Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 2.332.000 euro bideratuko ditu nekazaritzako elikagaien eta zuraren balio-kateen berrikuntzarako laguntzetara

0

Nekazaritzako elikagaien eta basogintzaren sektoreen produktibitate eta jasangarritasunera eta nekazaritzaren, nekazaritzako elikagaien eta landa-ingurunearen modernizaziora bideratuak

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aginduari, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako elikagaien eta zuraren balio-kateetan, lankidetzaren bidez, berrikuntza ezartzeko 2024ko laguntzen deialdiaren oinarriak ezartzeko denari.

Deialdian aurreikusitako laguntzak finantzatzera 2.332.000 euro bideratuko dira, eta Euskadiko Aurrekontu Orokorren eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kargura finantzatuko dira.

Funtsak honela banatuko dira: Euskadiko aurrekontuen kargura 774.240 euro eta LGENF funts komunitarioaren kargura 1.557.760 euro, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ordaintzaileak egingo dituen ordainketen bidez aplikatuko direnak.

Hiru laguntza-lerro 

Hiru laguntza-lerroen artean, AEI Agri elkarteko talde operatiboek berrikuntza-proiektuak gauzatzera bideratutakoek, nekazaritzako elikagaien eta basogintzaren sektorearen produktibitatera eta jasangarritasunera zuzendutakoek, arreta ekoizpen-katean jartzen dute, lehen sektorearen eta landa-eremuen trantsizio berde eta digitalerako aldaketa-palanka moduan.

Talde operatiboek NPBren zeharkako helburuari eta bere helburu espezifiko bati edo gehiagori erantzun beharko diete. Zehazki, nekazaritza- eta landa-eremuak modernizatu nahi dira, nekazaritza- eta landa-eremuetan ezagutza, berrikuntza eta digitalizazioa sustatuz eta partekatuz, eta nekazariek barneratu ditzaten bultzatuz, ikerketarako, berrikuntzarako, ezagutzak partekatzeko eta prestakuntzarako sarbidea hobetzearen bidez.

Bigarren laguntza-lerroa lankidetza-taldeek berrikuntza-proiektuak gautzearekin lotuta dago, nekazaritza, nekazaritzako elikagaigintza eta landa-ingurunea modernizatzeko beharrezkoak diren testuinguru-baldintzak sortzen laguntzeko.   

Garapena 

Eskaerek NPBren helburu hauetako bat bete beharko dute gutxienez: nekazaritza-ustiategien merkaturako orientazioa hobetzea eta lehiakortasuna handitzea, epe laburrean eta luzean, ikerketari, teknologiari eta digitalizazioari arreta handiagoa eskainita; nekazariaren posizioa hobetzea balio-katean; klima-aldaketara egokitzen eta klima-aldaketa arintzen laguntzea, baita berotegi-efektuko gasen emisioak murriztuz eta karbono-bahitzea hobetuz ere; eta garapen jasangarria eta baliabide naturalen (uraren, lurzoruaren, airearen) kudeaketa efizientea sustatzea, bereziki mendekotasun kimikoa murriztearen bidez.

Era berean, beste helburu batzuk izango dira biodibertsitatearen galera geldiarazten eta iraultzen laguntzea; zerbitzu ekosistemikoak bultzatzea eta habitatak eta paisaiak kontserbatzea; enplegua, hazkundea eta genero-berdintasuna sustatzea, emakumeek nekazaritzan, gizarteratzean eta landa-eremuetako tokiko garapenean parte hartzea barne, horien artean bioekonomia zirkularra eta basogintza jasangarria; Europar Batasuneko nekazaritzak elikaduraren eta osasunaren arloko gizartearen eskaerei ematen dien erantzuna hobetzea, bereziki modu jasangarrian ekoitzitako kalitate oneko elikagai seguru eta nutritiboen eskaera barne, elikagai gutxiago alferrik galtzea, animalien ongizatea hobetzea eta antimikrobianoen aurkako borroka; eta sektorea modernizatzea nekazaritzan eta landa-eremuetan ezagutza, berrikuntza eta digitalizazioa sustatuz eta partekatuz, eta horiek ezartzea bultzatuz.

Laguntzak, landa-garapeneko basogintza-eremuarekin edo nekazaritzakoak ez direnekin zerikusia duten talde operatiboen eta lankidetza-taldeen proiektuei dagokienez, Europako Batzordearen erregelamenduan ezarritako gutxieneko erregimenari atxikiko zaizkio.