Ingelesen Hilerriko paisaia leheneratzeko lanak hasiko dira

0
PRUEBA

Jarduerak 30.000 €-ko aurrekontua du eta hiru astez luzatuko da

Aste honetan hasiko dira Ingelesen Hilerriko paisaia hobetzeko lan batzuk Urgull mendian.

Carlos García Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak adierazi duenez, “donostiarrek estimu handia dioten leku horietako bat da hau, eta itxura hobetzeko esku-hartze bat behar du. Momentuz, ez da hilobietan eta hilerrian nagusitzen den monumentuan esku hartuko. Beraz, lanen helburua da bidexkak hobetzea, neurriz kanpo hazi diren landare zein sastrakak kentzea eta zuhaitzak egokitzea, Urgulleko txoko horri benetan duen garrantzia itzultzeko”.

Hilerria inauguratu zenetik ehun urte igaro diren honetan, jarduketa honen bidez inguru horretatik kenduko dira hilda dauden edo nolabaiteko arriskua sortzen duten zuhaitzak. Bideak eta espazioak mugatzen dituzten heskai linealen ordez zuhaixkak eta hortentsia zein antzeko landareak landatuko dira, multzoari itxura apainagoa emateko. Era berean, hilerriko zuhaitzen adaburuak azpitik soilduko dira, espazioari argitasun handiagoa emateko, eta, aldi berean, inguruko zuhaitzen adaburuen tamaina murriztuko da, hilerrira argi natural gehiago sar dadin. Gainera, argi naturalik ez dagoelako belarrik hazten ez den eremuetan, ziklamen eta nartziso erraboilak landatuko dira.

Garcíak adierazi du hilerriko bidexkak ere hobetuko direla. “Bidexka oso estuak dira eta arazo asko dituzte, bai lurraren irregulartasunagatik, bai bertan sustraiak hazten direlako eta arroka txikiak daudelako. Bide horiek hobetu egingo dira: lurra berdinduko da eta pixka bat zabalduko dira; eta, aldi berean, baranda-funtzioa betetzen duten heskaiak ere berrituko dira”.

Beste hobekuntzetako bat hau izango da: egurrezko 4 banku jarriko dira, bisitariei atseden hartzeko aukera emango dietenak, aldi berean hilerrira eta itsasora begira dauden bitartean. Eta hain zuzen ere, horretarako izango da garrantzitsua zuhaitzen adaburuak azpitik soiltzea, hilerria eta itsasoa hobeto ikusteko.

Jarduketak 30.000 euroko aurrekontua du eta hiru astez luzatuko da. Horrez gain, harrien artean hazi diren zuhaitzak eta zuhaixkak kenduko dira, baldin eta, haien garapenagatik, arrokak apurtu badaitezke, eta ondorioz, arriskua sortzen bada. Ildo horretan, sasiak eta sastrakak garbituko dira, hilerriaren egoera hobetzeko.