Ibone Bengoetxea, lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, eta Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Tabakalerako Z aretoan izan dira gaur goizean, ‘Ekoizpena ikuspegi feministatik eta intersekzionaletik’ hizketaldian.
Hizketaldi hau Emakume zinemagileen elkarteek, Donostia Zinemaldiarekin batera, sustatu dute, industrian dauden desparekotasunez eta botere-dinamikez jabetuta. Ikus-entzunezko ekoizpenean praktika berriak bultzatzea dute helburu, zaintza, abusuen prebentzioa eta inklusio intersekzionala lehenesteko, ekoizpenean parte hartzen duten guztien ongizate integrala aintzat hartzen duen aldaketa esanguratsu bat aurkitze aldera.
Horrela, Hizketaldi honetan, aldaketa horien erronkak eta ingurune segurua eta errespetuzkoa ziurtatuko duten zaintza-politiken garrantzia aztertu dira, aniztasuna baloratuko duten praktika intersekzionalak aplikatzeko ikuspegiak partekatzeaz gainera. Ideia-truke honen helburua egungo erronkak nabarmentzea da, baita ikus-entzunezko industria inklusibo eta bidezkoagoa izan dadin lortzeko ekintza zehatzak inspiratzea ere, generoa, arraza, sexu-orientazioa edo bestelako ezaugarriak edozein izanik ere.
Salima Jirarik, aniztasuneko edukien aholkulariak, moderatu du elkarrizketa, eta Ines Nofuentes ekoizleak (Curuxa Cinema), Lara Izagirre zuzendari eta ekoizleak (Gariza films) eta Beli Martinez produktoreak (Filmika Galaika) parte hartu dute hizketaldian.