Hizkuntza indartzeko irakasleak kontratatzeko edo programak ezartzeko baliabide bibliografikoak eta didaktikoak eskuratzeko gastuak ordaintzeko erabiliko dira laguntzak
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, 2024-2025 ikasturtean, 2,7 milioi bideratuko ditu hizkuntza indartzeko programak gauzatzeko dirulaguntzetara. Iritsi berriak diren ikasleen hizkuntza indartzeko dirulaguntzak dira.
2,7 milioi euroz hornitutako laguntza-lerro honen bidez hezkuntza-sisteman hizkuntza menderatu gabe sartzen diren ikasleen beharrei erantzun nahi zaie. Hezkuntza testuinguru kulturaniztunera egokitzea beharrezkoa da ikasle bat bera ere atzean gera ez dadin. Hizkuntza ofizialetan komunikatzeko gaitasuna hobetzea funtsezko ardatza da hezkuntza-sistemara iritsi berriak diren ikasleei sisteman sartzea errazteko. Beraz, hizkuntza indartzeko programa Euskal Hezkuntza Sistemak aukera-berdintasuna eta aniztasunarekiko errespetua bermatzeko duen tresnetako bat da.
Jatorri ezberdinetako ikasle etorkinak kopuru eta helmuga desberdinetan etengabe sartzen dira ikasturtean zehar Euskal Autonomia Erkidegoko eskola-sisteman. Horregatik da garrantzitsua laguntza horiek eskuragarri egotea; izan ere, 2023ko urtarrilaren 31tik unibertsitatez kanpoko hezkuntza-sisteman lehenengo aldiz matrikulatu diren ikasle berrien beharrei erantzuteko pentsatuta daude. Laguntzak irakasleak (hizkuntza indartzeko irakasleak) kontratatzearekin edo metodologia berritzaileak ezartzeko baliabide bibliografikoak eta didaktikoak eskuratzearekin lotutako gastuak ordaintzeko izango dira.