30 eta 34 urte bitarteko hamar pertsonatik ia zazpi dagoeneko emantzipatuta daude

0
PRUEBA

30 urtetik gorako (30-34 urteko) hamar euskal gaztetik ia zazpi dagoeneko emantzipatuta daude. Izan ere, emantzipatzeko batez besteko adina 29,8 urtekoa da. Hala ondorioztatzen da Gazteen Euskal Behatokiak egindako ‘Gazteak, emantzipazioa eta etxebizitza-premia Euskadin’ izeneko azken azterlanetik. Azterlan horretan, oinarri hartzen dira Eusko Jaurlaritzako orduko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren estatistika-organo espezifikoak egindako ‘Etxebizitza Beharrei eta Eskaerari buruzko Inkesta – 2023’ inkestan 18 eta 34 urte bitarteko pertsonek emandako erantzunak.

Eta hori, egokia ez den testuinguru batean: alokairu-prezioek gora egin dute, eta hipotekak garestitu egin dira interes-tasek izandako igoeren ondorioz. Hala, 18 eta 34 urte bitarteko pertsona emantzipatuak % 31koa dira (ia hirutik bat).

Miren Saratxaga Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak nabarmendu duenez, txosten hau Emantzipa laguntza ezarri baino lehenagokoa da, eta, “hortaz, ez du laguntza horien inpaktua neurtzen”. Gainera, txostenak erakusten dituen ideia aipagarrienetako batzuk azpimarratu ditu. “Argazki honetan ikus daitekeenez, emantzipazioa hogeita hamar urtetik aurrera iristen da, eta, oro har, gazteek Euskadiko emantzipazio tradizionalaren ereduari jarraitzen diote: jabetzako eta bikotekidearekin partekatutako etxebizitzaren alde egiten dute”. Era berean, alde nabarmenak antzeman dira “sexuaren eta jatorriaren arabera”. Gazte atzerritarrek emantzipazio-tasa handiagoak dituzte (% 57,3, % 31ren aldean), eta emakumeak gehiago emantzipatzen dira (% 34,4, % 26ren aldean).

Zuzendariak nabarmendu du, halaber, emantzipatzeko asmoa duten hamar gaztetik seik beren udalerrian bertan emantzipatu nahiko luketela. Izan ere, emantzipatzeko garaian, gazteek nahiago dute beren gizarte-zirkuluarekiko hurbiltasuna, beren lanpostuarekiko hurbiltasuna baino.

Etxebizitza gehiago jabetzan alokatuta baino

Alokairuaren baliabidea ohikoagoa da gazteen artean herritarren osotasunean baino, baina gazteek ere nahiago dute jabetzako etxebizitza batera emantzipatu. Emantzipatuta dauden 18 eta 34 urte bitarteko pertsonen artean, erdiak baino gehiago (% 52,4) beren jabetzako etxebizitza batean bizi dira, eta % 44,5 alokairuko etxebizitza batean. Eta errealitate horri mantentzen ari da, 2015ean ehunekoak antzekoak baitziren: % 52,5 beren jabetzako etxebizitzetan bizi ziren, eta % 44,0 alokatutako etxebizitzetan.

Inkestan, etxebizitza errentan hartutako hamar pertsonatik bederatzik adierazi dute, hain zuzen ere, ez dutela diru-sarrera nahikorik edo egonkorrik erosi ahal izateko; beraz, alokairua aldi baterako aukera da. % 6,7k besterik ez dute adierazi beren egoerarekin ados daudela.

Alokatzen dutenek, askotan, erosi ezin dutelako daude egoera horretan, eta, batzuetan, ahalegin handiagoa eskatzen die horrek: hileko hipoteka-ordainketak baino 60 euro garestiagoak dira alokairuak, batez beste. Gainera, alokairu-araubidean emantzipatutako gazteen laurdenek gehiegizko esfortzu ekonomikoa egin behar dute horretarako: diru-sarreren % 40 baino gehiago zuzentzen dute errenta ordaintzera.

Hipoteka-maileguen interes-tasak igotzeak hipoteka-kuoten zenbatekoak handitzea ekarri du, eta alokairu-gastuen eta hipoteka-gastuen arteko aldea murriztu egin da. Hala ere, garestiagoa da alokairu-errenta ordaintzea hipoteka-kuota ordaintzea baino. Ez da harritzekoa, beraz, erosteko lehentasunak gora egin izana.

Txostenean nabarmentzen den beste datu bat da emantzipatutako gazteen % 12,1 bakarrik bizi direla etxebizitza babestu batean, nahiz eta ehunekoa desberdina den lurralde historikoaren arabera. Era berean, deigarria da emantzipatu behar dutenen % 53,5ek baino ez dutela esan Etxebideren Etxebizitza Zerbitzu Publikoa ezagutzen dutela, eta azken horien % 36 baino ez daudela Etxebiden etxebizitza-eskatzaile gisa izena emanda.

Eta hori, kontuan izanda etxebizitza babestu gehiago eraikitzea eta errentarik baxuenen artean alokairu-araubidea sustatzea direla, hain zuzen ere, etxebizitza-premia duten gazteen artean jarraitzaile gehien dituzten bi ideiak, irtenbideen inguruan galdetuta. Pertsonen % 22,7k adierazi dute hipoteka-kredituen interes-tasak jaistea irtenbide bat izango litzatekeela.