Amaitu dira Felix Echegaray egoitzako Adingabeak Behatzeko eta Hartzeko Zentro berria eraberritzeko lanak

0

Amaitu dira babesgabetasun-arriskuan dauden neska-mutilak baloratzeko Behaketa eta Harrera Zentro berriaren obrak. Zentro hori Félix Echegaray egoitzan egongo da, hiriburuko Vergel kaleko 4. zenbakian. Nafarroako Gobernuak 2022an esleitu zizkion obrak Erki Construcción Sotenible SL enpresari. Obra horiek 361.641,33 euroko balioan gauzatu dira, BEZik gabe, eta egoitza hori eraberritu da, 12 eta 18 urte bitarteko neska-mutil nerabeak hartu ahal izateko, haien egoerak berehalako esku-hartzea eskatzen badu.

Eraberritu berri den eraikinak Ilundain herrian dagoen BHZ ordezkatuko du eta hamabi neska-mutilentzako lekua izango du, lau beheko solairuan eta zortzi lehenengo solairuan. Jarduketa honetan bi solairuen barrualdea eta eraikinaren fatxaden inguratzailea eraberritu dira.

Hain zuzen ere, egoitzak bi etxebizitza ditu orain, solairu bakoitzean bat; bakoitzak atondoa, sukaldea, jandela-egongela, bi komun osatu, hezitzaileentzako bulegoa eta hainbat gela (hiru beheko solairuan eta  bost lehenengoan) ditu. Lorategi handi bat ere badu, beheko solairuko ataritik sarbidea duena.

Gizarte Eskubideen Ministerioak eta 2030 Agendak eta Nafarroako Foru Komunitateak sinatutako Lankidetza Hitzarmenean jasotako proiektuen barruan sartzen da inbertsioa, Berreskurapenerako eta Erresilientziarako Mekanismotik (MRR) datozen Europako Funtsen kargura.