«Oinarrizko eskubideen defendatzaileek aurre egin behar dioten jazarpen sistematikoaren inguruko beste gertakari bat da»
Giza Eskubideen eta Biktimen zuzendari Jagoba Álvarezek Hondurasen gertatu den Giza Eskubideen defendatzaile Juan Lopezen hilketa “irmoki” gaitzetsi du. María Jesús San José sailburuak zuzentzen duen Sailaren doluminik «zintzoenak» helarazi dizkie Juan Lópezen familiari eta ingurukoei, baita giza eskubideen defentsan eta justizia bilatzen egunero «modu nekaezinean» lan egiten duten erakunde eta entitate guztiei ere. Hilketa hori «deitoratzeaz» gain, «oinarrizko eskubideen defendatzaileek aurre egin behar dioten jazarpen sistematikoaren inguruko beste gertakari bat» dela esan du.
Juan López Giza Eskubideen defendatzailea, ingurumenaren defendatzailea eta Tocoa udalerriko (Honduras) Ondasun Komunen eta Publikoen Batzordeko koordinatzailea zen, eta duela gutxi udalerri horretako erregidore aukeratu zuten. Juan tiroz hil zuten ezezagun batzuek joan den igandean, bere ibilgailuaren barruan zegoela.
Jagoba Alvarezek deitoratu duenez, «Juanen izena gehitu behar da justiziaren eta ekitatearen alde egindako lan nekaezinean bizia galdu duten giza eskubideen defendatzaile ausarten zerrenda luze batera». Testuinguru mingarri horren aurrean, Justizia eta Giza Eskubideen Sailak justiziaren alde bizia arriskuan jartzen dutenak babesteko duen konpromisoa berretsi du, eta gogorarazi du joan den astelehenean, Giza Eskubideen eta Biktimen Zuzendaritzaren bitartez, Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programarako hautagaitzak aurkezteko epea ireki zela. «Euskal erakunde, elkarte eta GKE guztiak beren hautagaitzak aurkeztera animatzen ditugu, giza eskubideen alde bizia arriskuan jartzen dutenei babesa emateko, egunen batean horrelako krimenak gehiago gerta ez daitezen», esan du amaitzeko.