“Gure Sailak gure konpromiso politikoen bideragarritasun ekonomikoa bermatu behar du”, adierazi du Noël d’Anjou sailburuak

0

 “Gure Sailak gure konpromiso politikoen bideragarritasun ekonomikoa bermatu behar du. Eta uztailetik ari gara sail guztiekin lanean”. Premisa horri dagokionez, Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak gogorarazi du egutegiak hainbat datu ezagutzea eskatzen duela: defizitaren bidea, diru-bilketa, aurreikuspen ekonomikoen berrikuspena… Zehaztu duenez, “Jaurlaritzak beste talde politiko batzuekin negoziatuko du”.

Gaur Radio Euskadiko “Boulevard” saioan egindako elkarrizketan, d’Anjouk gaurkotasuneko gaiak aztertu ditu, hala nola jasotzeke dauden eta Estatutuan bilduta dauden transferentzien prozesua. Zehazki, Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren transferentziaz hitz egin du: “12.000 milioiko zenbatekoarekin lan egin behar da. Jasotzeke dauden transferentzien artean konplexuena da, eta horretan ahalegindu behar dugu hasiera-hasieratik. Gure asmoa da 2025eko abendurako transferentzia guztiak eskuratzea”.

Euskadiko egoera ekonomikoaren inguruan nabarmendu duenez, ekonomiak “erritmo egonkorra mantentzen du, eta 2024ko abenduko urte arteko hazkundearen zain egon behar dugu. 2025erako aurreikuspenak berrikusten ari gara. EUSTATek atzo kaleratu zituen datuak aztergai dugun esparruaren barruan daude, baina egia da industria ez dela ekonomiari tira egiten dion sektorea”.

Finantzen Euskal Kontseiluaren hurrengo bilera urriaren 15erako aurreikusita dago, eta bilera horri begira, Ogasun eta Finantzetako sailburuak aditzera eman du bilera horretan jakingo direla diru-bilketaren datuak. Onartu duenez, «mutualistei egindako itzulketek eragin handia izango dute diru-bilketan. Hori dela eta, aurtengoa urte atipikoa izango da, eta inpaktu horren zati bat hurrengo urteetan finkatuko da”.

Legebiltzarreko lehen agerraldia egin eta astebetera —legealdi honetarako Sailaren jarraibideak finkatu zituen agerraldi horretan—, d’Anjouk eduki horren zati bat aipatu du, eta nabarmendu du ezinbestean aztertu behar direla “politika publikoetarako zein finantzaketa-tresna aktibatu behar ditugun”. Jaurlaritzak bere tresna propioak ditu, hala nola FINKATUZ, eta horri etekina atera behar diogu enpresak bertan errotu daitezen. Gure helburua da herrialde honetan dagoen finantza-indarra publikoa eta pribatua uztartzea, trantsizio energetikoetan, digitaletan eta sozialetan aurrera egin dadin.

Autogobernuaren inguruan d’Anjouk aditzera eman duenez, “Estatuarekin dugun erlazioa alde bikoa da. Zerga berrien sorrerak zerga horiek ituntzea eta gaitasun arautzailea edukitzea eskatzen du”. Euskadiko Ekonomia Itunaren berezitasuna ere nabarmendu du, “solidarioa da, inolako zalantzarik gabe. Berme guztiak dituen sistema da eta alde bakarreko erantzukizuna eta arriskua dakar. Halaxe, jasota dago Espainiako Konstituzioan, eta Europaren abala du”.