Euskalmeten arabera uda beroa izan da eta prezipitazioari dagokionez ohikoa

0
PRUEBA

Kantauri isurialdeko zenbait lekutan soilik izan da hezea

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, uda meteorologikoa (ekaina, uztaila eta abuztua) beroa izan da (0,5 ºC-ko anomalia izan du 1991-2020 aldi normaleko batezbestekoaren gainetik) eta prezipitazioari dagokionez ohikoa izan da. Hala ere, Kantauri isurialdeko leku batzuetan hezea izan dela esan daiteke.

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, kostaldean batez besteko tenperatura 19 eta 21º C artekoa izan da, eta Arabako Lautadan, berriz, 18 ºC ingurukoa.  Mendea hasi zenetik, balio horiek tarteko posizioan daude, eta 2022ko eta 2003ko uda beroenetakoak baino 1.2 ºC beherago.

Batez besteko tenperatura pixkanaka igo egin da udan: ekaina ohikoa izan zen, uztaila beroa eta, azkenik abuztua oso beroa izan da. Uztailaren amaierara arte ez da anomalia positibo nabarmenik izan, eta egun beroak egun hotzekin tartekatu dira.

Horrela, uztailaren 18an eta 19an aktibatu ziren udako muturreko tenperatura oso altuen lehenengo abisuak, baina Ebro ondoko eskualdean bakarrik (Zambrana 38 ºC, Moreda 37.8 ºC, Páganos 37.6 ºC, Espejo 37.5 ºC, Kanpezu 36.8 ºC, hilaren 19an). Uztailaren 28tik 30era bitartean beste bero-bolada bat izan zen, kasu horretan orokorra, eta udako lehenengo abisuak eta alertak aktibatu ziren tenperatura altu iraunkorrengatik. Bero handieneko eguna hilaren 29a izan zen, eta Kantauri barnealdeko hainbat tokitan 40 ºC inguruko balioak erregistratu ziren (Orozko 39.7 ºC, San Prudentzio 39.6 ºC, Balmaseda 39.6 ºC, Zalla 39.2 ºC, Berna 39.1 ªC, Mañaria 39 ºC eta Saratxo 39 ºC).

Nabarmendu behar da, gainera, tenperatura minimoak altuak izan zirela, eta ez zirela 20 ºC-tik jaitsi kostaldean eta Arabako Errioxan, ez eta hiriguneetan ere, besteak beste Bilboko metropolian (Páganos 23.7 ºC, Moreda 23.7 ºC, Higer 22.6 ºC eta Galindo 22.3 ºC-rekin hilaren 29an). Balio horien ondorioz, uztaileko errekorrak hautsi ziren hainbat estaziotan.

Udako egunik beroena abuztuaren 11 izan zen, eta kostaldean erregistratu ziren 10 ºC-tik gorako anomalia positiboen ondorioz, Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu behar izan zuen muturreko tenperatura oso altuengatik lurralde osoan. Euskal Autonomia Erkidegoko tenperatura maximoen batezbestekoa 38.5 ºC-koa izan zen Bizkaiko zati handi batean eta Aiaraldean, bai eta sakabanatuta dauden beste leku batzuetan ere, tenperaturak 40 ºC-tik gorakoak izan baitziren (Gardea 42.8 ºC, Arteaga 42.5 ºC, Derio 42.3 ºC, Zizurkil 42.2 ºC, Balmaseda 41.7 ºC, Iurreta 41.6 ºC, Ibai Eder 41.5 ºC, Arrasate 41.4 ºC eta Lasarte 40.8 ºC).

Tenperatura minimoei dagokienez, egun hotzenak ekainean izan ziren, bereziki hilaren 13a. Balio baxuenak Arabako Mendialdean eta Añanan erregistratu ziren. Iturrietako mendietan zerua oskarbi egon zen goizaldean eta leku batzuetan izotza egin zuen (Iturrieta -0.6 ºC, Roitegi -0.5 ºC, Pagoeta 0.4 ºC, Egino 1.3 ºC, Navarrete 1.6 ºC, Subijana 2 ºC). Gainerako lekuetan 10 ºC-tik beherako tenperatura minimoak neurtu ziren, kostaldean eta hiri inguruetan izan ezik (Andoain 10.1 ºC, Bermeo 10.5 ºC, Zorrotza 11.3 ºC, Higer 11.8 ºC).

Prezipitazioei dagokienez, metaketarik handienak Gipuzkoa ipar-ekialdean erregistratu ziren, kostaldea barne (Eskas 524.2 l/m², Añarbe 406.7, Andoain 348.3, Oiartzun 336.4 eta Ereñozu 335.7).

Nabarmendu behar da balio horiek pixkanaka jaisten joan zirela mendebalderantz egin ahala, mendialdeetan eta Bizkaiko kostaldean gorakada batzuekin (Oiz 293.3 l/m², Bermeo 260.9, Arboleda 259.6 eta Oleta 252.1), are gehiago hegoalderantz egin ahala. Prezipitazio gutxien Añanan eta Arabako Errioxan erregistratu zen ( Espejo 60.4 l/m², Páganos 89.6, Tobillas 90.3 eta Subijana 92). Prezipitazioa eskasa izan zen ere Arabako Kantauri isurialdean eta Enkarterrin (Balmaseda 97.4 l/m², Ordunte 102.4 eta Saratxo 115.6).

Hiru hilabete horietan, Eusko Jaurlaritzak 34 abisu hori aktibatu zituen (12 prezipitazio handiagatik, 1 enbatagatik, 6 muturreko tenperatura oso altuengatik, 6 tenperatura altu iraunkorrengatik, 7 baso-sute arriskuagatik eta 2 nabigaziorako olatuaren altueragatik lehenengo bi milietan), bai eta 4 alerta laranja ere (2 muturreko tenperatura oso altuengatik, 1 tenperatura altu iraunkorrengatik eta 1 prezipitazio handiagatik).