Autogobernua osatzea, administrazioa desburokratizatzea eta modernizatzea eta enplegu publiko egonkorra sortzea dira Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren legegintzaldiko helburu nagusiak

0

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburuak, Maria Ubarretxenak, bere sailari dagozkion 2024-2028 Gobernu Planean jasotako ildo estrategiko orokorrak azaldu ditu gaur Eusko Legebiltzarrean.

Ubarretxenarekin batera, bere lantaldea izan da: Xabier Ochandiano, Erakunde Harremanetarako sailburuordea, Sabino Torre, Araubide Juridikoko sailburuordea, Maite Barruetabeña, Enplegu Publikoko sailburuordea, eta Agustín Zubillaga, Administrazio Digitaleko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordea.

«Administrazioa gizatiartu nahi dugu, sinplifikatuz, eraginkortasunean urratsak egiteko, pertsonei zerbitzu hobea emateko; abangoardian egon nahi dugu, eta erreferenteak izan nahi dugu digitalizazioan, herritarrei eskainitako zerbitzu eta arretan eta gobernantza eredu berrietan; gure lan eredua lankidetza, entzute aktiboan eta parte-hartzean oinarrituz», nabarmendu du sailburuak hitzaldiaren hasieran.

3 helburu nagusi: Autogobernua, desburokratizazioa eta administrazioaren digitalizazioa

Ubarretxena sailburuak nabarmendu duenez, Sailaren lehentasuna autogobernua defendatu, zabaldu eta hobetzea izango da, Euskadiren autogobernua zabaltzeko Gernikako Estatutua osorik betez, transferitzeke dauden eskumenak gauzatuz.

Ubarretxenak azpimarratu duenez, «eskumen berriak izateak zerbitzu hobeak eskaintzea eta pertsonen beharrei eta herrialde gisa ditugun erronkei erantzun hobea ematea ahalbidetuko digu; zenbat eta autogobernu gehiago izan, orduan eta ongizate handiagoa izango dugu».

29 eskumen daude oraindik eskualdatzeko eta horietatik 6 aurreratuago daude; Itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa; Atzerritarren lanerako hasierako baimenak; Itsas Salbamendua; Meteorologia; Makineria Egiaztatzeko Zentro Nazionala eta zinematografia babesteko funtsa. Sailburuak berretsi du konpromiso irmoa eta akordio bat dagoela Gernikako Estatutuan jasota dauden eta egiteke dauden eskumen guztiak eskualdatzeko. Epe laburrean, Itsasertzaren antolamendu eta kudeaketaren eskualdaketarako lanean ari da saila, urtea amaitu aurretik eskumen hori eskualdatuta egon dadin.

«Gainerako eskumenak albo batera utzi gabe, aurrerapausoak emanez lanean jarraituko dugu,  hala nola, portuen eta aireportuen kudeaketari edo Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketari lotuta», adierazi du Ubarretxenak.

Ezarritako beste helburu nagusietako bat Administrazioa desburokratizatzea eta arintzea da. Horretarako, Administrazioa Arintzeko eta Sinplifikatzeko Lege-proiektu bat bultzatuko da, administrazioen arteko elkarreragingarritasun handiagoa lortzeko eta leihatila bakarreko sistema baterantz aurrera egiteko. Ildo horretan, funtsezkoa izango da gainerako erakundeekin, batez ere tokikoekin, harremanak eta lankidetza sendotzea. Eta hori guztia, herritarren arreta hobetzeko, bai aurrez aurrekoa, bai telematikoa. «Epeak murriztu nahi ditugu, izapideak sinplifikatu, egon litezkeen bikoizketak ezabatu eta informazioa pertsonei soilik beharrezkoa denean eskatu; azken batean, Euskadin bizi diren pertsonen egunerokotasuna erraztu nahi dugu», gaineratu du Ubarretxena sailburuak.

Berrikuntza eta eraldaketa digitala erronka bat da, baina, aldi berean, herritarrekin harreman handiagoa eta hobea izateko aukera bat. «Digitalizazioak hobeak izaten lagundu behar digu eskaintzen ditugun zerbitzuei dagokienean, eta zerbitzu horiek era seguru eta errazean eskuratu ahal izan behar dituzte herritarrek” azpimarratu du Ubarretxenak. Horregatik, administrazioa modernizatzeko digitalizazioa bultzatzea da Sailak legegintzaldi honetan lortu nahi duen hirugarren helburua.

Halaber, digitalizazioak inklusiboa izan behar du, arrakala digitala saihestuz. Horretarako, administrazio egoitzen plan bat egingo da, eta herritar guztientzako sarbide puntu digitalak eskainiko dira. Azken batean, pertsonengan zentratutako zerbitzu pertsonalizatuak, digitalizatuak eta elektronikoak eskaintzea da xedea, sarean lan eginez.

Parte-hartze bideak ere indartuko dira, eta datuen gobernantza bultzatuko da. Hori guztia, administrazioaren esku dauden datuak herritarren eskura jartzeko eta gobernu gardenago baterako urratsak emateko. Horretarako, Gardentasunaren Legea egingo da, eta Gardena gardentasun-atariaren edukiak zabalduko dira.

Kalitatezko zerbitzuetarako finkatutako eta prestatutako giza baliabideak

Sailburuaren hitzetan, «urtea administrazio orokorreko 3.400 langile inguruko lanpostuak finkatzearekin amaituko dugu, eta datorren urtean lekualdatze lehiaketari ekingo diogu, ondoren, enplegu eskaintza publiko egituratuen etapa berri bati ekiteko». Azken helburua bitartekotasuna % 8tik behera murriztea da. Belaunaldien arteko prestakuntza eta errelebo planak ere lehentasunezkoak izango dira aurreikusitako erretiroei aurre egiteko, ezagutza bermatuz eta administrazioari profil berriak gehitzeko.

Era berean, Ubarretxenak iragarri du Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan langile publikoen lan baldintzak jasotzen dituen 2010eko Testu Arauemailea berraztertuko duela.

5 lege berri

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak legegintzaldi honetan bost lege berri aurkeztuko ditu Eusko Legebiltzarrean, eztabaidatu eta, ondoren, onar ditzaten:

  • Gardentasun Legea
  • Administrazioa Arintzeko eta Sinplifikatzeko Legea
  • Bilboko Aduanetako Agente eta Komisio hartzaileen Elkargoa Desagerrarazteko Legea
  • Kriminologiako Elkargo Profesionala sortzeko Legea
  • Ingurumen-adituen Elkargoa sortzeko Legea

Eta Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordearekin hainbat proposamen partekatuko dira, Euskal Zuzenbide Zibila Sendotzeko eta Integratzeko eta Euskal Ondare Zuzenbidearen arloko berezitasunei eta Familiaren Ondare eta Enpresa defentsari erreparatzeko.

Azken bi hauek, garrantzi handikoak dira etxebizitza, haurtzaro edo industriarekin zerikusia duten hainbat legeren egokitzapena ekar lezaketelako. Lege horien bidez, adibidez, belaunaldien arteko erreleboa lehen sektoreko jarduera ekonomikoetan bultzatu nahi da, eta Euskadiko enpresek lurraldean duten errotzea hobetu eta deslokalizazioa saihesteko tresna berriak izatea sustatu nahi da.

Legegintzaldi honetako 10 ekimen garrantzitsuenak

Aurretik aipatutako legeez gain, honako hauek dira Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak legegintzaldi honetan gauzatuko dituen ekimenik garrantzitsuenak:

  1. Gernikako Estatutua osatzea eta Euskadiko Estatutu Itun berria babestea
  2. Erakundeen arteko elkarreragingarritasuna: leihatila bakarraren eredua.
  3. Zerbitzu digitalen eta izapide elektronikoen eskaintza handitzea.
  4. Egoitzen plana, kalitatezko arreta pertsonalizatu eta digitalizatua eskaintzeko.
  5. Administrazio guztientzat amankomuna izango den herritarren karpeta martxan jartzea.
  6. Egonkortze prozesuak amaitu eta enplegu eskaintza publiko egituratuen aro berriari hasiera ematea.
  7. Gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioei dagokienez (idazkariak, kontu-hartzaileak, diruzainak) Euskadik dituen eskumenak arautzeko dekretua.
  8. Eusko Jaurlaritzako langileentzako sarbide, prestakuntza eta belaunaldi errelebo politika berriak.
  9. LTDa hedatzeko ekipoen berritzea eta IoTko Sare Publikoa hedatzea.
  10. Administrazioaren eraldaketa digitalerako estrategia ezartzea.