Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak parte hartu du El Correok Euskalduna Jauregian antolatutako «Hazkundea eta lokalizazioa: enpresak Euskadin garatzeko gakoak» foroaren irekieran.
Torresek azpimarratu duenez, «Euskadi hobeto eta sendoago hazten da, inbertsioaren hazkundea handiagoa baita Euskadin ( % 1,6), eta hori berri ona da, etorkizunean BPGren hazkunderako oinarriak jartzen dituelako».
Euskadin enpleguak izan duen bilakaera positiboari dagokionez, Lehendakariordeak azaldu duenez, «duela hilabete batzuk, ekainean, Gizarte Segurantzan afiliatutako pertsonen kopuru errekorra lortu genuen, milioi bat kotizatzailetik gora, eta horrek esan nahi zuen inoiz baino jende gehiago zegoela lanean eta eskubideekin, azken urteotan Euskadin eta Espainian politika publikoak eraikitzeko erabili den lurzoru sendoa berretsiz». Gaineratu duenez, «enpleguari buruzko datuak epe ertain eta luzeko ikuspegiarekin irakurri behar dira, urtaro-efektua deskontatzeko. Ildo horretan, 2024ko abuztuan, urte arteko zenbaketan, iazko hil berean baino 10.574 gehiago pertsona daude afiliatuta Gizarte Segurantzan «.
Azkenik, Torresek STEP funtsek (Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana) Euskadiko produkzio-sisteman eta benetako ekonomian duten garrantzia eta eragina helarazi nahi izan du. «Gure helburua da funts horiek Euskadin duten eragin sozioekonomikoa aztertzea eta talde politiko guztiei eta ekonomia- eta enpresa-munduari enpresa onuradunen kopuruaren deskribapen sakon eta zehatza helaraztea».
2021ean sortu zenetik 2.800 milioi euro inguru banatu dira Euskadin. «Estatuko kudeaketa-funtsen ebazpen-tasa batez bestekoa baino handiagoa da EAEn ( % 74,2). Eta kudeaketa autonomikoaren gainerako % 50etik, % 95 sartu da Euskadin eta onuradunen eskura dago», amaitu du Lehendakariordeak.