Donostiako Udalak bi plaka jarriko ditu Antonio Pastor eta Moisés Corderoren omenez

0

Bi guardia zibilak ETAren biktimak izan ziren duela 45 urte, eta datorren larunbatean gogoratuko dira Herrerako pasealekuan

Donostiako Udalak bi plaka jarriko ditu larunbatean, irailak 21, Antonio Pastor eta Moises Corderoren omenez, ETAren biktimak 1979an. Honekin 29 izango dira Udalak Donostian terrorismoaren eta bortizkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko ekimenaren barruan jartzen dituen plakak. Ekimen hau duela bi legealdi jarri zen martxan.

Ekitaldia datorren larunbatean, irailak 21, izango da, 12:00etan, Herrerako pasealekuko 9. zenbakian (Altza). Plakak jartzeko beste ekitaldiekin egin den bezala, omenaldi xumea egingo da. Bertan, Donostiako alkate Eneko Goiak, udal taldeetako ordezkariek eta biktimen senideek parte hartuko dute.

Antonio Pastor Martín, 24 urtekoa eta Palentziakoa, eta Moisés Cordero López, 54 urtekoa eta Isla Cristinakoa (Huelva), Guardia Zibileko kideak ziren eta Herrerako kuartel-etxean zeuden destinatuta. 1979ko uztailaren 28ko gauean, kuartelaren atarian hirugarren guardia zibil batekin zeudela tirokatu zituzten ibilgailu batetik. Hirugarren hori ere tiroz zauritu zuten. Ordu batzuk geroago, Pastor eta Cordero ospitalean hil ziren.

Terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak oroitzeko plakak

Horrenbestez, Udalak hirian terrorismoaren eraginez eta oinarri politikoko bortizkeriagatik bizitza galdu zuten pertsonen memoria berreskuratzeko eta gune publikoan ikusarazteko ekindako bidearekin jarraitzen du.

Orain arte, segidako pertsonak oroitzeko honako plakak jarri dira erailak izan ziren tokietan:

  • ETA: Juan Maria Araluce, José María Elícegui Díez, Antonio Palomo Pérez, Luis Francisco Sánz Flores, Alfredo García González, Gregorio Ordóñez Fenollar, Francisco Martín González, Fernando Múgica Herzog, Rafael Garrido Gil, Daniela Velasco Domínguez de Vidaurreta eta Daniel Garrido Velasco, Miguel Paredes eta Elena Moreno, Eugenio Olaciregui Borda, Francisco Javier Gómez Elosegi, José Ángel Santos, Josu Leonet, Juan de Dios Doval Mateos, Miguel Ángel Iñigo Blanco, Juan Antonio Marcos González, Manuel Orcera de la Cruz
  • Komando Autonomo Antikapitalistak: Enrique Cuesta, Antonio Gómez eta Juan Manuel García Cordero
  • DRIL: Begoña Urroz Ibarrola –
  • Batallón Vasco Español: Mari Jose Bravo del Valle
  • Poliziaren ekintzak eragindako biktima: Joseba Baradiaran Urkola