Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 11,6 milioi euro emango ditu EREIN programan, Euskadiko landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko laguntzetan

0
  • 146 dira udalei eta administrazio-batzarrei emandako dirulaguntzak
  • Besteak beste, proiektu hauetara bideratuak: hornidura-sareak handitzea, plazak eta kaleak berriz urbanizatzeko zerbitzuak berritzea, eguzki-argiak instalatzea edo teleirakurketa, digitalizazioa eta sektorizazioa duten etxeko kontagailuak instalatzea

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak dagoeneko argitaratu ditu tokiko erakundeek EREIN programaren barruan Euskadiko landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko laguntzak eskuratzeko egindako eskaeren ebazpena. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalei eta administrazio-batzarrei 146 dirulaguntza eman zaizkie; guztira, 11.657.920 euro. Horietatik, Eusko Jaurlaritzak 7.503.405 euro ematen ditu, eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF-FEADER), 4.154.515 euro.

Laguntzak, besteak beste, proiektu hauetara bideratuta daude: hornidura-sareak handitzea, plazak eta kaleak berriz urbanizatzeko zerbitzuak berritzea, eguzki-argiak instalatzea edo tele-irakurketa, digitalizazioa eta sektorizazioa duten etxeko kontagailuak instalatzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 64. zenbakiak, 2024ko apirilaren 2koak, argitaratu zuen 2024´ko martxoaren 5eko agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko (Erein programa) laguntzen deialdia egiten zuena.Eskaerak aztertu eta Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako teknikariek deialdiaren 9. oinarrian aipatzen den txostena egin ondoren, Balorazio Batzordeak espedienteen ebaluazioaren ondorio den txostena egin zuen.

Hori guztia kontuan hartuta, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzak laguntza emateko eta ukatzeko behin betiko ebazpenaren proposamena egin du, dirulaguntzen hartzaile izateko proposatzen den eskatzaile-zerrenda, horren zenbatekoa, ebaluazioa, ebaluaziorako erabili diren balorizazio-irizpideak eta ukatzeko arrazoiak adierazita.

Exekuzio-epeak

Jarduerak eta inbertsioak gauzatzeko epea, beranduenez, 2025eko abenduaren 31n amaituko da, eta 2024´ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako proiektuen inbertsioak eta/edo gastuak soilik hartuko dira diruz lagundu daitezkeen kostutzat. Salbuespen gisa, gauzatzeko epe hori luzatzen duten luzapenak eman ahal izango dira baldin eta luzatze hori behar bezala justifikatzen bada eta jarduerak eta/edo inbertsioak amaitu behar ziren eguna baino hilabete lehenago eskatzen bada.

Onartutako proiektua aurreikusitako epeetan gauzatzen ez bada edo gauzatzea egiaztatzeko dokumentazioa epe berean aurkezten ez bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta, hala badagokio, itzultzeko prozedura hasiko da.

Dirulaguntza jaso duen proiektua eta dirulaguntza ematea eragin duten baldintzak eta betekizunak ez betetzeak, eta, batez ere, diruz lagundutako inbertsio eta gastuei, gauzatzen direnetik aurrera, 5 urtez gutxienez ez eusteak, laguntzak bertan behera uztea eta, hala badagokio, eskuratutako kopuru osoa edo haren zati bat itzultzea ekarriko du.

Raúl Pérez Iratxeta Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak zehaztu duenez, 146 dirulaguntza onartu zaizkie udalei eta administrazio-batzarrei hornidura-sarea handitzeko proiektuetarako, besteak beste, plaza eta kaleak berriz urbanizatzeko zerbitzuak berritzeko, eguzki-argiak instalatzeko, hargune-hodien azpiegituretarako, erabilera anitzeko gizarte-zentroa eta udalbatza-aretoa eraikitzeko eta industrialdean hiri-espazioak birgaitzeko proiektuetarako.

Horrez gainera, erabiliko dira energia birgaitzeko, konponketetarako, kirol-eremuan kanpoko pistak zaharberritu eta zabaltzeko, gizarte-zentroko estalkia zaharberritzeko, eremu publikoa egokitzeko eta euri-uren sare eta ur-hargune berriak gauzatzeko, tele-irakurketa, dijitalizazioa eta sektorizazioa duten etxeko kontagailuen sistema instalatzeko, elkargune publiko bat sortzeko eta bero-sarerako beroa biomasa bidez sortzeko.