2030. urterako Euskadi soldata-arrakala txikiena duten europako herrialdeen artean kokatzeko helburua du Jaurlaritzaren estrategiak

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua Salón de Actos y escudo de Euskadi

Irailaren 18a, Soldata Berdintasunaren Nazioarteko Egunaren bezperan, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak iragarri du «Euskadin soldata-arrakala murrizteko estrategia»-ren hirugarren ekintza planean (2025-2030) Jaurlaritzako sail guztiak inplikatuta egotea aurreikusten duela. Estrategia 2018an onartu zen, eta bigarren ekintza-planean (2022-2025) 9 sailek parte hartu dute. Une honetan, 2022-2025 ekintza-plana garatzen ari da, eta 74 neurri ditu guztira. Horietatik, %80 baino gehiago ezarri dira osorik edo neurri batean.

Emakundek koordinatzen duen estrategia horren helburua da Euskadi soldataarrakala txikiena duten Europako herrialdeen artean kokatzea 2030. urterako. Emakumeek, batez beste, gizonek baino ia 6.000 euro (5.700) gutxiago kobratzen dute urtero. Urteko batez besteko irabazia 35.095 eurokoa da gizonentzat eta 29.314 eurokoa emakumeentzat (INEren 2022 datuak). Beraz, EAEn % 17,8ko soldata-arraila dagoela esan daiteke.

Soldata-arrakala murrizteko erronken artean, Emakundeko zuzendariak honako hauek nabarmendu ditu: “Lanbide-segregazioa murriztea, sexuaren araberako okupazio-segregazioa baita soldata-arrailean gehien eragiten duen faktorea, %35eraino; berdintasunetik eta berdintasunerako hezkuntzan sakontzea, rolak eta estereotipoak gainditzen joateko; gizarte-erantzukidetasuna bultzatzea, gizonen inplikazioa areagotuz; eta zaintzak demokratizatzea, instituzioen, pertsonen eta familien zaintzaren oreka berria lortzeko, lehenengoa indartuz”.