Zarauzko Udal Euskaltegiak prest daude

0
PRUEBA

Zarauzko Udal Euskaltegiak 2024-2025 ikasturteari hasiera eman dio. Aurtengoa, euskaltegiaren 42. ikasturtea izango da eta, bertako langile guztien eskutik, urte luze hauetako esperientzia ikasleen esku jartzen da. Aurreko urteetan bezala, euskararen ikasketan murgildu nahi duen pertsona ororentzat eskaintza zabala aurkeztu da, euskara ikasten hasi nahi dutenentzat, beren euskara maila hobetu edota euskara agiriak lortu nahi dituztenentzat zuzenduta.

“Gure euskaltegiko ikasleek, orokorrean, emaitza onak izaten dituzte, bai HABEk antolatutako azterketetan, baina bestelakoetan ere”, aditzera eman du Irune Urbieta (EAJ-PNV) Euskara zinegotziak. “Hala ere, guretzat garrantzitsuena euskara ikastea eta erabiltzea da. Horregatik, Udalak laguntzak ematen ditu euskara ikasten dutenei bere beka sistemaren bitartez”. Euskara ikasten ari direnei matrikularen %75 itzultzen die, baldin eta emandako orduen %80 betetzen badituzte. Ikastaroan zehar langabezian daudenei, aldiz, %100 itzultzen zaie. Horretaz gain, HABEk ere baditu dirulaguntzak. Azterketaren bat edo B2ra bitarteko mailaren bat gainditzen duenak erakunde horri dirulaguntza eska diezaioke, eta dagokion dirulaguntza HABE eta Udalaren artean osatuko da. Aurten dirulaguntza lerro berriak ditu C1 egiaztatu nahi duten 16-18 urteko gaztetxoentzat eta A1 mailan euskara ikasten hasi nahi duten herritarrentzat.

Ikasteko, batetik, aurrez aurreko taldeak eskaintzen dira, eta, bestetik, autoikaskuntza zerbitzua ere badago. Aurrez aurreko taldeetan, C1 mailara arte egiteko aukera daukate ikasleek, eta, autoikaskuntza sistemaren bidez, maila guztiak egitekoa. Urtero bezala, Jubilatuentzako taldeak ere izango dira, baita AISA-Harrera ikastaroa ere, Gizarte zerbitzuetako departamentuko Immigrazio eta Kultur Aniztasuneko teknikariarekin elkarlanean antolatuta, herrira iritsi berriak euskara ikasten hasteko, eta Udalaren hainbat zerbitzuren berri jasotzeko. DBHn dabiltzan etorkin gaztetxoentzat ere euskara indartzeko ikastaroak ematen dira, Udaleko Euskara Zerbitzuarekin eta herriko ikastetxeekin elkarlanean antolatuta. Iazko ikasturtean zaintzaile eta ostalarientzat ere antolatu ziren ikastaroak Urola Kostako Udal Elkartearekin batera eta aurten ere ekimen horrek jarraipena izango du.

Interesdunek Zarauzko Udal Euskaltegiko ateak zabal-zabalik ditu irailaren 20ra arte Iturribide kaleko 28. zenbakian. Presentzialki, 943131153 eta 943855084 zenbakietara deituz edo euskaltegia@zarautz.eus helbide elektronikoaren bitartez izena emateko zein edozein zalantza argitzeko aukera izango da.