Eusko Legebiltzarrean Segurtasun sailak XIII. Legealdirako dituen ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur Sailburuak
Bingen Zupiria sailburuak XIII. legegintzaldirako Segurtasun sailean aurreikusitako konpromisoen, helburuen eta jarduera-ildo nagusien berri eman du gaur Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasunaren Batzordean. Sailburuarekin batera izan dira Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea, Ricardo Ituarte Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea, Miren Dobaran Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendari Nagusia eta Joana Egiluz, egitura berrian sailburuorde izango den aholkularia. Bere agerraldian, Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak, Gobernu Programak jasotzen duen bezala, segurtasuna zerbitzu publiko bat dela azpimarratu du, herritarrei zerbitzurik onena ematea helburu nagusi duena. Zupiriak gaineratu duenez hori lortzea “ez da Gobernuaren lana bakarrik, guztiona da. Guztion helmuga delako, herritarren ordezkari garen heinean, bizikidetza demokratikoa, askatasuna eta herritarren bizimodu lasaia bermatzea”.
Euskadiko Segurtasun Publikoko 2026-2030 plana
Gaur egungo Euskadiko Segurtasun Plana 2025era arte egongo da indarrean eta beraz, plangintza hori itxi eta ebaluatzeko garaia dela azaldu du gaur Eusko Legebiltzarrean Segurtasun sailak. Diagnosi berri horrekin Euskadiko Segurtasun Publikoko 2026-2030 Plan Nagusi berria diseinatu beharko da. Plan horrek, sailburuak gaur azaldu duenez, “gizarte gisa aurrean ditugun arrisku eta mehatxuen gaineko gogoeta eguneratzeko eta erronka berriei aurre egiteko behar diren bitarteko eta baliabideak jorratzeko” balioko du. Legegintzaldiko “proiektu estrategiko handienetako” bat izango denak datozen urteerako ildoak, ekimenak eta ekintzak zehaztuko ditu “hurrengo hamarkadako erronkei berme osoz aurre egiteko”, “segurtasunaren ikuspegi zabal eta osoarekin”, Zupiriak azpimarratu duenez.
Ertzaintzak segurtasunaren ikuspegi zabal horren kudeaketan duen garrantzia azpimarratu du Zupiriak. Ertzaintza da, Zupiriak esan duenez, “euskaldunen zaintzaz arduratzen den euskal polizia” eta autogobernuaren ikur nagusietako bat dela gogoratu du: “gure autogobernu-tradizioari lotutako erakundea da beraz Ertzaintza eta gure autogobernu-nahiari erantzuten dio”. Sailburuak gaineratu duenez, “gure esku dagoen guztia egingo dugu Ertzaintzaren profesionaltasuna sustatu eta zaintzeko, ahalik eta herritarrik gehienen atxikimendua izan dezan”.
Arkaute
Segurtasuneko sailburu Bingen Zupiriak gaur Eusko Legebiltzarrean azaldu duenez, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia izango da euskal polizia eta larrialdi sistema osoaren erreferentziazko eskola. “Gure gizartea aldakorra eta konplexua da eta Arkauteren eginbeharra da gizartean unean-unean sortzen diren arazo eta erronken aurrean errespetuz, profesionaltasunez eta era arduratsuan jokatuko duten profesionalak eta ekipoak prestatzea” azaldu du Sailburuak. Horretarako arlo bakoitzeko profesionalik egokienak erabiliko ditu Arkautek segurtasunaren eta larrialdien profesionalen hasierako prestakuntzan eta prestakuntza iraunkorrean aritzeko “herritarrak erdigunean jarri eta gizarte osoaren beharrizanei era bikainean erantzuten dieten profesionalak prestatzea delako gure helburu nagusia” azpimarratu du Zupiriak.
Prebentzioa
Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasunaren Batzordean egindako agerraldian, Segurtasuneko sailburuak azpimarratu du Euskadi Herri segurua dela, baina gaineratu duenez salatutako delituen kopuruak gora egin du azken urteetan, bai eta herritarren segurtasun-gabeziaren sentsazioak ere. Zupiriak azpimarratu du beharrezkoa dela pertzepzio horri beste erronka bat bezala aurre egitea: «Euskadin segurtasun-sentsazioa areagotzea ere gure lana da».
Zupiria sailburuak gogorarazi du Ertzaintzak konpromiso sendoa duela delituen prebentzio- eta jazarpen-lanekin, eta «delituak egiten dituenaren zigorgabetasuna» saihesteko lan egiten duela. «Euskal gizartea etengabe ari da eboluzionatzen. Bizi garen gizartea ez da 80ko edo 90eko hamarkadakoa. Ertzaintzak ere etengabeko bilakaeran egon behar du eta zerbitzua ematen dion gizartean gertatzen diren aldaketetara egokituta egin behar du aurrera» azpimarratu du Zupiriak Eusko Legebiltzarrean.
Horri guztiari aurre egiteko prebentzioaren garrantzia azpimarratu du Segurtasuneko Sailburuak, “askoz eraginkorragoa delako prebentzioa hobetzeko lan egitea, gertakariei aurre egitea baino” adierazi du. “Lan asistentzialaren, laguntzearen filosofiak egon behar du Ertzaintzaren DNAn. Aukera ezin hobea da herritarrei edonoiz, edonola eta edozertan laguntzeko prest gauzkatela erakusteko” azpimarratu du Zupiriak.
Ekimenak
Eusko Legebiltzarrean XIII. Legealdiko Gobernu Programan azpimarratzen diren konpromisoak ere azaldu ditu Bingen Zupiria sailburuak eta konpromiso horiei erantzuna emateko aurrera eramango diren ekimen batzuk azpimarratu ditu, besteak beste:
- Ertzaintzaren egitura hobetu eta modernizatzea:
- Ertzaintzaren egungo egitura euskal gizarteak eskatzen dituen erronka berrietara egokitu, talde eta erakunde kriminalek teknologia berriak erabiltzean sortzen ari diren mehatxuei aurrea hartzeko eta erantzuteko beharrizanekin bat etorriz, ertzainen prestakuntza eta espezializazioa berrituz.
- Ertzaintzari tresna teknologiko berriak eman, pertsonei ematen zaizkien zerbitzuak optimizatzeko
- Ertzaintzaren uniformeak berritu, haren irudia modernizatuz eta agenteen segurtasuna, mugikortasuna eta erosotasuna hobetuz, genero-ikuspegiarekin.
- Ibilgailuak berritzea
- Euskal Polizia eta Larrialdietako Euskal Sarea autonomia-erkidegoko, estatuko edo nazioarteko beste erakunde eta entitate batzuekin integratzea ahalbidetuko duten sistemetan aurrera egitea.
- Zerbitzua hobetzea eta eguneratzea, egungo errealitate kriminologikoaren ildotik:
- Ertzaintzan ziberintelingentzia sustatzea.
- Ertzaintzan zibersegurtasuna koordinatzeko buruzagitza bat sortzea.
- Zibersegurtasunaren aldeko Euskal Ituna sustatzea, Euskadi «ziber erresiliente» bihurtzeko eta gaur egun Europan erreferentzia gisa duen posizioa indartzeko.
- Cyberzaintzak alertak atzeman eta gertakariei aurre egiteko duen gaitasuna indartzea.
- Genero-ikuspegia duen segurtasun-sistema bat garatzea:
- Etxe barruko indarkeria eta genero indarkeriaren aurkako EBA sistema eta Barne Ministerioaren VIOGEN elkarlotzea.
- Udaltzaingoekin Koordinazio Protokolo bat ezartzea, genero-indarkeriaren arloan erantzun bateratuak emateko gaitasuna hobetzeko.
- EBA sistema balorazio berrietara egokitzea, indarkeria matxistako kasuak identifikatu eta aurreikusi ahal izateko.
- Emakumeak Indarkeria Matxistaren Aurrean Babesteko Plan Estrategikoa abian jartzea (eBABES SAREA).
- Segurtasun integrala eta interkonektatua lortzea:
- Euskadiko Segurtasun Publikoko 2026-2030 Plan Orokor berria garatzea
- Portuak eta kostaldea babesteko eskumenak gauzatzea, azken Segurtasun Batzordean ezarritako mugen barruan.
- Nazioarteko informazio-iturrietarako sarbidea erraztea.
- Euskadiko polizia-kidegoen arteko koordinazioa hobetzea eta Ertzaintzaren eta Udaltzainen artean partekatutako polizia-informazioko sistema bat ezartzea.
- Udaltzaingoak 112 telefonoan segurtasunean eta larrialdietan berehala erantzuteko polizia-agentzia gisa sartzea.
- Ikerketa-espezializazioa eta bide-segurtasuna sustatzea:
- Bide-segurtasuneko espezialisten prestakuntza bultzatzea, trafikoko lurralde-unitateak arlo horretan espezializatutako baliabideak edukitzeko.
- Euskadiko Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorreko 2026-2030 Plan Estrategikoa diseinatzea.
Segurtasun Sailaren ildo estrategikoak aurkezteko agerraldian, Zupiria sailburuak konpromisoa hartu du Ertzaintzaren Laneko Baldintzen Akordioari buruzko elkarrizketa eta ituna bultzatzeko eta «talanterik onenarekin eta dedikaziorik handienarekin» ekiteko.
Halaber, sailburuak azpimarratu duenez, «denon artean modu aktiboan entzun eta elkarlanean arituz, Ertzaintzaren irudia indartzea lortuko dugu, segurtasuneko euskal zerbitzu publikoaren funtsezko tresna baita».
Eusko Legebiltzarraren agerraldia baliagarria izan da, halaber, Segurtasuneko sailburuak gogora ekar dezan Estatuak berehala eskualdatu behar dituela «meteorologia-zerbitzuekin» zein «itsas salbamenduarekin» lotutako bitartekoak eta zerbitzuak. Era berean, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak segurtasun pribatuaren arloko negoziazioari ekiteko asmoa duela Segurtasun Batzordearen esparruan, hau da, segurtasunaren arloko koordinaziorako Estatuarekiko aldebiko harreman-foroaren esparruan.