Osasun Sailak 750.000 euro bideratuko ditu Euskadin osasun-teknologiaren arloko I+G+b sustatzeko

0

Laguntzak Medtech ekimenaren barruan kokatzen dira. Ekimen horren helburua da Osasun Sistema Publikoaren laguntza euskal enpresen berrikuntzari ematea, enpresen eta profesional sanitarioen arteko elkarrekintza sustatzeko

Enpresen produktuak, teknologiak eta zerbitzuak garatzeko prozesua babestea eta bizkortzea, batez ere Euskadiko osasun-sistemako ikerketa-institutuetan haien baliozkotzea eta testatzea erraztuz; horixe da Gobernu Kontseiluak gaur baliozkotutako Osasuneko sailburuaren Aginduan jasotako laguntzen helburu nagusia.

Jakina den bezala, euskal osasun-sistemak funtsezko eginkizuna du enpresekin eta eragile zientifiko-teknologikoekin lankidetzan aritzeko, eta horrela hauen produktuen eta zerbitzuen garapena errazteko: produktu berrien aholkularitza eta orientazioa, ideiak kontrastatzea, erronka kliniko berriak identifikatzea eta pazienteen artean osasun-teknologiak baliozkotzeko eta testatzeko azterketa klinikoak egitea.

Zehazki, Aginduan jasotako laguntzak Medtech ekimenaren barruan sartzen dira. Ekimen horren helburua da Osasun Sistema Publikoak euskal enpresen berrikuntza babestea, osasun-teknologiak baliozkotzeko eta erakusteko prozesuetan lagunduz. Azken batean, enpresen eta osasuneko profesionalen arteko elkarrekintza sustatu nahi da, eta Euskadiko osasun-sistemak enpresa-ingurunerako proba-banku gisa («living lab») funtzionatzeko duen gaitasuna bultzatu, euskal enpresek nahitaez beste osasun-sistema batzuetara jo behar izatea saihestuz.

Deialdi honek 750.000 euroko zuzkidura izango du, eta azterketa kliniko gisa kategorizatutako I+G+B proiektuak finantzatuko ditu, hainbat fasetan: ingurune klinikoko lehen kontzeptu-probetatik hasi eta merkaturatu osteko jarraipen-azterketaraino.

Euskadin I+G+Bko jarduera bat daramaten enpresen proiektuak izango dira onuradunak: mikroenpresak (mikroETEak); enpresa txiki eta ertainak (ETEak); eta enpresa handiak, baldin eta proiektu horiek Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko eragileekin lankidetzan egiten badituzte; hauek osasun-ikerketako zentroen kategorian, garatu beharreko azterketa klinikoen kalitatea ziurtatzeko beharrezko gaitasunak baitituzte.