Eva Ferreira: «UPV/EHUk jauzi kualitatiboa eman nahi du eta eman dezake, eta gizartearen konfiantza du hori lortzeko»

0
PRUEBA

Gaur, irailaren 12an, ostegunean, Euskal Herriko Unibertsitateko 2024-2025 ikasturteari hasiera emateko ekitaldi nagusia egin da Areto Nagusian. Eva Ferreira errektorea eta Imanol Pradales lehendakaria izan dira ekitaldiaren buruak, eta erakundeetako eta euskal gizarte eta ekonomiaren ordezkari ugari izan dira bertan.

Eva Ferreira errektoreak, bere hitzaldian, unibertsitateko kide guztiek azken urteetako lorpenak eskuratzeko egindako ahalegina eskertu du. Ahalegin horiek emaitza izan dute orain dela aste gutxi, Shangaiko rankingak munduko 400 unibertsitate onenen artean sailkatu baitu UPV/EHU. “Euskal Herriko Unibertsitateak egitasmo asko ditu martxan -jarraitu du-: berdintasun, euskara, inklusio, ikerketa eta transferentzia, nazioartekotze, graduondoko eta etengabeko prestakuntza eta ikasleen parte hartzerako planak dira. Lan asko dugu egiteko, baina ilusio handia ere bai. Bestalde, unibertsitatea prest dago jauzi kualitatibo bat emateko, eta horrek azpiegiturak eta baliabideak eskatzen ditu”.

Era berean, unibertsitate publikoak lanerako duen malgutasun falta kritikatu du: “Burokrazia da oztoporik handienetako bat. Malgutasunik ezean, gure ahaleginak alferrikakoak izango dira: bainu ontzi bat koilara batez hustea bezala, iturria irekita dagoenean.  Baina zantzu esperantzagarriak ere badira. Hala, LOSU lege berriak finantzaketa gehiago hitzeman du unibertsitate publikoentzat, 2030era begira, eta Eusko Jaurlaritzak sail berri bat du berariaz unibertsitatera, zientziara eta berrikuntzara bideratuta”.

2023-2024 ikasturteko hobekuntza akademikoa

Bestetik, Aitor Zurimendi UPV/EHUko idazkari nagusiak aurreko ikasturtean unibertsitateak izandako jarduera biltzen duen memoria irakurri du. Egindako aurkezpen luzean, UPV/EHUko ikasgeletatik 46.600 ikasle baino gehiago igaro zirela nabarmendu du. Era berean, lehen aldiz Biomedical Engineering gradua eta Lehen Hezkuntza + Haur Hezkuntzako Gradu Bikoitza ikasi ahal izan dituztela adierazi du. Graduondokoen kasuan, euskarazko irakaskuntza eskaintza indartu da. Idazkari nagusiak gogoratu duenez, ikasleei entzuteko eta erantzuteko sarea jarri da martxan, eta adostasun maila altuarekin onartu dira IV. Inklusio Plana, IV. Euskara Plana, IV. Berdintasun Plana eta unibertsitateko lehenengo Kode Etikoa. Europatik jasotako ikerketarako funtsak % 18 hazi dira. Azkenik, nabarmendu duenez, irakasle laguntzaile doktoreen plaza kopuru bikoitza (258) sortu da, lanaldi osoko ordezko irakasleak kontratatzeko ezintasun legalaren (LOSUk ezarria) ondorioak arintzeko.

Kasu honetan, bi pertsona arduratu dira hasierako irakurgaiaz: Tifanie Briaudeau irakasleak, Plentziako Itsas Estazioko (PiE) CBET ikertaldeko kideak, “Veni, Vidi, Crevi: Nire ibilbidea Plentziako Itsas Estaziora (PiE-UPV/EHU)” lezioa irakurri du. Bestetik, Ionan Marigomezek, Zelula Biologiako katedradunak eta PiEko zuzendariak, “Un planeta que debiera llamarse Océano” lezioa irakurri du.

Erakundeen ordezkaritza zabala

Ekitaldian izan dira Imanol Pradales lehendakaria; Unibertsitate, Zientzia eta Berrikuntza sailburua, Juan Ignacio Pérez Iglesias; Eusko Legebiltzarreko presidentea, Bakartxo Tejeria; Leioako alkatea, Iban Rodríguez; Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusia, Elixabete Etxanobe; Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Ana Otadui; Gobernuaren ordezkaria, Marisol Garmendia; eta Arartekoa, Manuel Lezertua. Era berean, bertan izan dira Juan José Etxeberria eta Bixente Atxa ere, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko errektoreak, hurrenez hurren; eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko idazkari nagusia, Roldan Jimeno, eta Nafarroako Unibertsitateko eta Euneizeko ordezkariak ere bai.

Gainera, Manuel Montero eta Iñaki Goirizelaia joan dira, erakundearen errektore ohiak, baita bizitza akademikoaren, gizartearen eta ekonomiaren arloko eta Legebiltzarreko alderdien ordezkari ugari ere.

2024-2025 ikasturteari buruzko datuak

Aste honetan hasi dituzte eskolak UPV/EHUk 2024/2025 ikasturte honetan eskaintzen dituen 108 graduetako 35.700 ikasle inguruk; gradu horien artean dago Logopediako Gradu berria. Era berean, dagoeneko ikastegietara iritsi dira lehenengo lauhilekoa euskal unibertsitate publikoan ikasiko duten beste unibertsitate batzuetako ikasleak. Mugikortasun programei esker (Erasmus, SICUE, beste norakoak…), Espainiako edo atzerriko unibertsitateetako 2.000 ikasle baino gehiago jasoko ditu Euskal Herriko Unibertsitateak. Aldiz, 2.250 pertsona baino gehiago bidaliko ditu beste unibertsitate batzuetara ikastera. Nabarmendu beharrekoa da UPV/EHUn gradua ikasten duten lau ikasletik batek nazioarteko mugikortasun esperientzia bat izaten duela ikasketetan zehar.

Bestetik, unibertsitateko 100 master baino gehiago eta ia 70 doktorego programa eskainiko ditu Euskal Herriko Unibertsitateak ikasturte honetan, graduondoko ikasketen katalogo zabala osatzen jarraitzera bideratutako berritasun ugarirekin; adibidez, “Industriara Bideratutako Adimen Artifiziala eta Ordenagailu bidezko Ingeniaritza” masterra. Halaber, lurralderako eta funtzio publikorako ikuspegi estrategikotik, gaitasun masterretan, Abokatutza eta Prokuradoretza Masterreko euskarazko taldea osatu da; joan den ikasturtean hasi zuen bidea master horrek.

Era berean, lan merkatuan denbora daramaten pertsonak birgaitzeko prestakuntza eskariari erantzuteko apustua egin du euskal unibertsitate publikoak. Horretarako, etengabeko prestakuntzako titulu kopurua 72ra igotzeaz gain, lehen aldiz, unibertsitateak mikrokredentzialen formatuko prestakuntza eskainiko du, enpresen eta erakundeen beharrari erantzuna emateko.

Irakaskuntzako, ikerketako eta administrazioko zeregin guztiak egiteko, UPV/EHUk 5.500 langile ditu irakasle-ikertzaileen kolektiboan (IRI) eta 1.900 langile administrazio eta zerbitzuetako langileen kolektiboan.