden proiektuetara bideratu dira. «Europako funtsek eragin positiboa izan dute txosten honetan islatzen diren jarduera-mailetan eta datu makroekonomikoetan, batez ere Europako batez bestekoarekin alderatzen badugu. Zalantzarik gabe, Europako funtsen estimulua elementu garrantzitsua izaten ari da susperraldi horretan «, ondorioztatu du.

Torresek azpimarratu du oso garrantzitsua dela gizarte-eragileek Memoria Sozioekonomikoaren egitean parte hartzea, eta gogorarazi du politika ekonomikoek «hazkundea sortu behar dutela, baina baita gizarte-kohesioa, aberastasunaren banaketa bidezkoa bermatu eta gizarte-desberdintasunak murriztea ere «.