Larrialdien eta babes zibilaren arloko bereizgarriak emateko hautagaiak aurkezteko epea zabaldu da

0
  • EHAAn gaur argitaratu da Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuaren agindua, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sistemaren mende dauden organismoei euren proposamenak aurkezteko aukera ematen diena
  • Interesa duten entitateek hilabeteko epea izango dute hautagaiak aurkezteko

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian gaur argitaratu da Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuaren agindua, larrialdien eta babes zibilaren arloko dominak edo plaka-diplomak emateko prozedura hasten duena. Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sistemako zerbitzuen mende dauden erakunde, enpresa, entitate eta antolakundeek, profesionalek nahiz boluntarioek, hilabeteko epea izango dute, aipatutako agindua argitaratzen denetik zenbatzen hasita, egoki iritzitako 2024. urteari dagozkion proposamenak eta hautagaiak aurkezteko.

Segurtasun Sailak 2017an sortu zituen larrialdien eta babes zibilaren arloko ohorezko bereizgarri horiek, publikoki aitortzeko asmoz esku hartzeko zerbitzuetako pertsonalaren jarduketa aipagarriak eta herritarren inplikazioa eta laguntza, arrisku kolektibo larriko, hondamendiko eta lazeria publikoko egoera larrietan pertsonak eta haien ondasunak eta ondare kolektiboa babesteko lanetan.

Sariak hiru kategoriatan banatzen dira: Larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren domina, Larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren plaka-diploma eta Euskadiko babes zibileko boluntarioen lana aintzatesteko diploma.

Eusko Jaurlaritzak Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sisteman sartuta dauden erakunde guztiei dei egiten die aurreikusitako epean aurkez ditzaten euren ustez bereizgarri horiek merezi zituzten hautagaiak.

Saritutako pertsonen eta erakundeen identitatea 2025eko otsailean emango da argitara, 112ren Europako Eguna ospatzeko ekitaldian.