Eusko Jaurlaritzak Pedro Mari Otaño bertsolariaren film biografikoaren proiektuari dirulaguntza zuzena ematea onartu du

0

Gobernu Kontseiluak, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eskatuta, gaurko bileran onartu du Eguzki Art Zinema produkzio etxeari 40.000 euroko dirulaguntza zuzena ematea. Enpresa honek “Ombuaren itzala” filmaren bidez,  Pedro Mari Otaño bertsolariaren biografia eta bertsolaritzari egindako ekarpenaren garrantzia balioan jarri nahi du. Jaurlaritzak proiektu honen finantzaketan lagunduko du.

Pedro Mari Otaño bertsolaria eta poeta ospetsua izan zen, bere garaian bere bertsoen lirismoagatik estimatua, bertso paperak moduan ezagutzera emanak. Proiektu honek «ahanzturatik» atera nahi du eta horretarako, «Ombuaren Itzala» filma jorratzen ari da. Patxi Bisquert zinemagileak sustatu, ekoitzi eta zuzentzen du film hori eta Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza honen bidez finantzaketan lagunduko du. Filmaketa Euskadin eta Argentinan izan dira eta aurreikusita dago 2024ko udazkenean estreinatzea.