Kromo hexabalentea [Cr(VI)] oso erabilia da metalen galbanizazioan, pigmentuen ekoizpenean eta larruaren zurratzean, baina konposatu kaltegarria da, bai gizakiarentzat, bai ingurumenarentzat. Horregatik, Europar Batasunak debekatu egin zuen 2017an erabiltzea, nahiz eta 2024ra arte modu mugatuan erabil zitekeen, REACH erregelamenduaren (Substantzia eta nahaste kimikoen erregistroa, ebaluazioa, baimena eta murrizketa) arabera, ingurumena errespetatzen duten alternatiba seguruagoak bilatzen saiatzen baita.
Testuinguru horretan sortu zen RESINSURF proiektua, SUDOE lurralde guztietan (Espainia, Frantzia, Portugal eta Andorra) estrategia homogeneo bat ezartzeko helburuarekin, Cr(VI) konposatuan oinarritutako azal-tratamenduak ordezteko. Bi proiektu pilotu ezarriko ditu, bata Espainian eta bestea Frantzian, teknologia alternatiboak garatzeko, prozesuen trantsizio berde digitalizatua sendotuko duten monitorizazio-teknologiak txertatuz eta hazkunde adimendun eta jasangarria bultzatuz.
Proiektua INTERREG SUDOE programaren barruan dago, eta ia bi milioi eurorekin finantzatzen da. CIDETEC Surface Engineering-ek koordinatzen du, eta sektoreko hainbat enpresak parte hartzen dute, hala nola Titania, Prifer edo Chrome Dur Industriel enpresek; Aveiroko unibertsitateak edo Pau et des Pays de l ‘Adour unibertsitateak; eta Azaleren Akaberen Industrien elkarteak. Zuzentzeaz gain, Gipuzkoako gainazalen ingeniaritzan espezializatutako ikerketa eta garapen zentroa bi lan paketeren liderra da eta komunikazioaren arduradun nagusia.
“Premiazkoa da alternatibak aurkitzea sektorean aritzen den industria desager ez dadin”, azaldu dute CIDETEC Surface Engineeringetik; izan ere, azken urteotan jarduera-exodoa jasan du alor horrek Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetara, aipatutako erregulazioak arautzen ez duten herrialdeetara. Horregatik, RESINSURF proiektuak tratamendu-lerroak monitorizatzeko metodo espezifikoak garatzen laguntzen du, jasangarriagoak, lehiakorragoak eta adimentsuagoak eginez.
Ezagutza-transferentzia funtsezkoa izango da proiektuan. SUDOE lurraldean ikasleak eta profesionalak trebatuko dira, eta web mintegiak, tailerrak eta jardunaldi irekiak antolatuko dira. Bestalde, aurrerapen teknologikoak eta prestakuntza-ekimenak sare sozialen bidez eta partzuergo-biderkatzaileen laguntzarekin (industria-elkarte gisa) zabalduko dira, ahalik eta irismen handiena izateko.
SPRI Taldea RIS 3 Euskadi estrategia abian jartzen duen eragileetako bat da, energiaren, fabrikazio aurreratuaren, bio-osasunaren eta nanozientziaren arloetan espezializazio adimenduna bultzatzeko.