AVEDILA Sinposioak albaitaritzako diagnostikoan egindako aurrerapenak aztertuko ditu Bilboko Euskalduna Jauregian

0

Animalien osasuneko profesionalek albaitaritzako laborategiko diagnostikoaren azken aurrerapenak eztabaidatuko dituzte azaroaren 13tik 14ra Bilbon

Oraingo edizioa Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen eta Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko NEIKER zentro teknologikoak antolatu du

Natalia Elguezabal (NEIKER), Cinta Prieto (UCM) eta Mar Biarnes (CESAC) ikertzaileek ustiategien errendimenduan eta osasun publikoan eragin handia duten animalien gaixotasunen diagnostiko eta kontrolari lotutako hiru hitzaldi emango dituzte

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen eta Nekazaritza eta Arrantza Saileko NEIKER zentro teknologikoak antolatutako AVEDILA Sinposioak albaitaritzako diagnostikoan egindako aurrerapenak aztertuko ditu Bilboko Euskalduna Jauregian, azaroaren 13an eta 14an, eta sektoreko 120 profesional baino gehiago hartuko ditu, albaitaritzako diagnostikoan egindako azken aurrerapenei buruz eztabaidatzeko.

Animalien gaixotasunak detektatzea eta kontrolatzea funtsezkoa da etxaldeen ongizatea eta errendimendua bermatzeko, baita osasun publikoa babesteko ere. Albaitaritzako laborategiko diagnostikoa funtsezko tresna da animalien gaixotasunak goiz detektatzeko eta kontrolatzeko eta, horrekin batera, transmititzeko arriskua murrizteko. Zuzenean edo elikagaien bidez gizakiei transmiti dakizkiekeen gaixotasun zoonotikoei dagokienez, ustiategian bertan jarduteak animalia jatorriko produktuen kalitatea ziurtatzen eta elikagaien segurtasuna bermatzen laguntzen du.

Arlo horretan aurrera egiteko, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen eta Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko NEIKER zentro teknologikoak Albaitaritzako Laborategiko Diagnostikoan Espezialisten Elkartearen (AVEDILA) XXVII. Sinposioa antolatuko du . Azaroaren 13tik 14ra egingo den ekitaldiak sektoreko 120 profesional baino gehiago hartuko ditu, Bilboko Euskalduna Jauregian albaitaritzako diagnostikoan egindako azken aurrerapenei buruz eztabaidatzeko.

Sinposioaren helburua ezagutza trukatzea eta sektoreko eragileen arteko lankidetza sustatzea da. Natalia Elguezabal, Cinta Prieto eta Mar Biarnes doktoreek emango dituzten hiru hitzaldi gonbidatuez gain, ahozko komunikazioak aurkezteko bost saio eta posterrak aurkezteko eremu bat programatu dira, eta albaitaritzako diagnostikoan aritzen diren estatuko ikerketa zentro, unibertsitate eta laborategi nagusiek alor horretan egindako azken lanak aurkeztuko dituzte. Arlo komertzialak osatuko du alderdi zientifikoa, eta sektoreko enpresa nagusiek azken berrikuntzak azalduko dituzte bertan.

Prebentzioko eta kontroleko berrikuntzak

Lehenik eta behin, NEIKEReko Animalien Osasun Saileko ikertzaile Natalia Elguezabalek inauguratuko du sinposioa, asteazkenean, 9:30ean, “Neutrofiloak osasunean eta gaixotasunean” izeneko hitzaldiarekin. Aurkezpenean, zelula horiek sistema immunologikoan betetzen duten funtzioa jorratuko du, infekzioen aurkako defentsan duten garrantzia nabarmenduz eta animalien gaixotasun batzuei aurre egiteko orduan duten zeregina azpimarratuz.

Bigarren jardunaldia ostegunean izango da, hilak 14, eta 9:00etan “Txerrien ugalketa eta arnas sindromearen diagnostikoaren berezitasunak” hitzaldiarekin, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko (UCM) Animalien Osasun Saileko irakasle titular Cinta Prietoren eskutik. Bere interbentzioan, txerri aziendaren ugalkortasunari eragiten dion eta arnasa hartzeko arazo akutuak sortzen dizkion sindrome hori identifikatzeko eta maneiatzeko dauden berrikuntzak partekatuko ditu, identifikazio eta maneiu teknika aurreratuak eskainiz.

Ordu batzuk geroago, 11:30ean, hirugarren hitzaldia izango da, “Hegazti gripea eta beste arnas prozesu batzuen diagnostiko diferentziala” izenekoa. Hitzaldian, Mar Biarnesek, Katalunia eta Aragoiko Hegaztien Osasun Zentroko (CESAC) zuzendari teknikoak, infekzio hori identifikatzea eta hegaztien beste arnas gaixotasun batzuetatik bereiztea izango du ardatz, baita agerraldiak kudeatzeko eta prebenitzeko estrategiarik berritzaileenak ere.

Animalien osasunari buruzko lidergoa eta esperientzia

AVEDILA Sinposioaren edizio hau NEIKEReko Animalien Osasun Departamentuak antolatu du. Animalien osasunaren alorrean duen esperientzia eta lidergoak bermatuta, zentro teknologikoak bere ezagutza praktiko eta tekniko sendoa eskainiko dio topaketari. Diagnostiko Laborategiaren eta I+G arloaren artean banatutako 40 adituko talde batek lagunduta, NEIKEReko Animalien Osasun Departamentuak zaintza epidemiologikoan, diagnostiko teknika aurreratuen garapenean eta gaixotasunen kontrolean dihardu. Bere ekarpen nabarmenen artean honako ekimen hauek daude: INNOTUB II Europako proiektua, animalien tuberkulosiari aurre egiteko diagnostikorako protokolo eta kontrol tresna berriak garatuko dituena; PYRTICK, kaparrek transmititutako gaixotasun zoonotikoen banaketa, ekologia eta transmisio potentziala ezagutzea eta iragartzea helburu duena, prebentzio eta sentsibilizazio neurriak proposatzeko; edo Q-NET-ASSESS, Q sukarra eragiten duen Coxiella burnetii patogenoa isolatzeko metodoak hobetzera eta karakterizazio genomikoa egitera zuzendua.

Izen ematea zabalik dago Sinposioaren orrialde ofizialean.

AVEDILA

Albaitaritzako Laborategiko Diagnostikoko Espezialisten Elkarteak (AVEDILA) profesionalen, unibertsitateen, ikerketa zentroen eta arlo horretako beste eragile batzuen arteko lankidetza eta ezagutza trukatzea sustatzea du helburu. Horretarako, jardunaldi teknikoak eta sinposioak antolatzen ditu modu erregularrean, ezagutzen hedapena eta dibulgazioa bultzatzeko eta, batez ere, albaitaritzako diagnostikoa etengabe eguneratzeko, hainbat espezialitate eta lantokitan.