Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak agerraldia izan du gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean datozen lau urteotarako bere Sailak finkatu dituen erronka eta helburu nagusiak azaltzeko. Bengoetxea lehendakariordeak esan duenez, kultura, hizkuntza eta kirolaren bidez lortzen diren konexioei esker, euskal gizarteak kohesioa eta nortasuna lantzen ditu. Eragileen arteko konexioak areagotzeko lan egingo duela azaldu du herritarrak Euskadin sortutako kulturaz harro egoteko, euskararen erabilera areagotzeko eta jarduera fisiko gehiago egiteko.
Ibone Bengoetxea lehendakariordearekin batera Eusko Legebiltzarrean izan dira Andoni Iturbe Kultura sailburuordea, Aitor Aldasoro Hizkuntza Politika Sailburuordea eta Gorka Iturriaga Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaria. Bere interbentzioa 4 atal nagusitan banatu du: ideia nagusien laburpena, egoeraren analisia, erronkak eta arlo bakoitzeko ildo-nagusiak.
“KONEXIOAK SORTZEA, GURE ZEREGINIK NAGUSIENA”
“Kulturak, hizkuntzak eta jarduera fisikoak eta kirolak pertsona berriekin lotzen gaituzte eta gaitasuna dute mundu berriekin konektatzeko”. Horrela, eragile desberdinen arteko lankidetza zeharkako lerro bat izango da. Beste zeharkako erronka emakumeen presentzia eta lidergoa aldarrikatzea izango da bai kultura, hizkuntza politika eta kirolean. Azkenik, euskara bera zeharkako lerro bezala ere ulertzen da, “politika publiko guztien kudeaketan integratu” behar delako, esan du. Aldi berean, Bengoetxea lehen lehendakariordeak nazioartekotzeari garrantzia eman dio, izan ere, “munduan egoteak munduan eragitea esan nahi du, nazioarteko dialogoan aktore izatea. Norbererenetik abiatuta unibertsala izateko gaitasuna lantzea da erronka”, aipatu du. Horretarako Etxepare Euskal Institutuaren kultura diplomaziaren garrantzia azpimarratu du, baita EITBrena ere. Azken honi dagokionez, “legealdi honetan indartu“ egin behar dela esan du “bidelagun” izan beharko baita hizkuntza teknologiak garatzeko eta euskarazko edukiak eta produktuak sortzen laguntzeko.
KULTURA
Lehen lehendakariordeak zera defenditu du: “Kultura nortasuna ematen digun elementua da, eta, aldi berean, lotzen gaituena; talde, kolektibo, komunitate baten parte sentiarazten gaituena. Azken finean, kulturak herri egiten gaitu”. Zentzu horretan, herritarren pertzepzioetan eragin nahi duela aipatu du eta “gizarteak Euskadin sortutako kulturaz harro egotea” nahi duela adierazi du. Horretarako lanabesa 2028 Kultura Plan Estrategikoa da. Honek 4 atal nagusitan banatzen du: sorkuntza (artista eta sortzaileei beren talentua garatzeko tresnak erraztea), eskaintzan (sortzen den kultura herritarren esku jartzeko azpiegitura eta konexioak indartu) transmisioa edo ondarea (iraganari etorkizuna ematea) eta digitalizazioa (azken hiru atalak eraginkorragoak egiteko). Hala, sailburuak hurrengo ekimenak azpimarratu ditu:
- Kulturaren euskal sistemaren lege berri bat, eragileen koordinazioa sendotu, gizartearen aniztasuna aintzat hartu eta kultura eskuragarriagoa egitea helburu izango duena.
- Nazio Batuen 2030 Agendan kultura eta hizkuntzarekin lotutako helburua garatuko da.
- Artista eta sortzaileen lan-baldintzak bermatzeko eta hobetzeko proiektu berri eta berritzaile bat onartuko da.
- Euskal sortzaileen mugikortasuna babestea nazioarteko jaialdi, azoka eta foroetan.
- Euskadiko museoen sareko lana bultzatzen jarraitzea, espazioak gehiago koordinatzeko eta, era berean, artearen euskal sistema indartzeko.
- Prestatzen ari diren gazteenen sormen-gaitasunak eta -talentua sustatzea, horiei aholkuak eta laguntza emateko inkubagailuak abian jarriz.
- Irakurketa sustatzeko ekintza-plan bat sustatzea, batez ere gazteei zuzendua.
- Eskualdeak biziberritzeko plan estrategikoetan aktiboki parte hartzea, kultura eta ondaretik balio publiko berriak eta garapen-aukera berriak sortu ahal izateko.
HIZKUNTZA POLITIKA
“Elkarrekin euskararen gizarte-erabilera areagotzeko jauzia” ematea da helburu nagusia. Lehen lehendakariordeak aitortu du euskararen egoera hobea izan daitekela·, baina “emandako aurrerapausoak onartzea eta aitortzea etorkizuneko erronkei erantzunik onena emateko lehen pausoa” dela ere esan du. Ildo honetatik, adostasunaren garrantzia azpimarratu du: “Batera egingo dugu. Guztiok gara beharrezko guztionak diren helburuak lortzeko”. Horretarako erreferentziazko dokumentua AROA Marko Estrategikoan jasotakoak garatuko dituela esan du:
- Edozein dela ere herritarraren egoera, euskaraz gehiago eta errazago ikasteko aukerak handitu: doakotasuneko bideari jarraituko zaio.
- Eskolaz kanpoko ekosistema euskaldunagoa lortu nahi dugu. Horrela, ituna proposatu du “EAEko udalerri guztietan eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz izateko”.
- Ingurune digitalean euskarak leku gehiago izatea. Ikerketa zentro eta enpresen arteko konexioak sustatuko ditu arlo digitalean eta merkatuan euskarak presentzia izan dezan
- Eremu sozioekonomiko publiko zein pribatuan euskaraz lan egiteko aukerak “Adostasun soziopolitikoa lortu behar dugu lan munduan euskarak lekua irabaz dezan”.
- Europan euskararen ofizialtasuna lortzea legealdi honetako beste erronka nagusia da.
Hau posible egiteko beharrezko ikusten du “euskara emozio positiboekin lotzea, liskarrak alde batera utzita”. “Denon indarrak batu eta konektatu behar ditugu”. Horrela, datozen urteetan izango den EUSKARALDIA ekimena izango da, jarrera eta eginkizun horren erakuslea.
JARDUERA FISIKO ETA KIROLA
Lehendakariordeak bi ideia nagusi zehaztu ditu: “Euskadi Europako gizarte aktiboenen artean kokatu nahi dugu eta, aldi berean, kirola Euskadi nazioarteko mapan kokatzeko funtsezko elementua izan dadin lan egingo dugu”. Hala, 5 lan-ildo jarraituko direla azaldu du:
- Jarduera fisikoa osasunarekin lotu: kirol txartelaren ezagutza bultzatu, Mugiment Programa bultzatzen jarraitu eta Jarduera Fisikoaren Euskal Plana garatuko dela aurreratu du.
- Goi mailako kirola. Basque Team zentro berria martxan jarri, e promesak eta talentuentzako ekosistema hobetzea eta euskal kirolarien ibilbide osoaren zehar bidelagun izatea.
- Nazioartekotzea eta selekzioak. Selekzioen ofizialtasunean aurrera egitea erabakitzen duten euskal kirol-federazioei lagunduko zaie.
- Baloreak sustatu. berdintasuna eta ekitatea lortzera bideratutako ekintzak sustatzea.
- Tradizioa: Euskal pilota, herri kirolak edo arrauna kirol estrategikoak dira eta estrategikoki sustatu, bultzatu eta hornitu behar ditugu.
Bengoetxeak Kulturak Euskarak, Jarduera fisikoak eta Kirolak konexioak sortzen dituztela eta hobeto bizitzeko lagungarriak direla adierazi du eta horregatik sendotu, indartu eta zabaldu nahi dituela herritar guztien artean. Helburu honi ekitzeko Legebitzarreko talde guztiekin ere konexio eraginkorrak eta positiboak lortzea espero duenaren ideiarekin bukatu du bere agerraldia.