Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak zerbitzu publikoak bermatzearen aldeko apustua egin du, justizia eskuragarria eta memoria deslegitimatzailea eta kritikoa ziurtatzeko

0

Maria Jesus San Jose erabateko kultura demokratiko baten oinarriak finkatzearen alde dago

Justizia eta Giza Eskubideen sailburu Maria Jesus San Josek zerbitzu publikoak bermatzearen aldeko apustua egin du, oinarrizko eskubideak bermatzeko, eta justizia, gizarteratzea, askatasuna eta segurtasuna eskura izateko». Esan duenez, legegintzaldi honetarako berak zuzentzen duen Sailaren helburua da, bertan «erabateko kultura demokratiko baten oinarriak ezartzen dituen memoria deslegitimatzaile, kritiko eta inklusibo baten alde» egingo baitu.

San Josek gaur itxi du Eusko Legebiltzarrean sailburuen agerraldi-erronda, berak zuzentzen duen Sailak legegintzaldi honetan garatuko dituen politiken ildo nagusiak aurkeztuz. Lantalde osoarekin —besteak beste, Justiziako eta Giza Eskubideetako sailburuorde Alfonso Gomez eta Alfredo Retortillo, hurrenez hurren, eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendari nagusi Alberto Alonso—, sailburuak bere jarduna markatuko duten hiru ardatzak nabarmendu ditu, «justizia, espetxe-kudeaketa barne, biktimak eta memoria».

Ildo horretan, honako hau azpimarratu du: «gure helburua zerbitzu publikoak bermatzea da, oinarrizko eskubideak, Justiziarako sarbidea, birgizarteratzea, askatasuna eta segurtasuna bermatzeko. Delitutik babesteko eskubidea, ulertzeko eta ulertarazteko eskubidea, bizitza berri bati ekiteko eskubidea —norbait espetxera eraman zuen eragindako kaltearen bidegabekeria aitortuz—, biktimen memoriarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea, tresna guztiak eta ezagutza akademiko guztia edukitzeko eskubidea, memoria hori kritikoa eta zorrotza izan dadin”.

Lan horren guztiaren abiapuntua, bere ustez, «justizia eskuragarriagoa, efizienteagoa eta kalitate handiagokoa lortzeko baliabideak eta zerbitzuak izatea» izan behar da, kolektibo ahulenen babesa indartuz, sistemak bidean lagun diezaien.

San Josek zehaztu duen bezala, «Justizia eta Giza Eskubideen arloaren nahia berme-prozesu baten ikuspegi sozial eta osagarrian murgiltzea da, Justizia eskuragarri izatetik hasi eta legea urratzen duten ekintzen deslegitimaziora, espetxeen birsozializazio-lana egiten duen zubiaren laguntzarekin». Gaineratu duenez, «ezinbestekoa da arlo guztietan zerbitzu publikoa ematen duten pertsonen lana, baita laguntzaileak eta hirugarren sektoreko elkarteak ere»; horiei bere esker ona adierazi die eta etorkizunean lankidetza hori hobetzeko konpromisoa agindu die.

Biktimei laguntzea

San Josek azpimarratu duenez, arauak betetzen dituen gizartearen gehiengo zabala «funtsezko bi eskubide bermatzen dizkion eredu baten onuradun nagusia da: batetik, Justiziaren bidez edozein erasotatik legez defendatzea, eta, bestetik, segurtasuna, presoen gainean esku-hartzeak hauek ekintza okerretan berrerortzea saihesten duelako». Hala ere, aitortu duenez, «biktimek laguntza dutela sentitu behar dute beren sufrimendua kudeatzeko, nahiz eta kaltea konponezina izan. Jakin behar dute kalte hori eragin duen pertsonak ez diola beste inori kalte hori eragingo, demokraziak, bere arau eta aukerekin, irabazi egin duelako».

Horren harira, «motibazio politikoagatik eragindako edozein giza eskubideren urraketa erabat deslegitimatzen duen memoria kritiko bat eraikitzeko beharrari buruzko Jaurlaritzaren akordioa zorrotz betetzeko» borondatea azpimarratu du.

«Gure duintasunak, gizarte gisa, eraiki nahi dugun Euskal Autonomia Erkidego zintzoak, bizirik izan behar du memoria kritiko hori, zulo beltz bat, zigorrik gabeko espazio bat, erantzun gabeko galdera bat, bete gabeko zigor bat eta osatu gabeko birgizarteratze bat utziko ez duena», esanez amaitu du.