Imanol Pradales Lehendakariak: «Herri gisa hobetzea eta aurrera egitea ahalbidetzen diguten zientzia, teknologia eta berrikuntza globaleko poloekin konektatu behar dugu»

0

Lehendakariak parte hartu du Deustuko Unibertsitatearen 2024-2025 ikasturteari hasiera emateko ekitaldian, gaur eguerdian, Donostiako Campusean

Deustuko Unibertsitatearen 2024-2025 ikasturteari hasiera emateko hitzaldian, Imanol Pradales lehendakariak azpimarratu du Euskadiren garapenerako eta oparotasunerako konektibitateak duen garrantzia. «Herrialde gisa hobetzea eta aurrera egitea ahalbidetzen diguten zientzia, teknologia eta berrikuntza globaleko poloekin konektatu behar dugu», adierazi du.

Era berean, Pradalesek nabarmendu du herrialde baten garapena sustatzeko beste faktore garrantzitsu bat dela ezagutzan eta zientzian inbertitzea. Horretarako, Deustuko Unibertsitatearen leloa bera ekarri du gogora: «Sapientia melior auro» (jakintza urrea baino baliotsuagoa da). «Lelo honek adierazten du zein garrantzitsua den herrialde batentzat ezagutza aurreratuan eta zientzian inbertitzea. Hori egiten duen gizarte bat bere buruan inbertitzen ari da, egunetik egunera hobea eta askeagoa izatean. Zientzian eta ezagutza aurreratuan inbertitzeak osasunean, hezkuntzan, kulturan edo industria-jardueran inbertitzea esan nahi du. Bizi-kalitatean inbertitzea», adierazi du.

Unibertsitateko ikasketetan euskara sustatzea

Lehendakariak inaugurazio-hitzaldian nabarmendu duenez, unibertsitateek euskara sendotzeko zeregin erabakigarria dute. Horren harira, Patxi Altuna zena ekarri du gogora. Altuna Deustuko Unibertsitateko irakaslea izan zen, baita euskaltzaina ere. Pradalesek gogorarazi du Patxi Altuna aintzindaria eta giltzarria izan zela Deustuko Unibertsitatean euskara sustatzen «Altuna harro egongo litzateke unibertsitatean euskara indartzen jarraitzen dugulako», esan du Lehendakariak.

Hasiera ekitaldia gaur eguerdian egin da Deustuko Unibertsitateak Donostian duen Campusean. Imanol Pradalesekin batera, presidentzai mahaian izan dira Juan José Etxeberria Deustuko Unibertsitateko errektorea; Francisco Javier López Ariztegui Kantzilerorde eta Unibertsitateko Gobernu Kontseiluko presidentea; Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua; eta Stella Solernou Unibertsitateko idazkari nagusia.