Sagarra biltzen hasi dira sagastirik gehienetan, eta iaz baino uzta txikiagoa izango da

0

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturarako sagar bilketa hasi da Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagasti batzuetan eta datozen egunetan hasiko da gainerako sagastietan. Iazko urtearekin alderatuta, heldutasuna atzerago dator sagastietan, sagar gazietan gehienbat. Uzta txikiagoa espero da, ez-urtea tokatzen delako batetik, neguan hotz gutxi egin duelako eta udaran egindako bero zakar kolpe batek uztaren parte bat bota

duelako. Orokorrean, Gipuzkoan Goierri inguruan sagar gehiago da Beterrin baino, neguan hotz handiagoa egin duelako eta horrek eraginda loraldi hobea izan dutelako sagarrondoek. Bizkaian ere antzeko egoera dago, kostalean baino sagar gehiago da barrualdean eta Araban iaz gutxi eman zuen lekuetan da sagarrik gehien. Guztira iazko uztaren %40 inguru biltzea aurreikusten da.

Gaur azaldu ditu datu guzti horiek Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak Irungo Etxezabal baserriko sagastian. Uztaren nondik norakoak azaltzeaz gain, sagarraren inguruko azterketa proiektuen berri eman du sektoreak eta beren apustuen berri eman dute Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiko arduradunek. Prentsaurrekoan parte hartu dute besteak beste Ainhoa Azkonobieta, Euskal Sagardo Jatorri deiturako kide eta Fruiteleko pardaideak, Aitor Etxeandia Fruitel Elkarteko teknikariak, Iker Iglesiak Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Elikagaien Kalitateko Zuzendaria, Mikel Aztiri Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko teknikariak, Lander Sagaseta Nafarroako sagargileak, Bixintxo Aphaule Iparraldeko sagar eta sagarnogileak eta Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako koordinatzaileak.

Iazko uzta handia izaki, aurtengoa txikia izatea aurreikusi zitekeen eta uzta halakoa izan da. Uztak orekatzeko proiektuek beren emaitzak emanagatik ere, zaila izango da oreka hori Euskal Herri guztira zabaltzea eta aurten bezala, beste zenbait faktorek laguntzen ez badute, uzten arteko aldea handia izango da.

Uzta txikiak direnean azukre gehiagoko sagarrak izan ohi dira normalean, baina aurten, udarako euriak medio, iazko alkohol graduazio antzekoa izango dute. Eurien eraginez, heldutasuna ere nahiko atzera dator eta sagastirik gehienetan datorren astean hasiko dira sagarra biltzen.

Datu zehatzak emateko goizegi bada ere, 2,5 milioi kilo biltzea aurreikusten da Euskal Sagardora bideratutako sagastietan. Urtez urte geroz eta sagar gehiago ari da izaten bertako sagastietan, dauden sagastiak zaindu eta sagasti berriak aldatu eta produkzioan sartu ahala. Bide horretan, sagarzale eta sagardotegien arteko akordioak

lotzen ari da Euskal Sagardoa Jatorri Deitura, luzerako elkarlana baita bertako produkzioa handitu, sektoreak indartu, produktuak posizionatu eta kalitatea bermatzeko modurik egokiena.  Datozen urteetarako dei egiten die Euskal Sagardoa Jatorri deiturak sagargileei, sagarra lantzeko interesa badute, aldez aurretik sagardogile eta Jatorri Deiturarekin harremanetan jartzeko, akordioak bilatu eta sagarraren gestioa  denborarekin lotzen joateko.

Bertako sagarraren ekoizpena handitzea helburu

Euskal Sagardoaren barruan 250 sagargile daude gaur egun eta 500 hektarea inguru sagasti. Sagar hau guztia Jatorri Deiturako 47 sagardotegietara joaten da, Euskal Sagardoa ekoizteko. Sagasti hauetan zahar eta berriak daude eta beste 155 hektarea dira produkzioan sartu berriak edo datozen urteetan produkzioan sartuko direnak.

Sagasti berririk gehien, Gipuzkoako lurraldean jarri da, Foru Aldundiak emandako laguntzaren pean gehienak, eta Bizkaia eta Araban ere bai zerbait. Bide horretan, sagasti berriak jartzen saiatzeko ahalegin eta konpromisoak ere aurrera darrai sektorea eta Foru Aldundien eskutik eta sagar sektorea profesionalizatzen jarraitzea ere bada helburua, kalitatezko uzta ekilibratuak lortzeko bidean. Pauso handiak eman dira azken urteetan Euskal Sagardoa proiektuak bultzatuta eta datozen urteetan ere ezinbestekoa izango da sagar sektoreak egiten duen bidea, bai kalitatearen alde eta baita geroz eta bertako sagar gehiago izatearen alde ere.

Izan ere, sektoreak eta administrazioak helburu bat garbi zehaztu zuten Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren sorreran: 15 urtean %100 bertako sagar hutsez egitea hemengo sagardo guztia; hau da, Euskal Sagardoa seilupekoa izatea ekoiztuko den sagardo guztia. Hala ere, urte asko dituzten sagasti txikietan bada arazo bat, belaunaldi errelebo falta eta azken urteetan nabarmentzen ari da arazo hori: sagastiak zaindu eta sagarra biltzeko jendea falta dela, eta baserrietan lan egiten duen geroz eta gazte gutxiago dagoela. Gai horri ere heldu dio Jatorri Deiturak administrazioekin batean, etorkizunerako aukerak bilatu nahian.

 Iparraldea eta Nafarroaren sarrera

Euskal Sagardoa Jatorri Deitura Nafarroa eta Iparraldeko sagar eta sagardogile sektoreekin bat eginda dago, hauek ere Jatorri Deituran sartu daitezen. Prozesu luzea da, baina bide onetik doa. Behin lurralde guztiak Jatorri Deituran izanda, sagarra ekoizteko ahalmen handiagoa izango du Jatorri Deiturak eta baita Euskal Sagardoa  egingo duten sagargile eta sagardogile gehiago ere. Gaurko prentsaurrekoan  Iparraldeko Bixintxo Aphaule sagar eta sagardogilea eta Nafarroako Lander Sagaseta  sagargilea izan dira, beren sagastien eta uztaren berri emateko.

Hiru proiektu

Bide horretan, sagasti berriak jartzeaz gain, teknikoki garatu beharreko lehentasunezko hiru proiektu aurkeztu zituen 2021ean Jatorri Deiturako sagar  sektoreak, geroztik proban jarri direnak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin:   1) Polinizazioa: sagarrak, beste sagar mota bat behar du inguruan polinizatzeko eta sagar mota desberdinen arteko polinizazio gaitasuna neurtzea  ezinbestekoa da sagasti berriak planifikatzeko garaian. Bertako sagar motek  elkar polinizatzeko duten gaitasuna aztertzen ari da sektorea, Fruitel  elkartearen eskutik. UPNA´rekin batean egin da proiektua eta emaitza nagusiak badaude dagoeneko eta sagasti berrietan proban jartzen ari dira.

2) Bakanketa: sagar asko den urteetan sagarra bakantzea garrantzitsua da, urtero  uzta orekatuagoak izateko. Azken urteetan, hainbat sagar motekin egin da entsaioa, sagasti desberdinetan, eta sagar mota desberdinekin. Lehen emaitzak baditugu dagoeneko. 3) Lurra: Geroz eta garrantzia handiagoa ematen zaio lurraren lanketa eta osaketari eta horretan sektorea formatzea ezinbestekoa da uztak ekilibratzeaz gain, kalitatezko sagarra izateko. Ikastaro desberdinak egin ditu sagar  sektoreak horren bueltan.

Mota desberdinak

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak 106 sagar mota ditu onartuak eta hauetako 24 dira gehien erabiltzen direnak, gezak eta gaziak (garratzak). Horien nahasketa egokiak emango dizkio sagardoari bere ezaugarriak eta sagardotegi bakoitzak bilatzen du bere gustuko nahasketa eta sagardoa. Hauek dira Euskal Sagardoan erabiltzen diren 24 sagar mota nagusiakGAZIAK (GARRATZAK): ERREZILA, GOIKOETXE, TXALAKA, URTEBI HAUNDI, FRANTZES SAGARRA, BOSTKANTOI, HARITZA, AZPEITI SAGARRA,MANTTONI IBARRA; GEZAK: GEZAMIÑA,URDIN, MOZOLOA, PATZULOA, MIKATZA, UDARE MARROI.TXORI SAGARRA; GAZI-GEZAK: MOKO, LIMOI, MERABI, MOKOTE, URTEBETE, URTEBI TXIKI, SALTXIPI

Nafarroa eta Iparraldearen sarrerarekin 250 sagar motatara zabalduko da zerrenda hau, bertako sagar motak medio. Beren artean antza handia duten sagar motak dira asko, eta guztiak dira mundu mailako gainerako sagar motekin alderatuta ADN berezia dutenak, ehundaka urtean Euskal Herrian sortu eta garatuak baitira.

Sagar Uzta Jaia irailaren 29an Astigarragan

 Astigarragan Sagar Uzta jaia izango da irailaren 26tik 29ra eta egun nagusia irailaren 29an izango da, igandea, egun osoko egitarau zabalarekin. Astigarragako enparantzan izango dira ekitaldi nagusiak eta urteroko moduan sagarra ezagutu eta gozatzeko aukera izango da. Uda Zaporeaz ekintzen barruan kokatzen da Sagar Uzta, irailaren 19tik azaroaren 3ra bitartean izango baita Uda Zaporeaz ekitaldia.

Sagardo Astea urriaren 9tik 19ra, Igartubeiti baserri museoan

Ezkio-Itsasoko Igartubeiti Baserri Museoak Sagardo Astea egingo du urriaren 9tik 19ra, bertako dolarea martxan ipiniz, bere 23. edizioan. Baserriko sagarraren prentsaketa zuzenean ikusteko urteko aukera bakarra da. Programak kirikoketa erakustaldiak,  bisita antzestuak eta Chillida Lantokira bisita gidatua barne hartzen ditu. Beharrezkoa  da izena ematea, plaza mugatuak baitira. Erreserbak 943 72 29 78 telefonoan edo igartubeiti@gipuzkoa.eus-en egin daitezke. Informazio gehiago www.igartubeitibaserria.eus web orrian.

Sagar Uzta Jaia irailaren 29an Ola sagardotegian

Irungo Meaka auzoan bertan ere izango da Sagar Uzta jaia, irailaren 29an. Ola sagardotegiak urteroko jaia antolatuko du goizeko 11:30etatik 14:30etara. Sagar  erakusketa, haurrekin muztioa egitea, muztio berria eta sagardoa dastatzeko aukera  eta abar izango dira goizean zehar.

Informazio osagarria

Euskal Sagardoa Jatorri Deitura gaur egungo eta etorkizunerako proiektu bat da,  Euskadiko Sagargile eta Sagardogile sektoreek gidatua eta erakunde desberdinek  babestua. Sagar eta sagardo sektoreari oinarri sendoak jartzea du lehen helburu, baina horrez gain, kontsumitzaileari bertakoa eta kalitatezkoa den produktuaren gaineko bermeak eskaintzea ere bai. Izan ere bi oinarriren gainean eraiki da Jatorri Deitura: bertako sagarra eta kalitatea.

  • Bertako sagarra: Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak bertako 106 sagar mota ditu onartuak, nagusiak hauetako 24 badira ere. Euskal Herriko sagardogintzak duen altxorretako bat dira gure sagar motak, menderik mende  gure baserri eta sagastietan hobetzen joan direnak, ahalik eta sagardorik  onena egiteko helburuz. Euskal Herrian ortu eta garatutako sagar motak dira,  hemengo baldintzetara oso ondo egokituak eta gure Euskal Sagardoak eskatzen dituen baldintzak biltzeko egokiak.
  • Kalitatea: kalitate berme guztiak eskaintzen ditu Euskal Sagardoak, sagastitik botilaraino kontrol zorrotzak ezarrita. Euskal Sagardoek botilaratu aurretik analisi fisiko kimiko eta organoleptikoak pasa beharko dituzte Fraisoro laborategian. Prozesu guztiaren kontrola HAZI Fundazioak egiten du.

Euskal Sagardoaren katalogoa

 Urte luzetako lanaren emaitza da jatorri-deitura eta lan guzti horren erakusleiho izan nahi du Euskal Sagardoaren katalogoak. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 50 sagardotegiren informazioa ikus liteke bertan eta gaur egun merkaturatzen ari diren Euskal Sagardo guztiak ere biltzen dira: erabiltzen dituzten sagarrak, sagastiei buruzko informazioa eta produktuei buruzko hainbat datu. Horrez gain, sagardotegi bakoitzarekin kontaktuan jartzeko informazioa eskaintzen da bertan, eta baita zerbitzurako eta dastaketarako oinarrizko azalpenak ere.

Katalogoa osatzen duten sagardotegiak:

 Araba: Kuartango. Bizkaia: Axpe / Etxebarria / Uxarte. Gipuzkoa: Aburuza / Akarregi / Alorrenea / Altzueta / Altuna / Añota / Araeta / Astarbe / Barkaiztegi / Begiristain / Bereziartua / Egi-Luze / Eguzkitza / Ekain / Etxeberria / Eula / Gartziategi / Gaztañaga / Gurutzeta / Iparragirre / Ipintza / Irigoien / Iruekhi / Isastegi/ Itxasburu / Izeta / Larrarte / Lizeaga / Mizpiradi  / Oianume / Oiharte / Ola / Petritegi / Saizar / Sarasola / Satxota / Tximista  / Txindurri-Iturri / Urbitarte / Urdaira / Zabala / Zapiain / Zelaia.

Bizirik dagoen sektorea da sagardo sektorea eta katalogo honek ere bizia izateko helburua du, urtez urte aldatzen joango da, sagardo gama berriak, xehetasun berriak edo botila edo etiketa berriak izango baititu. Horrez gain, uzta bakoitzak ezaugarri bereziak emango dizkio Euskal Sagardoari eta hori ere biltzen du katalogoak, Euskal Sagardo bakoitzaren azalpenetan. Guzti hori bezeroarentzako tresna garrantzitsua izango da, eta sektorea bizirik eta mugimenduan dagoenaren seinale. Katalogo hau www.euskalsagardoa.eus  helbidean dago eskuragarri.

Euskal Sagardoaren historia eta bilakaera

Sagardoa Euskal Herriko edaria izan da ehundaka urteetan. Idatzi eta erreferentzia zaharrenek, bertako edari garrantzitsua izan dela adierazten dute mende luzetan ezinbestekoa elikaduran. Eta hala azaltzen dute bertako 1.800 sagar mota desberdinek ere.

XV-XVI. mendeetan izugarrizko gorakada izan zuen gainera sagardoaren kontsumoak, Euskal Herria herri industriala zelako eta jende multzo horrek sagardoa edaten zuelako. Hortik sortu ziren Tolare Baserriak, sagardoa egiteko industria erraldoiak zirenak garai hartarako. Zenbaitek diotenez, 1.000tik gora zeuden Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Iparralde eta Nafarroan. Gaur egun, lehenengo eraiki zituzten Tolare baserri haien adibide bat geratzen da: Ezkio-Itxasoko Igartubeiti baserria.

Besteak beste, marinelen edaria ere izan da sagardoa itsasaldi luzeetan, eta sagardoa eramateko ohitura zutenez, eskorbutorik ez zuten izaten euskal marinelek. Sagardoak beherakada izugarria izan zuen gerra ostean eta 50-60 hamarkadatan, jendea baserriak uzten joan zelako. Ondoren, zenbait sagardogilek berriz lanari heldu eta oraindik indarrean dagoen susperraldia eragin zuten. Euskal Sagardoa jatorri-deiturak badu helburu bat: garai batean gertatzen zen moduan, berriz ere bertako sagarra izatea euskal sagardogintzaren ardatza.

Euskal Sagardoaren Ibilbidea

Sagardoaren historia, bilakaera eta beste hainbat ekintzaz gozatzeko Euskal Sagardoarekin lankidetzan ari da Euskal Sagardoaren Ibilbidea. Hau sektoreak duen agentzia da eta eskaintza urte osoan zehar du eskuragarri, garaian garaiko ekintzak sustatuz eta lehen sektorea balorean jarriz. Hiru eskaintza mota ditu Euskal Sagardoaren Ibilbideak; oporretarako eskaintza, enpresentzako eskaintza eta eskolentzako eskaintza. Azken honek gorakada handia izan du urte honetan zehar,  unitate didaktikoen bidez sagastiaren eta sagarraren mundua modu praktikoan ezagutzen baitute haurrek.

Sagar uzta garai betean, sagastian egiteko jarduerak proposatzen dira: SAGAR ZUKU TAILERRA, familientzako eta eskolentzako proposamen zabala: Zure sagardoa nola egin dezakezun irakatsiko dizugu. Sagarra biltzen hasiko gara kizkia erabiliz eta zakutan garraiatuko dugu sagarra dolarera. Bertan zukua egingo degu matxaka eta eskuzko prentsa batekin. Azkenik, gure eskuz ateratako zukua dastatuko degu. Ekintza  bukatzean, sagardotegi batetara joango gara eta bertan sagardo desberdinak dastatuko ditugu menu tradizionalarekin edo eta haurrentzako menu batekin.