«Gobernuak jarraituko du lanean egunero, ilusioz, anbizioz eta arriskatzeko beldurrik gabe»

0

Maria Ubarretxena bozeramaileak Gobernuaren lehen 100 egunen balorazioan nabarmendu duenez, lehentasuna da «entzute eta elkarrizketa aktiboari eustea, gizarteak markatu dizkigun lehentasunetan aurrera egiteko, hala nola osasunean, hezkuntzan, etxebizitzan, enpleguan, erronka demografiko eta energetikoetan edo segurtasunean»

Maria Ubarretxena bozeramaileak Gobernuaren lehen 100 egunen balorazioa egin du gaur eguerdian Gobernu Kontseiluaren asteroko bileraren ostean eskaini duen prentsaurrekoan. Ubarretxenak ziurtatu du oraindik bide luzea dagoela egiteko, baina Pradales Lehendakaria buru duen Gobernuak «egunero jarraituko duela lanean, ilusioz eta anbizioz, autoexijentziarik handienarekin eta arriskatzeko beldurrik gabe». ¨Lan eta akordio horiek zertarako eta euskal gizarteak dituen itxaropenak asebetetzeko. «Euskadi ongizatean haztea, autogobernu gehiagorekin eta berezko ahotsa duen aktore globala izanik».

Bozeramaileak adierazi duenez, Gobernu berri honen lehentasunetako bat «herri honetako eragile politiko, ekonomiko eta sozialei entzutea eta haiekin hitz egitea da». Maria Ubarretxenaren arabera, legegintzaldiaren hasieratik aplikatzen ari diren elkarrizketa aktibo hori «funtsezkoa da gizarteak ezarri dizkigun lehentasunetan aurrera egiteko: osasuna, hezkuntza, etxebizitza, enplegua, erronka demografiko eta energetikoak, segurtasuna».

Osakidetza, etxebizitza, enplegua

Akordioak bilatzeko politika horren beste adibide argi bat, Ubarretxenaren hitzetan, «Osakidetzaren aldeko akordio zabala da. Akrodio hori, gainera, aurrera doa, mahaiak urriaren 9an egingo duen bigarren bileraren zain». Jaurlaritzaren bozeramaileak nabarmendu duenez, bere bidea hasi duten ekimenen artean, aipatzekoa da «datozen urteetan Euskadik alokairuko 7.000 etxebizitza publiko izateko prozedura» abian jartzea. Era berean, Osakidetzari prestakuntza amaitzen duten mediku egoiliarrak lotzeko abian jarri den programa gogorarazi du. Programa horren helburua «hainbeste behar dugun talentua atxikitzea da».

Era berean, administrazioaren, enpresen eta Unibertsitatearen berrikuntza- eta bikaintasun-planak, gazte ekintzaileentzako finantzaketa-lerroa, euskara doan ikasteko bidean egindako urratsak eta BASQUEFIKen lehen kontseilua nabarmendu ditu: Euskadiko Finantza eta Inbertsio Klusterra, Euskadin finantza-muskulua bateratzeko helburuarekin.

Enplegu politikei dagokienez, bozeramaileak gogorarazi du 5.000 langilerentzako lan-eskaintza publiko berriak onartu direla. 1.200 hezkuntzan eta 3.700 baino gehiago osasunean. Enpleguari buruzko etorkizuneko legea ere aipatu du. Lege horren oinarriak dagoeneko finkatu dira gobernuaren jardueraren lehen hilabeteetatik, «gizarte-eragileekin izandako elkarrizketari esker». Elkarrizketa horren ondorioz, gobernu berriak «lan-harremanen ereduan sakondu eta berritu nahi du, eta soldata-arrakalaren aurkako plan berri bat abiarazi».

Agenda instituzional sendoa

Bestalde, Ubarretxenak azpimarratu du 100 egun hauetan agenda instituzional oso sendoa jorratu dela. «Lehendakariak eta Chivite presidenteak aurrekaririk gabeko mugarri bat izan dute, hitzarmen eta kontzertu ekonomikoari buruzko hitzarmen bateratu bat sinatu baitute. Eta lehendakariak eta Espainiako presidenteak laster lankidetzarako aldebiko lehen batzordea egitea adostu dute «, adierazi du.

Ildo horretan, Jaurlaritzaren bozeramaileak datozen egunetan egingo diren bi hitzordu garrantzitsu aurreratu ditu: «Urriaren 2tik 4ra, Maltan, Itsas Eskualde Periferikoen Konferentziaren 52. batzar orokorrean parte hartuko dugu, bertan gauzatuko baita lehendakariaren hautagaitza Arku Atlantikoaren Batzordearen lehendakaritzarako». Bigarren hitzordua urriaren 7an izango da, Lehendakaria Jean-René Etchegaray lehendakariarekin bilduko baita Baionan.

Legegintza-egutegia

Azkenik, Ubarretxenak iragarri du gaur bertan onartu duela Gobernu Kontseiluak legegintzaldi honetarako legegintza-egutegia, eta orain Eusko Legebiltzarrera bidali beharko dela. Aurreikuspen horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: Merkataritza Jardueraren Legea, Administrazioa Bizkortu eta Sinplifikatzeko Legea, Gardentasunaren Legea, Tratu-berdintasunaren eta diskriminazioaren aurkako Legea, Kanpoan den Euskal Erkidegoaren Legea edo Unibertsitateen Lege berri bat. Guztira, 17 lege aurreikusten dira egutegi horretan.

Diru-laguntzak

Horretaz gain, hainbat diru-laguntza ere onartu ditu gaur Gobernu Kontseiluak. Nabarmentzekoa da Euskadiko Merkataritzako Bulego Teknikoen Sareari (MBT) euskarria emateko bi milioi euroko diru-laguntza. Bulego horiek doako aholkularitza ematen diote tokiko merkataritzari. Helburua da txikizkako merkataritza-banaketaren sektorean berrikuntza, kalitatea eta teknologia berriak sustatzea, generoaren, iraunkortasunaren eta eraldaketa digitalaren ikuspegitik.

Era berean, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak proposatuta, 465.000 euroko diru-laguntzen deialdia onartu da, Ikertzaileak Prestatzeko Doktoretza-Aurreko Programan parte hartzen duten ikertzaileei zuzendua. Agindu honen bidez, ikertzaileek euren aplikazio zentroez bestelakoetan egonaldiak egin ditzaten dirul-aguntzak deitzen dira. Haien prestakuntza eta egiten duten ikerketaren nazioartekotzea indartzea da helburua.

Halaber, Gobernu Kontseiluak animalien ongizatearen ziurtagiria lortzeko laguntzen deialdia onartu du. Laguntza horiek Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak kudeatuko ditu, eta 142.000 euroko aurrekontua dute 2024rako. Banakako ustiategien titularrentzat dira, bai eta egoitza Euskadin duten erakunde pribatuentzat ere, hala nola kooperatibentzat, enpresentzat, elkarteentzat edo nekazaritzako ustiategiak biltzen dituzten beste elkarte batzuentzat.

Bestalde, eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak eskatuta, argi berdea eman zaie tokiko erakundeei zuzendutako 2024ko deialdiei, kulturen arteko bizikidetzaren eta immigrazioaren arloko jarduerak garatzeko eta arlo horretako teknikarien kontratazioari eusteko. Azkenik, Arte Ederren Bilboko Museoa fundazioari 166.667,00 euroko zuzeneko diru-laguntza zuzena ematea onartu du Gobernu Kontseiluak.