Osakidetzak familia-medikuak berreskuratu ditu Berrizko Kontsultategian

0
PRUEBA

Osakidetza ahalegina egiten ari da Euskadiko lehen mailako arretako osasun-zentroetan betetzen zailak diren plazak betetzeko. Zentzu horretan, eta Berrizko eta Garaiko guneari lehentasunezko soluzioa emateko, Osakidetzako zuzendaritzak, Susana López Altuna zuzendari nagusia buru zela, eta Maite Martínez Asistentzia Sanitarioko zuzendariak, Josune Retegi Giza Baliabideetako zuzendariak eta Xabier Ibarzabal Ekonomia eta Finantzako zuzendariak lagunduta, bilera bat egin du Durangaldeko herri horietako alkateekin —Orlan Isoird eta Erramun Osa—, egungo egoera eta etorkizuneko planak azaltzeko eta eskualdeko osasun-laguntza hobetzen aurrera egiteko.

Bileran, Osakidetzak jakinarazi die osasun-zentro horri dagozkion medikuak berreskuratuko dituela, urriaren 1ean beste mediku bat lanean hasten denean. Beraz, osasun-zentro horri dagozkion Familiako eta Komunitateko Medikuntzako 3 plazetatik 2 beteta egongo dira. Horietako bat, gaur egun, ordezko mediku batek betetzen du, titularraren ustekabeko baja baten ondorioz. Gainera, aurreratu diete Berrizko kontsultategiari dagokion hirugarren plaza BAME berriak kontratatzea barne hartzen duen iraileko Familiako eta Komunitateko Medikuntzaren eskaintzan sartuta dagoela. Osakidetza plaza hori betetzen saiatuko da, 4.500 biztanle inguru artatzen duen zentro horretako medikuen plaza guztiak betetzeko.

Berrizko kontsultategiko Familiako eta Komunitateko Medikuntzako espezialistez plazak betetzeko orduan une honetan gertatzen ari diren aldaketak Osakidetzako langileen plazak finkatzeko prozesuaren ondorio dira; zehazki, 2020ko, 2021eko eta 2022ko EPEetako lanpostuak berrezartzeko eta egonkortzeko plazak esleitu aurreko lekualdatze-lehiaketaren ondorio.

Osakidetzak, gainera, Garaiko bizilagunen osasun-laguntza hobetzeko lanean jarraitzeko konpromisoa agertu du; izan ere, alkatetzak eta Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendaritzak uste dute lehen mailako arretak hurbilekoa izan behar duela, udalerri bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuta.