Gesklima Muskizen kokatutako enpresa bat da, etxebizitzetako, negozioetako eta industriako klimatizazioaren sektorean lan egiten duena. Zehazki, berogailu, aire egokitu, aireztapen eta eguzki-energia zerbitzuak eskaintzen ditu, eta hainbat markarekin egiten du lan, instalatzaile eta mantentze-lanetako teknikari gisa. 16 langile ditu, eta enpresa nabarmen hazi da azken hiru urteetan, helburu argi batekin: berrikuntzaren aldeko apustua.
“Beti saiatzen gara azaltzen diren teknologiarik berritzaileenak erabiltzen. Badira urte batzuk instalazio bera hainbat teknologiaz osatzea erabaki genuela, eraginkorragoak izan daitezen”, azaldu du Eneko Aguado Gesklimako gerenteak. Gainera, enpresak batez ere energia berriztagarrien elementuekin egiten du lan, eta biomasan, aerotermia prozesuetan, eta eguzki-energia termikoan espezializatu da.
Hazkunde prozesu honetan Gesklimak SPRI Taldearen laguntza jaso du Hazinnova programaren bidez, lau aldietan. Lehen bi proiektuetan, enpresaren barne prozesua jorratu zen. “Programak lagundu digu enpresaren barruan erantzukizun arloak berregituratzen, gure baliabideak hobeto optimizatzeko eta eraginkortasuna hobetzeko. Enpresak izan duen aldaketa handiaren ondorioz, langileak etengabe ikasten egon behar dira”, azaldu du Eneko Aguadok.
Bestalde, Gesklimak enpresaren arlo ekonomiko-finantzarioa eta marketina ere landu ditu Hazinnovaren eskutik. “Fakturazio-bolumen handiagoa dugunez, programak gure kontuak hobeto bideratzen eta hobeto kontrolatzen lagundu digu. Marketina orain arte sartu ez garen mundu bat da, eta gure lana nola komunikatu eta zein plataformatan mugitu planifikatzeko balio izan digu”, nabarmendu du gerenteak.
Gesklima Muskizeko San Martin industrialdeko instalazio berri batzuetara lekualdatu da, bere hazkundeari erantzuna emateko. Datozen urteetan, enpresak egin dituen aldaketa guztiak sendotzea du helburu, bai eta langile-kopurua handitzea ere, arlo teknikoan lau bat langile gehiago izanez.
Euskal enpresen artean berrikuntza bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainetatik konpainia handietaraino, SPRI Taldeak Hazinnova, BDHI Konexio edo Innobideak bezalako berrikuntzarako programak eta laguntzak ditu.