Mikel Torres Lehendakariordeak Oarsolan Enplegurako eta Gizarteratzeko Berrikuntza Zentroaren egoitza inauguratu du

0
PRUEBA

Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak Oarsolan Oarsoaldeko Enplegu eta Inklusiorako Berrikuntza Zentroaren egoitza inauguratu du gaur, Errenteriako Larzabal auzoan, Alfonso Gurpegui Enplegu eta Inklusio sailburuordearekin, Arantza Martínez Enplegu eta Inklusio zuzendariarekin, eta Francisco Pedraza Lanbideko zuzendariarekin batera.

Ikuspegi integralarekin eta pertsonengan zentratutako ikuspegiarekin, Oarsolan laneratzean berrikuntzarako espazio fisikoa izateaz gain, eskualdeko garapen ekonomiko eta sozialarekiko konpromiso irmoa ere bada.

Helburu nagusia langabeen eta bereziki zaurgarrien gizarteratzea eta laneratzea sustatzea da, enplegura eta gizarteratzera bideratutako eragileekin elkarlanean. Hainbat espazio eta zerbitzuren bidez, zentroak langabeei, ekintzaileei eta enpresei laguntza integrala eskaini nahi die, hori guztia hainbat erakunderen arteko lankidetzan oinarritutako gobernantza-esparru baten barruan.

«Erakundeen arteko lankidetzaren ikuspegi honek fruituak eman zituen Berpiztu programan, eta horietako bat zentro hau da. Legegintzaldi honetan garatuko dugun Enplegu Legeak aurreikusten duen Enplegurako eta Gizarteratzeko Berrikuntzaren Euskal Sarearen parte izango da zentro hau, gure politiketan eraginkorragoak izateko eta lana bilatzen duten pertsonei eta lehiakorrak izaten jarraitzeko langileak behar dituzten enpresei hobeto zerbitzatzeko. Era berean, lan-merkatutik urrunen dauden pertsonak edo kualifikazio-maila handiko pertsonak lurraldean errotuta daudenak laneratzea ahalbidetu nahi dugu «, adierazi du Torresek.