Lehendakariak, euskal diasporari buruz: «Beraien ekarpenari esker, gure hizkuntza eta kultura nazioarteko dimentsio berri batera eraman ditugu»

0
PRUEBA

Imanol Pradales Lehendakaria buru izan da gaur eguerdian Euskal Diasporaren Nazioarteko Egunaren 7. edizioa ospatzeko Eusko Jaurlaritzak Oñatin antolatutako ekitaldi instituzionalean.

Gipuzkoako udalerri hau aukeratuta, duela 50 urte, 1974an, bertan egin zen Boiseko Unibertsitateko ikasle eta irakasleen lehen egonaldi programa oroitu eta omendu nahi izan da. Izan ere, talde horretako ordezkaritza bat egon da ekitaldian.
«Pozik egoteko eguna dugu gaurkoa, duela 50 urte azaldu zen hemen 90 lagunez osatutako talde bat. Pat Bieter Boiseko irakasleak bultzatutako euskaldunen taldea. Helburua aberrira etortzea zen. Kulturaz gozatzera, euskara ikastera. Eta hala egin zuten», gogorarazi du Lehendakariak bere hitzaldian.
Eta eskerrak eman nahi izan dizkie, halaber, «euskararen hazia egunero zabaltzeko» bidea ireki zuen abenturari ekiteko erakutsi zuten ausardiagatik.
Pradalesek aipatu du, gainera, 15 herrialdetan ari dela ospatzen egun hau, ehun ekitaldi baino gehiagorekin, «eta horrek esan nahi du egun hau euskal diasporan errotzen ari dela», adierazi du.
Horrela, Imanol Pradalesek beste herrialde batzuetara joan behar izan zuten euskaldunei ere eskaini die hitzaldia, hala nola Miguel Mariri, Baztango Haranekoa, Mexikora emigratu zuena eta duela 26 urte ezagutu zuena.
«Ez zuen aukera gehiegi bere inguruan. Halako batean, urte batzuk lehenago Mexikora joandako osabaren mezua jaso zuen, bertan lana bazegoela eta joateko gonbitea egiten ziola esanez, eta urduritasunez eta bertigoz jaso zuena», azaldu du Lehendakariak eta, gaineratu duenez, «hura izan zen euskal diasporarekin izan nuen lehen kontaktua. Herri migratzailea ere bagarela garbi ikusi nuen».
Miguel Marik familia bat osatu eta euskara eta euskal kultura seme-alabei transmititu zizkien eta, aipatutako kasu horren bidez, Pradalesek «gure enbaxadore bihurtu ziren» milaka euskaldun horiek egin zuten ekarpena nabarmendu nahi izan du. «Beraiei esker, gure hizkuntza eta kultura nazioarteko dimentsio berri batera eraman ditugu elkarrekin, eta, orain, denok batera marraztu behar dugu gure harreman berria, diaspora berriarekin dugun harremana», azpimarratu du.
Euskadi Globala
Baieztapen horren harira, Lehendakariak Herriak dituen erronkei buruz hitz egin du.
«Gure Herriak asko du jokoan nazioarteko testuinguruan datozen urteetan. Sare berriak ehundu behar ditugu, eta balioa ematen duten nodoekin konektatu. Estrategia globala eta nazioartekoa, euskaldunok berriro ere itsaso eta mundu berriak zeharkatzeko, gure Herriarentzako oparotasunaren bila. Euskadi Global batez ari naiz «, nabarmendu du Imanol Pradalesek.
Azpimarratu duenez, helburu horretan «funtsezkoa da euskal diasporaren papera».
Horrela, Pradalesek «gure Herrian prestakuntza jaso ondoren atzerrira joaten diren ehunka euskaldunak» aipatu ditu eta, adierazi duenez, «horiek ere gure kanpoko sarearen parte dira eta gure aurrerabiderako ezinbesteko eragileak dira».
Harreraren garrantzia
Hitzaldi horretan, Oñatiko Larraña Etxea duela urte batzuetatik hona lehen harrerarako zentroa denari erreferentzia eginez, harrera egitearen garrantzia azpimarratu du, «Euskaldunek harrera hori jaso zutelako eta jasotzen jarraitzen duelako».

 

«Erronka berriek rol berriak eskatzen dituzte, eta seguru naiz euskal diasporak bere ezinbesteko ekarpena egiten jarraituko duela. Izan zirelako, gara eta, garelako, izango dira», amaitu du Lehendakariak.
Lehendakariaz gain, ekitaldian izan dira,  beste ordezkari instituzionalen artean, Izaro Elorza Oñatiko alkatea, María Ubarretxena, Mikel Jauregi eta Juan Ignacio Pérez sailburuak, Ander Caballero Europar Batasuneko eta Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Gorka Álvarez Kanpoan den Euskal Komunitatearen zuzendaria.