Mikel Torres Lehendakariordearen agerraldia Legebiltzarrean Sailak aurreikusitako konpromisoak, helburuak eta jarduera-ildo nagusiak azaltzeko

0
PRUEBA

Mikel Torres: “Lehendakariordea naizen aldetik, nire gain hartzen dut Gobernu honen arlo eta proiektu guztiei ukitu sozialista eta aurrerakoia, eskubideak zabaltzekoa, emateko konpromisoa”

 Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak adierazi du  konpromisoa hartzen duela “euskal gizartearen aurrean Jaurlaritza duintasunez ordezkatzeko eta Denis Itxaso, Susana García, María Jesús San José eta Javier Hurtado lankideekin batera gobernu-ekintzari ukitu sozialista emateko, gobernuaren arlo eta proiektu guztiei, politika osoari, ukitu aurrerakoia eta herritarren eskubideak zabalduko dituena emateko”.

Mikel Torresek sailaren ildo estrategikoak aurkezteko Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian adierazi du sozialistek beti jarraitu dituzten parametroekin lan egingo duela: “gizarte-eragile guztien eta euskal gizartea ordezkatzen duten erakundeen parte-hartzea, gardentasuna eta komunikazioa eta gure politikak etengabe ebaluatzeko bokazioa, akatsak zuzentzeko eta eraginkorragoak eta efizienteagoak izateko behar dena hobetzeko”.

Aurreko legegintzaldian bere aurrekoaren, Idoia Mendiaren, taldeak egindako lana aitortu ondoren, “Jaurlaritzaren agenda garrantzitsua denera, kalitatezko enplegua sortzera, hazkunde ekonomikora, zerbitzu publikoak indartzera, kalteberenak babestera, berdintasunera eta gizarte-kohesiora” bideratzea lortuz, ziurtatu du “hurrengo lau urteetarako gure bide-orria ere horixe izango da. Lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua, eta, jakina sozialista naizen aldetik, konpromiso horixe hartzen dut”, adierazi du.

Ondoren, lehendakariordeak sailburuordetza bakoitzaren planak zehaztu ditu, eta pozik agertu da Sailari ekonomiako eskumenak gehitu zaizkiolako. “Ekonomia herritarrengana, enpresa eta ekintzaileengana, langileengana hurbildu nahi dugu, eta, horregatik, garrantzitsua da planifikazio ekonomikoa eta makroekonomia enpresa eta pertsona horien eguneroko lanarekin estu lotuta egotea. Sail honek eginkizun horiek bereganatzeko asmoaren atzean dago, hain zuzen ere, zenbaki handiak errealitate txikietara iraultzea, zifra handiak hobeto ulertzea ETEen, saltokien eta etxeen egunerokotasunean islatuta ikustean”, azaldu du.

Arlo horretan kokatzen dira, halaber, Europako MRR funtsak ere, eta “ahalik eta gehien aprobetxatu behar ditugu”, esan du.  “Sail honen helburua izango da, gure koordinazio-funtzioaren barruan, jarraipena eta ebaluazioa egiten jarraitzea, eta eskumena duten sailei laguntzea Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoko Funtsak ahalik eta gehien aprobetxatzen”, erantsi du.

Lanaren arloan, Mikel Torresek Lan Harremanen Esparru indartsu baten aldeko apustua egin du, “enpresa-proiektu sendoak garatzea” ahalbidetuko duena, “kalitatezko enpleguak sortuko dituztenak, bidezko diru-sarrerekin, lantokian segurtasuna, gizarte-babesa, garapen pertsonalerako eta partaidetzarako ikuspegiak eta aukera-berdintasuna” eskainiko dituena. “Ez da nahikoa enplegu gehiago lortzea, enplegurik onena lortu behar da”, azpimarratu du.

Hori lortzeko, hiru jarduera-ardatz aipatu ditu: legea betetzea, eta, horretarako, lan-ikuskaritza indartzea aurreikusten da; negoziazio kolektiboa eta berrikuntza indartzea, eta sail honek arlo horretan “gizarte eragileekin batera, soldata murriztu gabe lanaldia murrizteko esperientzia pilotua aztertzen jarraituko du, baita telelana eta langileek enpresen erabaki estrategikoetan parte hartzea sustatzen ere”.

Ondoren, zuzentzen duen sailarentzat “tronkala” den gai bat aipatu du: berdintasuna “Lan-merkatuan zeharkako helburua den berdintasuna, sail honetan erabat lotuta dauden oinarrizko bi gaitan gauzatzen dena: berdintasun-planak eta soldata-arrakalaren aurkako borroka”, erantsi du.

Bestalde, “elkarrizketaren, ezberdinen artean akordioak bilatzearen” aldeko apustua ere egin du, “aurrera egiteko modu bakarra” dela erantsiz. Gainera, gizarte-elkarrizketako mahaiaren balioa nabarmendu du, “politika publikoak, bereziki enplegu-politikak, diseinatzean eta abian jartzean oinarrizko tresna gisa finkatu da, eta horren bidez lan-munduko solaskide nagusien adostasuna eta parte-hartze demokratikoa sustatzen dira”, esan du.

Enplegua sustatzeko eta langabezia-tasak jaisteko politikak bultzatzen jarraituko dugu, legegintzaldia amaitzean tasa % 5ean (enplegu betea) izatea nahi baitugu, bai eta egonkorra eta kalitatezkoa izan beharko den enpleguaren, “azken batean etorkizunera begira bizi-proiektu bat izatea ahalbidetuko duen behar bezalako enpleguaren”, aldekoak ere. Beste hainbat neurriren artean aipatu ditu edadismoaren edozein alborapen ezabatuko duen belaunaldien arteko elkarbizitza-plana, erakunde publikoetan eta enpresa pribatuetan pertsona kalteberak, iraupen luzeko langabeak, emakumeak eta 45 urtetik gorako langabeak kontratatzeko eta prestatzeko programa mistoak eta Euskadira talentu berritzailea eta teknologikoa erakartzeko ekintzak.

Azkenik, eskua luzatu die gizarte-eragileei oinarrizko gaietan, hala nola istripuen aurkako borrokan, enpleguari buruzko legea hedatzen edo lan-gatazkak murrizteko konponbideak bilatzen, elkarlanean aritzeko.