Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sail berriak ezagutza aurreratuaren aldeko apustu sendoa egin du

0

Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuak Ikasketa Aurreratuaren Zentroa sortzea proposatu du, eta iragarri du bere sailak Euskal Unibertsitate Legea sartuko duela legegintza-egutegian.

Pérez Iglesiasek lan-giro eta -baldintza onak eskaini, berdintasuna eta inklusioa sustatu eta integritate zientifikoa zainduko duen unibertsitate- eta ikerketa-sistema baten alde egin du.

Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak, Juan Ignacio Pérez Iglesiasek, agerraldia egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean, sailak 2024-2028 legegintzaldirako dituen ildo nagusiak aurkezteko.

Bere azalpenean, Pérez Iglesiasek azpimarratu du Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila ezagutza aurreratuaren sorkuntza (Ikerketa), transmisioa (Prestakuntza), transferentzia eta hedapena (Berrikuntza) sustatzeko xedearekin sortu dela, euskal gizartearen oparotasuna, kohesioa eta kalitate demokratikoa areagotzen laguntzeko.

Agerraldiaren hasieran, sailburuak sail berriaren eginkizunak eta jardun-arloak laburbildu ditu. Horien artean, nabarmentzekoak dira zientzia-politika, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren sustapena eta koordinazioa, Berrikuntza Funtsaren kudeaketa edo sailari atxikitako edo haren mendeko sektore publikoko erakundeen zuzendaritza.

 

Euskal gizartearen zerbitzura dagoen unibertsitatea

Sailburuak pertsona guztientzako unibertsitatearen aldeko apustu garbia egin du, euskararen erabilerari prestigioa ematen lagunduko diona, gizarte- eta enpresa-ehunetik gertu egongo dena, mundura irekita egongo dena eta, batez ere, bere diziplinen abangoardian dauden profesionalen eskutik prestakuntzarik onena eskaintzeko gai izango dena.

Ildo horretan, «Unibertsitate-prestakuntzaren eta ikerketaren aldeko Ituna» egitea proposatu du. Gutun hori unibertsitateko eragileekin egindako akordio zabal baten emaitza izango da, eta talentu handiko pertsonak prestatuko dituen eta ezagutza aurreratua sortuko duen sistema baten oinarriak eta araudiak ezarriko ditu. Horretarako, Euskal Unibertsitateari buruzko Legea sartuko du legegintza-egutegian.

2026-2030 Unibertsitate Planari dagokionez, Sailak inbertsio-ahalegin publiko-pribatu handiagoa aurreikusiko du, beketarako diru gehiagorekin (%6ko urteko igoera) eta kudeaketa arinagoarekin, nazioarteko mugikortasuneko bekak indartuz, bai eta ikertzen hasteko laguntza bereziak ezarriz ere.

Pérez Iglesiasek euskararen erabileraren sustapenean egingo duen ahalegin berezia nabarmendu du, eta, horretarako, euskarazko ikasketen eskaintza handituko du, baita lineako ikasketena ere, ezagutza gizartean zabaltzeko jarduerei arreta berezia eskainiz.

Kalitate handiko eta nazioartean erakargarria den unibertsitatea bultzatzeko, sailburuak Ikasketa Aurreratuen Zentro bat sortzea proposatu du, euskal ikerketa-jardueraren nazioarteko aintzatespena erraztuko duena, gure herriko ikasleei maila goreneko prestakuntza modu onean eskainiko diena, beste herrialde batzuetako ikasleak erakarriko dituena eta beren diziplinen abangoardian dauden ikertzaileen helmuga akademikoa izango dena.

 

Ikerketa ezagutzaren mugan

Ikerketa-arloari dagokionez, sailburuak adierazi du oso garrantzitsua dela ondo hornitutako prestakuntza-programak eta proiektuak izatea, azpiegitura egokiekin, eta abangoardiako ikerketa eta gizarte-eragina sustatzera bideratutako estrategia izatea. Horretarako, hainbat neurri hartuko ditu, hala nola doktoratu aurreko eta doktoratu ondoko programetako inbertsioak %6 igotzea, eta zientzia- eta ikerketa-inbertsioak urteko %6 handitzea.

 

Bere kideak zaintzen dituen sistema

Sail berriak unibertsitate- eta ikerketa-sistema osatzen duten pertsonen ongizateari emango dion garrantzia azpimarratu nahi izan du sailburuak. Asmo berritzaile horrekin, ahalik eta prozedura gehienetan konfiantza-printzipioa aplikatzea planteatu du, prozedura horiek arintzeko, bai eta ikertzaileen ongizate psikologikoa zaintzeko programa bat egitea ere.

Era berean, bitarteko irakasle eta ikertzaileak edo prestatzen ari direnak egonkortzeko estrategiak garatuko ditu sailak, berdintasuna sustatzen duten politika inklusiboak jarriko ditu abian, eta diskriminazio- edo jazarpen-egoerei aurrea hartzeari edo zuzentzeari begira bideratuko du bere ekimena.

Berrikuntza, irismen sozial handiko ardatz handietan egituratua

Sailburuak legegintzaldi berrirako ezarritako beste helburuetako bat da ezagutza eta berrikuntza honako hauen zerbitzura egotea: garapen ekonomikoa, giza osasuna eta ingurumena, gure kultura-ondasunen sustapena, gizarte-premiei erantzutea eta, azken batean, euskal gizartearen oparotasuna, kohesioa eta osasun demokratikoagoa izateari begirako ezagutza eta berrikuntza izatea.

Ildo horretan, Pérez Iglesiasek adierazi du berrikuntza-ardatz handiak zehazteko asmoa duela, bai eta Jaurlaritzak horiek garatzeko dituen planak egiteko asmoa ere. Adibide gisa, honako hauek aipatu ditu: osasun bakarra edo osasun globala (One Health), adimen artifiziala eta digitalizazioa osasunaren zerbitzura, adimen artifiziala eta digitalizazioa euskal kulturaren zerbitzura eta euskararen erabilera sustatzeko, edo gizarte-politikei begirako berrikuntza.

Azkenik, sailburuak bere agerraldia aprobetxatu du bere Sailak ezagutza aurreratua gizartean zabaltzeko plan integral bat diseinatzeko duen asmoa azpimarratzeko, bai eta unibertsitateen arteko sare akademiko bat sortzeko ere, ezagutzaren eta demokraziaren arteko harremana aztertzeko eta hobetzeko.