Amaia Barredo: “Euskadin garagardoa, sagardoa eta ardoa ekoizten dituztenek elkarlanean jardun behar dute euren produktuak merkaturatzen, eta ez dira elkarren lehian aritu behar”

0
PRUEBA

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak gaur goizean aipatu du: Euskadiko garagardo, sagardo eta ardo ekoizleek “elkarlanean jardun behar dute euren produktuak merkaturatzen, eta ez dira elkarren lehian aritu behar”. Barredok Basque Culinary Centerren egoitzan parte hartu du, Joxe Mari Aizegarekin eta Noemi Agirre Arabako Nekazaritzako foru-diputatuarekin batera, EDA Drinks and Wine Campusaren Lehenengo EDA Beer Summit topaketan. Topaketa horretan, egun hauetan, Euskadiko garagardoen ekoizpenak, kalitateak eta kontsumoak aztertuko dituzte.

Euskadin garagardoa ekoizten duten enpresa guztiak biltzen dituen Euskal Garagardo Elkartearen helburua da 2030ean ekoizpena Euskadiko merkatu-kuotaren % 5era iristea (7.000.000 litro), eta Euskadin edaten diren 100 garagardotatik 5 Basque beer izatea, funtsezkoa izanik sektorearen biziraupena ziurtatzeko.

Jardunaldia  Susan Wheeler, Francois Chartier eta Marco Pruneren azalpenekin hasi da, bertan zeuden enpresa garagardogileekin batera. EDA Beer Summit topaketak Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren laguntza du, eta EDA Drinks and Wine Campusek Gasteizen eta Guardian-Arabako Errioxan EDA egoitzak ireki aurretik aurreikusitako jarduera-programaren barruan dago.

Euskadiko artisau-garagardoaren sektorearen egoerari dagokionez, azken txostenak nabarmentzen du Euskadin 1998an sortu zela Estatuko lehenengo Craft garagardogile independentea: Oiartzungo Pagoa Garagardoa. Guztira 2 milioi litro ekoizten dituzte urtean 21 garagardogileek, hau da, kontsumitzen denaren % 1 baino ez. Horren merkataritza ostalaritzako fakturazioaren % 25 da eta zerga-bilketaren % 2,6.

Bilakaera positiboa

“Urte hauetan, gure herrian, hemen Euskadin, garagardoaren sektoreak bilakaera positiboa izan du egunetik egunera, beti gizartearen ohituren eta merkatuen kanpainen gorabeherekin”, azpimarratu du Amaia Barredok. “Asko dira fabrikatzaile berriak, baina sektorean itxiera, lekualdatze eta kontzentrazio-prozesu batzuk erregistratu dira 2020ko covid19aren pandemiaren eta, Ukrainako gerra dela eta, kostuen igoeraren ondorioz. Gaur egun 21 garagardo-enpresa daude Euskadin. Zifra esanguratsua da hain herrialde txikia izanik”.

“Euskadin garagardoa “gaztea” da. Hemen garagardoa, oraingoz, ez dago beste edari batzuk, besteak beste, ardoa edo sagardoa, bezain errotuta, eta ez du beste edari horiek adinako tradizioa. Garagardoa, belaunaldi berrien kontsumoan ohikoena –alkoholduna edo alkohol-graduaziorik gabea–, aspalditik egiten da, Kutz familiak ekarritakoa bezalako marka eta fabrika ikonikoekin. Baina enpresen hazkundeak eta artisau-garagardoaren kontsumoaren bolumenak jarduera berriak dakartza, susperraldiaren, dibertsifikazioaren, lurralde-banaketaren eta kalitate eta bikaintasun handiko elaborazioaren adibide”, adierazi du Amaia Barredok.

Sariak

Bartzelona Beer Festivalen, Basqueland markak hirugarren aldiz irabazi du urteko garagardogilearen sari ospetsua, parte hartu duten 162 garagardogileren artean, eta sei domina –urrezko bi, zilarrezko bi eta brontzezko bi– ditu kategoria ezberdinetan. Basqueland Brewing markaz gainera, Mala Guissona, Boga Garagardoa eta Bidassoa Basque Brewery dira sariak jaso dituzten beste marka batzuk.

Gaur goizean Amaia Barredok aipatu duenez, “garagardoarena ongien egituratuta dagoen sektoreetako bat da: Euskadiko garagardogile guztiak dira Euskal Garagardogileen Elkarteko kide. Horrek antolaketa-indar berezia ematen dio sektoreari, eta hori agerian geratzen da garagardo-azoka garrantzitsuetan, baita bertakoetan, besteak beste, Donostiakoan, Ordiziakoan edo Egiakoan ere, eta Basque Beer markaren bultzadan ere bai.

“Gure Sailetik garagardogile txikiei laguntzen diegu Elkartearekin lankidetza estuan, ez bakarrik elkartea mantentzeari aurre egiteko, baizik eta baita aurrean dituzten erronkei aurre egiteko ere, ostalaritzaren eta retailaren kanalean presentzia handiagoa izan dezaten eta euskal kontsumitzaileen artean ikusgaitasun handiagoa lor dezaten”, esan du amaitzeko Amaia Barredok.