Lehendakariak: «Gure burua nabarmendu egin behar dugu, Euskadi eraldatzeko eta hobetzeko industria- eta teknologia-inbertsioak erakartzeko dugun ahalmena landu»

0

«Euskadiren eraldaketa teknologikoa eta industriala ahalbidetuko duen jauzi kualitatibo bat eman behar dugu». Irmo mintzatu da  Imanol Pradales Lehendakaria gaur goizean Mikel Jauregi Industriako sailburuarekin batera Gasteizko Mercedes-Benz lantegi berrira egindako bisitan.

«Erabaki ausartetan» oinarritutako jauzia, euskal industria kanpora begira erakargarriagoa izan dadin, non Pradalesek ziurtatu duen «funtsezko papera» dutela Mercedes bezalako enpresek, traktoretzat jo baitu. «Mercedesek Gasteizko lantegi honetan egiten dituen inbertsioak ez dira bakarrik iristen Euskadira», azpimarratu du.

Hala, lantegiaz azpimarratu duenez, «lankidetza publiko-pribatuaren adibide handia da», eta bere «lanaren kultura» eta «elkarrizketan, negoziazioan eta akordioan oinarritutako» lan-harremanen eredua aitortu ditu, egonkortasun soziolaboral iraunkorra ahalbidetzen baitute. Enpresa-eredu horrek erakusten dituen lehiatzeko gaitasuna, deskarbonizazioaren aldeko apustua eta jasangarritasuna ere nabarmendu ditu, eta, Imanol Pradalesen hitzetan, hori da euskal industriak jarraitu beharreko bidea.

Euskal industriaren erakarpen-gaitasuna indartzea

Gainera, industriak historikoki Euskadin izan duen paper garrantzitsutik abiatuta Lehendakariak azpimarratu duenez, «une historiko batean gaude, eta gure burua nabarmendu egin behar dugu; Euskadi eraldatzeko eta hobetzeko industria- eta teknologia-inbertsioak erakartzeko gure ahalmena landu behar dugu».

Helburu horretan, Euskadik dituen aldeko puntuak aipatu ditu Pradalesek, besteak beste, «ekosistema teknologiko eta industrial aurreratu eta lehiakorra, giza kapital oso kualifikatua eta egonkortasun juridikoa», eta gaineratu du erakunde publikoak elkarlanean arituko direla horretarako.

«Herri baten garapen industriala eta ekonomikoa ongizatean eta bizi-kalitatean hazteko oinarria da», amaitu du Lehendakariak.