SpanSeten historia eslinga izeneko segurtasuneko tresna bati lotuta dago. Orain mende erdi baino gehiago, kako batzuk zituen eta itxuraz soila zen zinta bat Gipuzkoako enpresa honen produktu nagusi bihurtu zen. Enpresak familia-izaera du eta Villabonan dago. Gaur egun, SpanSetek bizitza baliagarria luzatzen duten errendimendu handiko eslinga trinkoekin bultzatzen du ekodiseinua. Guztira, 60 profesionali ematen die lana eta nazioartean erreferentea da altxatzeko edo lotzeko sistematan edo altuerako segurtasunean. Bere merkatu nagusiak Frantzia eta Portugal dira. Marketineko zuzendariak, Clara Grijalbok, azaldu digunez, Fabrika Metodoa gehituta, enpresak ikuspegia zabaldu eta proiektu estrategikoei heldu ahal izan die, digitalizazioaren aldeko apustua eginez eta ingeniaritzaren garapenean inbertsioa eginez.
Zein izan da SpanSeten bilakaera hasieratik gaur egunera arte?
SpanSet orain 50 urte baino gehiago sortu zen segurtasun arloko berrikuntzari lotutako start-up gisa. Ordu hartan, sortzaileak, Volvoko ingeniariekin batera, automobiletarako segurtasun-uhala garatzeko lanean parte hartu zuen. Poliesterraren propietateak (erresistentzia eta arintasuna, adibidez) probatu ondoren, material horrek katea eta kablea ordezkatu zituen kargak eslinga bidez altxatzeko lanetan. Zalantzarik gabe, mugarria izan zen fabrikazio industrialaren arloko altxatze- eta iraultze-maniobratan. Ordutik, berrikuntza gure oinarrietako bat da. Gaur egun, enpresa nagusia Suitzan duen nazioarteko talde bateko kideak gara. Hamabost filial eta soluzio espezifikoetarako fabrikak ditugu Alemanian, Ingalaterran eta Villabonan.
Zein da enpresaren jarduera nagusia?
Kargak altxatzeak erronka handia sortzen du pertsonen, ekipoen eta instalazioen segurtasunerako. Izan ere, bene-benetakoa da istripua izateko arriskua. Soluzio konplexuetan erreferenteak garenez, arrisku handiko maniobretarako soluzio integralak sortzen ditugu eta soluzio horiek era askotako produktuak (eslingak, esate baterako), altxatzeko tresnak eta gailuak, ikuskapenak, ziurtatze-lanak eta langileak gaitzeko prestakuntzak biltzen dituzte.
Lehiakideen aurrean, zer zigilu bereizgarri duzue?
Ezagutza tekniko handia eta gertutasuna dira gure ezaugarri bereizgarriak. Altxatze kritikoak egiteko maniobra bakoitzerako soluzio egokia eskaintzen dugu: tona kopuru handiko kargak (400 T arte), pieza sentsibleak eta sofistikatuak, kostu handiko makinak.
Zer sektorerekin egiten duzue lan batez ere?
Aeronautikaren sektorerako, automobilgintzarako, ontzigintzarako edo siderurgiarako egiten dugu lan. Enpresa hauen konfiantzazko bazkidea gara: Nordex, Siemens Gamesa, Airbus, ABB, Mercedes-Benz, Michelin, Navantia, ArcelorMittal edo Amazon, besteak beste.
Zer behar mota eskatzen du bezeroak?
Bezeroek soluzio eraginkorrak behar dituzte (denbora gutxitzeko) soluzio moldakorrekin, ergonomikoekin (lesioak eta bajak ekidin ahal izateko) eta seguruekin (istripu-arriskuak enpresa arriskuan jar dezakeelako).
Nola bateratzen duzue jasangarritasuna bilatzeko helburua eslingaren moduko produktuetan?
Ekodiseinua errendimendu handiko eslinga trinkoekin bultzatzen dugu. Horiek lehengai gutxiago behar dituzte eta konpondu egin daitezke, hala, haien bizitza baliagarria luza daiteke. Orain gutxi, Magnum Green berria, jatorri biologikoko zuntzekin fabrikatutakoa, merkaturatu dugu. Hala, fabrikazioan, poliesterrezko eslinga konbentzional batek baino zazpi aldiz CO2 gutxiago isurtzen da.
Zer ekarri du SpanSeten moduko ETE batentzat `Fabrika Metodoa´ txertatu izanak?
Orain hiru urtera arte, arretagunea gure egunerokotasunean genuen eta, prozesu horri esker, begirada goratu eta proiektu estrategikoei heldu ahal izan diegu (enpresaren digitalizazioa, adibidez), berrikuntza-proiektuetara baliabide gehiago bideratu dugu eta ingeniaritza garatzeko inbertsioak egin ahal izan ditugu. Orain, enpresa lehiakorra eta etorkizunekoa gara, merkatuak dituen beharrekin lerrokatuta.