Eusko Jaurlaritzak naturan oinarritutako konponbideetako erreferentzia bihurtu du Euskadi, hogei proiektu aurkeztuz

0

Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak “Naturan oinarritutako konponbideak Euskadin: klima-aldaketara egokitzeko 20 kasu arrakastatsu” aurkeztu du Bilbon egindako jardunaldi batean. Bertan, Adolfo Uriarte Eusko Jaurlaritzako Natura ondarearen eta Klima-aldaketaren zuzendariak gogorarazi du «duela 15 urtetik apustua egin dela irtenbide horien alde, ekosistemak modu jasangarrian kudeatzen eta lehengoratzen laguntzen dutelako», aldi berean giza ongizaterako eta biodibertsitaterako onurak eskainiz. Deskribatutako 20 kasu horietan, 54.000 zuhaitz, zuhaixka eta landare usaintsu inguru landatu dira, eta 490.000 m2 baino gehiago birnaturalizatu dira; eskolako patioak, plazak, aparkalekuak, industrialdeak, zubibideak edo errepideak. Era berean, 35 hektarea baso, uholde-lautada eta itsasertz birnaturalizatu dira.

Eusko Jaurlaritzak Naturan Oinarritutako Konponbideak (NBS, ingelesezko siglak) hedatzeko egiten duen politika publikoa plangintzatik ekintzara doa. Hogei kasu berri horiekin, NBSek erabili dituzten 90 proiektu finantzatu dira guztira, Euskadiko 54 udalerritan: % 39 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerri txikietan, % 33 5.000 eta 50.000 arteko biztanleria duten tamaina ertaineko udalerrietan, eta % 28 50.000 biztanletik gorako udalerrietan, EAEko 3 hiriburuak barne. NBSak hiru lurralde historikoetako kostaldeko eta barnealdeko udalerrietan, hiriburuetan eta herri txikietan ezarri dira.

Gaur aurkeztutako argitalpenak Ihobek aurrez argitaratutako hainbat lanei jarraitzen die, eta guztiek Euskadi “Europako erreferentziazko eskualde” bihurtzen dute. Hala nabarmendu du bere hitzaldian Paola Leporik, Naturan Oinarritutako Konponbide Politiken Europako Batzordeko arduradunak, eta «Euskadik naturan oinarritutako egokitzapena bultzatzeko egindako ibilbide luzea» goraipatu du. Ildo horretan, berriki onartutako Trantsizio Energetikoari eta Klima-aldaketari buruzko Euskal Legeak zehazki aipatzen ditu azpiegitura berde eta urdinaren eta Naturan Oinarritutako Konponbideen sustapena, plangintza eta aprobetxamendua, lurraldearen egokitzapena eta erresilientzia lortzeko.

 

Sei esperientzia praktiko

Bartzelonan, Milanen eta Glasgown garatutako proiektuetako irtenbideez gain, jardunaldian zehar Euskadiko sei kasu praktiko erakutsi dira; lurralde historikoetako hiru hiriburuetan, eta Oñati, Sestao eta Ea udalerrietan.

Garraio-azpiegiturek birnaturalizazio-ahalmen handia dute, eta hirien bizigarritasunari laguntzen diote. Hala, nabarmentzekoa da Bilboko Maria Diaz de Haro kalean ibilgailuentzako 6.000 m2 bide korridore berde bihurtu izana.

Bestalde, Oñatiko eskolaren birnaturalizazioa eraikin baten birgaitze osoa egiteko NBSak erabiltzearen adibide bat da; estalki berdea, barruko bainu lehorrak eta zurezko fatxada. Proiektuak beste NBS batzuk ditu kanpoko aldean, hala nola ur grisen fitoarazketa sistema eta eskolako patioko zoladura iragazkorra.

Gasteizen, Jundizko industrialdeko 43 hektarea birnaturalizatu dira, eta aisialdirako gune berri bihurtu dira.

Eari dagokionez, 5.000 m2 baino gehiagoko aparkaleku itzulgarria sortu da Urtubiaga fabrika zaharra zegoen lursailean. Aparkalekua egiteko, zoladura iragazkorrak, zanga drainatzaileak eta fitoarazketa-sistema bat erabili dira, azaleko ura araztu ondoren lurrera errazago itzultzeko.

Gidan, landa-eremuetan etxeko hondakin-urak arazteko egin diren fitoarazketa-sistemak ere agertzen dira. Sistema horiek, saneamendua heltzen ez den herrigune sakabanatuetarako irtenbide egingarri, eraginkor eta merkeak dira. Hiru udalerrik erabili dute horrelako irtenbidea: Oñatik, Ibarrangeluk eta Etxebarrik. Instalazio osoaren azalera 159 m2-koa da, eta 78 biztanle hornitzen du.

Gidak, gainera, Bakion, Orendainen eta Donostian 30,4 hektarea bertako espezieekin basoberritzeko hiru proiektu erakusten ditu. Azkenik, kostaldean, Tonpoiko itsaslabarretan (Bermeo) kostako 1,4 hektarea eremu natural nola berreskuratu den azaltzen da.

 

NBSak Euskadin nola hedatu diren eta emaitzak

Eusko Jaurlaritzak 15 urte baino gehiago daramatza NBSak hedatzearen aldeko apustua egiten, lurraldean soluzio horiek ezartzea bultzatzen duen arau- eta plangintza-esparrua garatuz.

Aurrekoaren adibide da zenbait proiektu eraldatzaile eta kolaboratibo bultzatu dela, hala nola LIFE IP Urban Klima 2050, 2019an onartua, Euskadiko hainbat udalerritan NBSen bidezko 40 ekintza garatzen dituena, eta Horizon Europe programaren Regions4Climate proiektua, Natura 2000 Sareko Txingudiko estuarioan padura bat berreskuratuko duena.