Urritik aurrera, Zarauzko garraio publikoa jasangarria izango da % 100ean. Irizar e-mobilityri erositako hiru autobus elektriko berriak zerbitzua ematen hasten direnean, egun zirkulazioan dagoen hibridoarekin zerbitzua osatuko dutenak, elektromugikortasuna sustatzeko eta deskarbonizazioan eragiteko beste urrats bat emango da, eta, bide batez, areagotu egingo du errespetuan, bizikidetzan eta mugikortasun jasangarriaren esparruan Zarautzek estatu mailan duen erreferentzialtasuna. Xabier Txurruka Zarauzko alkateak nabarmendu duen bezala, “Hiri-mugikortasun Jasangarriaren Planaren estrategiak jasotzen duen bezala, Zarauzko hiri-autobusen flota elektrifikatzeko momentua heldu da, eta, Irizar bezalako enpresa baten laguntzarekin egitea oso albiste ona da. Irizar e-mobility gertuko enpresa izanik, mundu mailan dihardu sendo lanean. Irizarren eskarmentu hau urritik aurrera hiru hiri-autobus 100% elektriko berriek zarauztarroi zerbitzu onena eskaintzeko berme onena da”. Agerraldian, alkatearekin batera izan dira: Iker Basurko, Udalako Mugikortasun Jasangarriko eta Proiektu Estrategikoen zinegotzia; Iñigo Etxeberria, Irizar e-mobilityko zuzendari orokorra; Paco Ruiz, Ekialdebuseko zuzendaria, eta, Antonio Arias, Vectaliako presidentea.
ZERO isuri Irizar ie autobusa
Zarauzko Udalak aukeratu duen autobusa 12 metroko luzera duen Irizar ie ZERO isuri autobusa da. Autobus honek ingurumen-onurak dakartza, gutxieneko zarata-maila eragiten du, eta, gainera, ustiapen-kostu ezin hobea bermatzen du. Autobusak, 30 eserleku ditu, gurpildun-aulkientzako gunea eta mugikortasun-urria duten pertsonentzako beste lau eserleku; guztira, 70 pertsona garraia ditzake. Irisgarritasuna bermatzeko, hiru ate dauzka, bidaiarien autobus barruko joan-etorria arintzen lagunduko dutenak ere. Hiru autobus elektriko berriak zirkulazioan jartzen direnean, Zarautzek, urtero, 5.619 kg. CO2 gutxiago isuriko ditu atmosferara eta 85.254,38 litro erregai fosil kontsumitzea ekidingo du.
.
Iñigo Etxeberria Irizar e-mobilityko zuzendari orokorraren hitzetan, “Zarautzeko Udalarekin sinatu dugun hitzarmena honek ilusio handia eragiten digu. Jasangarritasuna sustatzeko politiketan erreferente bat da Zarautz, eta, zentzu honetan, zarauztarren bizi-kalitatea hobetuko duen urrats honetan bide-lagun izatea harro egoteko modukoa da. Ibilgailu hauek Zarautzeko mugikortasun jasangarri eta osasuntsua sustatzen lagunduko dute”.
Dagoeneko, Zarautzeko Udalak jaso ditu hiru autobus elektriko berriak, eta, Mugikortasunaren Europako Astearen baitan antolatu diren jarduerak aprobetxatuz, autobus berrietako bat Malekoian egongo da, eta, herritarrek, batetara igotzeko, mugikortasun elektrikoaren inguruko informazioa jasotzeko eta Zarauzko Hiri-mugikortasun Jasangarriaren Plana ezagutzeko aukera izango dute.
Mugikortasunaren Europako Astea
Autobus elektriko berriak gertutik ezagutzeko aukeraz gain, herritarrek Mugikortasunaren Europako Astearen baitan antolatu diren jarduera ezberdinetan parte hartzeko parada izango dute. Jarduera gehienak Malekoian izango dira, hain zuzen, Eguzki Lore eraikinaren azpian.
Mugikortasunaren Europako Astearen baitan antolatu diren ospakizunak gaur, irailaren 16an, hasiko dira autobus elektrikoaren aurkezpenarekin, eta, Hiribus zerbitzuaren baitan indarrean sartuko diren berrikuntzak aurkezteko informazio-hitzaldiarekin. Asteartetik larunbatera, berriz, hitzaldiak, mahai-inguruak, erakusketak, mugikortasun laborategia, bizikletak konpontzeko tailerra eta Txirrindulari Txikien Eguna izango direla aurreratu dute. Igandean, irailak 22an, Autorik Gabeko Eguna ospatuko da, eta, oinezkoek eta garraio-jasangarriek udalerriko kaleak hartuko dituzte.