EXERVEST azterketa jarri dute martxan

0

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Arabako ESIko Osakidetzako otoneurologiako zerbitzuek abian jarri dute ‘Ejercicio físico supervisado como programa coadyuvante en personas con hipofunción vestibular unilateral crónica: Estudio EXERVEST’ ikerketa. Arabako ESIko Otorrinolaringologiako Zerbitzuko Asier Lekue doktoreak; UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko Sara Maldonado doktoreak; eta sail horretan gai honi buruzko tesia egiten ari den Maitane Ruiz Ríos doktoregaiak hartu dute parte lan honetan.

Hipofuntzio bestibularra, alde batekoa zein alde bikoa, entitate kliniko heterogeneoa da eta bide bestibularrean izandako lesio baten ondorioz sortzen da. Behar bezala konpentsatzen ez bada, kroniko bihurtzen da eta askotan ezgaitzailea da, posturaren desegonkortasuna, burua mugitzean ikusmen lausoa, oszilopsia eta zorabio eta desoreka sentsazio subjektiboa eragiten baititu.

Garuneko lesioengatik zein, maizago, lesio periferikoengatik sor daiteke (lesioak barneko belarrian edo nerbio bestibularraren traktuan). Europan eta Estatu Batuetan soilik 95 milioi heldu baino gehiagori eragiten die. Helduen % 30ek ditu zorabioak noizbait. Horietatik, hipofuntzio bestibular kronikoa dutenek erortzeko arrisku bereziki handia dute, baita beldur eta antsietate handiagoa ere.

Hipofuntzio bestibularraren diagnostikoa duten pertsonek jarduera fisikoa murriztu ohi dute eta bizitza sedentarioa daramate, nahiz eta frogatuta dagoen ariketa fisikoak posturaren oreka hobetzen duela eta lesio bestibularretik osatzeko faktore erabakigarria dela.

Sarritan, errehabilitazio-tratamendu optimoak indibiduala izan behar du, pertsona bakoitzaren ezaugarri klinikoen araberakoa, eta postura hobetzea, begirada egonkortzea edo ikusizko mendekotasuna murriztea izan behar du xede. Horregatik, ikuskatutako ariketa fisikoa txertatzen da pertsona horiei laguntzeko onuragarriak diren programetan, baina, hala ere, ez dago oso ikertuta beste patologia batzuekin alderatuz gero.

Hipofuntzio bestibularra diagnostikatua duten pertsonen orekan ariketa fisikoak dituen efektuak aztertzeko, EXVEST izeneko programa jarri dugu abian, esku-hartze aldiaren aurretik eta ondoren izandako aldaketak neurtzeko.

Horrez gain, ikerketaren helburua da kaltetutako pertsonen bizi-kalitatean eta ongizate psikikoan izandako aldaketak baloratzea, eta, horretarako, orekaren aldaketa aztertuko da hipofuntzio bestibularra eragin zuen etiologiaren eta hipofuntzio bestibularra duenetik igarotako denboraren arabera, eta orekan izandako aldaketen eta aztertutako gainerako aldagaien arteko lotura ebaluatuko da.