Denis Itxaso: «Babestutako etxebizitza-parke publikoa da gure herriko azpiegitura nagusia, eta Alokabide bere bandera-ontzia”

0

UPV/EHUren “Gipuzkoaren ikuspegi metropolitarra” uda-ikastaroari amaiera emateko esku-hartzean, Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak etxebizitza babestuen parke publikoaren garrantzia nabarmendu du, herrialdearentzako azpiegiturarik garrantzitsuena den aldetik, Alokabide izanik erreferentzia nagusia. Bere hitzaldian azpimarratu du metropoli-esparruan elkarrekin lan egin behar dela, besteak beste etxebizitzaren, garraioaren eta industria-garapenaren arloetako erronkei aurre egiteko.

Sailburuak udalei eskatu die ikuspegi zabalago eta kolaboratiboagoa har dezatela.  “Beharrezkoa da etorkizunera begira dauden politika bateratuak garatzea; ez baitu zentzurik modu isolatuan edo bakoitzak bere aldetik jarduteak berez metropoli-eremu bat izanda”, esan du. Itxasok nabarmendu du lurraldea planifikatzean herritarren behar komunei erantzun behar zaiela, lurzorua jasangarritasun- eta efizientzia-irizpideetan oinarrituta kudeatu behar den baliabide urritzat hartuta. Gainera, merkatu pribatuan esku hartzeko proposamena berretsi du, sustatzaileek saldu ezin dituzten etxebizitza babestuak BOEn prezio tasatuan erosiz.  “Lehentasuna etxebizitza babestuen parke publikoa handitzea da, eta zuzentzen dudan Saila bete-betean ari da lanean helburu hori lortzeko bide ezberdinak aztertzen”.

Era berean, Itxasok jakitera eman du nabarmen egin duela behera Euskadin hutsik dauden etxebizitzen kopuruak, azken hiru urteetan 47.000tik 43.000ra jaitsi baitira. Horietatik 9.000k etxebizitza hutsen kanonari lotuta egon litezke, neurriaren helburua izanik hutsik dauden etxebizitzen parkea mobilizatzea etxebizitza-eskaerari aurre egiteko. Etxebizitza horiek 2 urte baino gehiago daramatzate hutsik, eta 3tik 2k zaharberritzeko premia dute. Horretarako, Euskadiko Gobernuak irisgarritasunera edo energia-efizientziara bideratutako laguntza-lerro batzuk ditu.

Datozen urteetarako etxebizitza-estrategiei dagokienez, sailburuak jakitera eman du alokairu eskuragarriko 7.000 etxebizitza berri merkaturako direla, horien erdiak gazteentzat, eta horrek esan nahi du % 40ko igoera izango dela era horretako etxebizitzak merkaturatzeko erritmoan.  Itxasok azpimarratu du neurri horrek duen garrantzia Etxebizitzaren Aldeko Itun Sozialaren esparruan, itun horren helburua izanik Euskadin alokairu eskuragarriko 50.000 etxebizitza izatera iristea.

Azkenik, sailburuak udalei dei egin die irtenbideak azter ditzaten, besteak beste, jarduerarik gabe urtebete edo bi daramatzaten merkataritza-lokalak etxe bihurtzea. Etxebizitza-eskaintzaren gainean eraginkortasunez jardun nahi badugu, hainbat neurri hartu behar ditugu kontuan, esate baterako, etxebizitza oso handiak zatitzea edo jarduera ekonomikoak kale-mailako solairuetara jaistea, oraindik ere kasu gehiegitan baitaude hasiera batean etxebizitzetarako aurreikusitako solairuetan.

LAGak, lurralde-orekarako helburuak lortzeko giltzak

Gaur goizean, UPV/EHUren uda-ikastaro honetan Miguel Ángel Paéz Lurralde Plangintza eta Hiri Agendako sailburuordea ere izan da, Santiago Peñalba Garmendia (Emeseme-Donostia) eta José María Ezquiaga Domíngez (Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa) arkitektoekin batera.  Sailburuordeak aitortu du LAG estandarrean oinarritutako hiri-diseinuko proiektuak irtenbide berritzailetzat jotzen direla hiri-plangintza modernoan, eta hiru gako (geografikoa, demografikoa eta ekonomikoa) ezaugarri dituen errealitate berria barne hartzen dutela: biztanleria-asentamendu trinkoak dituen orografia aldapatsua; populazioaren geldialdiaren aurreikuspena; barneko eskualdeetako biztanleria kostalderantz mugitzea, Gipuzkoan nabarmenagoa dena; zahartze progresiboa, mendetasun-tasa areagotuko duena; aldi berean, hirugarren sektoreak eta zerbitzuek sektore ekonomikoan duten pisuak gora egitea, energia berriztagarrien tasa handitzeko premiarekin batera, eta horrek I+Gn inbertsio handiagoa egitea eskatuko du.

Hiru faktore horiei, klima-aldaketaren ondorio diren zeharkako ingurumen-gorabeherak gehitu behar zaizkie, eta horrek ahalbidetzen du hiri-garapen jasangarria lurralde-orekaren helburuak lortzeko tresna baliagarri gisa identifikatzea.