Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak pertsona kalteberenei justiziarako sarbidea errazteko eta borroka politikorako eremu bihur ez dadin lortzeko konpromisoa hartu du

0

San Josék ‘Doluan komunikatzeko eta laguntzeko artea: erantzukizun instituzionala eta komunitarioa’ UPV/EHUren udako ikastaroa inauguratu du

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburu María Jesús San Josék gaur aitortu duenez, bere erronka nagusia justizia borroka politikorako eremu ez bihurtzea da, eztabaida publikoan agertzen denean “pertsonen errealitatearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik” izan ohi delako. Hori dela eta, adierazi duenez, “Euskadin pertsonak eta haien eskubideak babesten arituko gara, borrokarako eremu bihurtu nahi dutenen aurrean”.

San Josék UPV/EHUk Donostiako Miramar Jauregian antolatutako ‘Doluan komunikatzeko eta laguntzeko artea: erantzukizun instituzionala eta komunitarioa’ udako ikastaroaren inaugurazioan parte hartu du gaur goizean. Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidenteak eta Inés Soria Eusko Jaurlaritzako Espetxe Erakundeetako magistratu eta aholkulariak zuzendu dute ikastaroa.

Bere jardunean, pertsona erdigunean jartzeko konpromiso irmoa adierazi du sailburuak, “eskubide zehatz batzuen bermatzaile garelako”. Zentzu horretan, eta Justizia Administrazioa eta Espetxe Administrazioa humanizatzeak duen garrantziari aipamen eginez, “nire helburua izango da Justiziari buruzko eztabaida publikoa berriz ere bere izateko arrazoian zentratzea: eskubideen babesean, kalteberenei zuzendutako ikuspegi berezi batekin”. Horretarako, nabarmendu du beharrezkoa dela “kalitatezko komunikazio-prozesu bat” eraikitzea eta, ondoren, “herritarrei oso mezu zuzena helaraziz” hauxe zehaztea, Euskadin “pertsonen babesean, herritarrei gehien eragiten dieten egoerak ulertarazten eta ulertzen, arazoak konpontzen beste berririk sortu gabe, eta gure instalazioetara joaten direnekin dugun harremana humanizatzen jarriko dugu arreta”, azaldu duenez “ez baikara kasuen eta datuen administratzaile”.

Hori dela eta, ikastaroaren garrantzia azpimarratu du, Justizia administratzen dutenen ekimenez sortua, hau da, Iñaki Subijana EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentearen eta Inés Soria Gobernu Salako karrerako magistratuaren ekimenez, Justizia eta Giza Eskubideen sailarekin bat egin aurretik. San Josék aitortu duenez, “inork ez du errezeta magikorik, ez baitago errezetarik”. Hala ere, ikastaro hau balioan jarri du justiziaren humanizazio-lanean eta diziplina arteko ikuspegian beste urrats bat delako eta, horri esker, profesionalek modu integralean ekin ahal izango dietelako pertsonen beharrei. Ildo horretan, azpimarratu duenez, bere sailak “komunikazioa, elkar aditzea eta laguntza hobetzen ikasteko eta ausartzeko konpromisoa eta beharra du”.

Prebentzioan lan egitea

Arlo sentikorrenen artean, sailburuak aipamen berezia egin dio suizidioak eragindako heriotzari, eta azpimarratu du erakundeek erantzukizuna dutela suizidioaren prebentzioan lan egiteko. Izan ere, “betebeharra ez ezik, erantzukizun instituzionala da ere”, baita erasandako pertsonei laguntzea ere. Horregatik, bereziki azpimarratu du arduradun publikoek kontuan izan behar dutela beti berri edo galera larri batek pertsonarengan duen eragina. “Hori esplikatzen dugun moduak inpaktu erantsia du, pertsonaren egoera emozionala larriagotu dezake. Eta horrek, gainera, prozesu judizial batean egiten duen deklarazioan ere eragina izan dezake, edo harentzat zailagoa izan administraziotik eskatzen dizkiogun erabakiak hartzea”, ziurtatu duenez.

Azkenik, komunikazio-prozesuak etengabe hobetzeko eta egoera traumatikoetan laguntzeko konpromisoa berretsi du sailburuak. Justizia bezalako zerbitzu publiko batek elkar aditzen eta ulertzen ikasi behar du; izan ere, “erruki aktiboak”, neurri zehatzekin batera, lagundu egiten du min edo sufrimendu erantsia saihestuta sistema judizialetik igarotzea. Horrek arlo askotarikoetan prestatzea eskatzen du, “ikuspegi holistiko” bat izatea, pertsonen arrazoibideari eta emozioei modu “integralagoan” heltzea ahalbidetzeko.

Donostia, 2024ko irailaren 12a