Euskadik CO2 emisioak %33 murriztea lortu du 2005etik

0

Ihobe – Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak 2023ko Berotegi Efektuko Gasen (BEG) emisioen aurrerapena aurkeztu du, eta aurreikuspenek datu positiboak azaleratu dituzte berriro ere: Euskadik emisioak murrizten jarraitzen du, eta bere hazkunde ekonomikoa, aldiz, handitzen ari da. Horrela, Euskadiko emisioen beheranzko joera finkatu da: 2005. urtearekin alderatuta, %33 murriztu da, eta 1990arekin alderatuta, %18. 

Gainera, 2023ko emisioen aurrerapenak erakusten du hazkunde ekonomikoak ez dakarrela ingurumen inpaktu negatiborik: BEG emisioek murrizten jarraitzen duten bitartean, BPGak %1,8ko igoera izan du, Euskal Estatistika Erakundearen (Eustat) kalkuluen arabera.   

2023ko datuak hurrengo inbentarioan dagozkion estatistika doikuntzekin eguneratu egingo diren arren, joera hori bat dator Eusko Jaurlaritzak emisioei dagokienez ezarritako helburuekin, eta, zehazki, berriki onartutako Energia Trantsizioari eta Klima Aldaketari buruzko 1/2024 Legearekin, zeinak 2030erako emisioak %45 murrizteko helburua ezartzen duen, 2005 urtea oinarri hartuta.

  

Jaitsiera orokorra, sektore guztietan 

Ia sektore guztietan jaitsiera orokorra izan bada ere, emisioak gehien murriztu dituen sektorea energiarena da. Sektore horretan, %26ko jaitsiera aurreikusten da aurreko urtearekin alderatuta, ziklo konbinatu bidezko elektrizitatearen ekoizpena murriztu egin delako; hala, 2022ko energia krisiaren aurretiko balioetara itzuli da.  

Gogoratu behar da, 2022an, ekoizpen hidroelektriko txikiak eta Frantziara eta Portugalera egindako elektrizitatearen esportazio igoerak ziklo konbinatu bidezko ekoizpen elektrikoaren eskaera handitu zutela. 

Halaber, jaitsierak espero dira industriaren sektorean (%3), garraioarenean (%1), bizitegien sektorean (%18), zerbitzuenean (%5) eta hondakinen sektorean (%1).  

Sektore arautuen emisioei dagokienez, 2023an, %21 jaitsi ziren, 2022arekin alderatuta. Murrizketa hori, neurri handi batean, energia elektrikoa sortzeko instalazioek izan duten emisio murrizketaren ondorioa da (%59ko beherakada, 2022arekin alderatuta). Emisioen salerosketaren Europako araubideari dagozkion EU ETS emisio guztien %18 dira, hain zuzen.