Gaur, osteguna, irailak 26, Gobernu Kontseiluan onartu dira ere irakasle laguntzaile doktoreen 27 plaza berri, gehienak erretiroen programari lotuak. Udazken honetan aterako dira lehiaketa publikora, uztaileko Gobernu Kontseiluan sortutakoekin batera, 90 plaza inguruko deialdi batean, ekainaren amaieran deitu ziren 200 plazei gehitu beharrekoak. Horrela, 1.000tik hurbil daude errektoretza agintaldi honetan deitu diren karrera hasierako plazak (irakasle laguntzaile doktoreak edo, LOSUren aurretik, irakasle atxikiak).
Era berean, onartu egin da irakasle-ikertzaileentzako 2024ko Enplegu Publikoaren Eskaintza. Txanda libreko 174 plaza izango dira (107 plaza irakasle agregatuentzat, 40 plaza irakasle titularrentzat eta 27 plaza I3 edo R3 ikerketa bikaintasuneko ziurtagiria dutenentzat), eta barne promozioko 38 plaza (18 katedra eta 20 irakasle oso). Enplegu publikoaren eskaintza horretan sartu dira, bai bitartekoek betetako plazak (irakasle iraunkor izateko akreditatuta egonik, gehieneko denbora agortu dutenak irakasle atxikien edo laguntzaile doktoreen kategorietan), bai duela gutxi laguntzaile doktore postua lortu duten ibilbide luzeko pertsonen plazak. Den-denak sartuko dira urtea amaitu aurretik eginiko deialdian, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartutako lehiaketa prozedura betez. Azken EPEen ildotik, helburua da lana finkatzeko aukera ematea plazak erregularki betetzen ari diren pertsona akreditatu guztiei (irakasle laguntzaile doktoreak), bi urteko epean akreditatu direnetik.
Eva Ferreira errektorearen iritziz, “irakasle laguntzaile doktoreen plaza berriak eta enplegu publikoaren eskaintza berria onartzeak agerian uzten du UPV/EHUko lan baldintzak hobetzeko egiten ari garen eginahala; kasu honetan, irakasle-ikertzaileenak. Irakasle laguntzaile doktoreen plaza berriak onartzeak handitu egingo ditu unibertsitatearen giza baliabideak, eta erraztu egingo die doktore gazteei karrera akademiko egonkorrago eta erakargarriago baterako bidea. Bestetik, EPEaren plazek aukera emango die jada akreditatuta dauden irakasleei beren lanean lehenbailehen finkatzeko. Gure agintaldiaren hasieran geure buruari ezarri genion helburuetako bat izan zen urratsak egitea arlo honetan, lan egonkortasuna hobetuz eta etorkizunerako lan itxaropenak sortuz gure lankideentzat”.