Maria Ubarretxena sailburuak ekintzailetza teknologikoa sustatzeko eAwards sari-emate ekitaldian izan zen

0

Teknologiako startup onena saritzeko NTT Data Foundation-ek sustatutako eAwards sarien 23. edizioaren estatuko finala egin zen atzo Bilbon

Maria Ubarretxena, Gobernantzako, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua ekintzailetza teknologikoa sustatzeko eAwards sarien 23. edizioaren sari-emate ekitaldian parte hartu zuen atzo. NTT Data Foundationek antolatuta, Bilbon egin zen estatuko finala, lehen aldiz.

Ubarretxena sailburuak, NTT Datako ordezkarien, Ekonomia Sustatzeko  Bizkaiko Foru Diputatuaren, ekintzaileen eta zazpi statup finalisten aurrean, beharrezkotzat jo zuen administrazioaren modernizazio eta digitalizazioan sakontzea eta Euskadiko ekintzailetza teknologiko-digitalaren ekosistema babestu eta bultzatzea. Sailburuaren esanetan, ekosistema hori sostengatzea ezinbestekoa da Euskadin teknologiaren garapenean eta aplikazioan aurrera egiteko eta aurrerapen horiek ekintzaileen, industria-ehunaren eta euskal gizarte osoaren zerbitzura jartzeko. «Teknologiak pertsonen ongizatearen zerbitzura dagoen eraldaketarako-palanka izan behar du eta ekintzailetza digitala egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko giltzarri», nabarmendu zuen.

Ildo horretatik, Ubarretxenak bere hitzaldian berretsi zuen, «digitalizazioak eta teknologien erabilerak lagundu behar dutela zerbitzuak eta zerbitzuetarako sarbidea hobetzen eta herritarrekiko harremana sendotzen”. Horregatik, XIII. legegintzaldiko Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailaren helburu estrategikoetako bat da administrazio irekiagoa, adimentsuagoa, eraginkorragoa eta modernoagoa lortzea; «administrazioaren digitalizazioan, modernizazioan eta teknologiaren erabileran erreferente izan nahi dugu, zerbitzu hobea eskaintzeko eta bereziki, pertsonen egunerokotasuna errazteko”, aipatu zuen sailburuak.