Estibaliz Lizaso eta  Pol·len edicions-ek eskuratu dute Etxepare -LABORAL Kutxa Itzulpen Saria ‘Kontrako eztarritik’ katalanera itzultzeagatik

0

Uxue Alberdi idazle eta bertsolariaren ‘Kontrako eztarritik’ saiakeraren katalanezko edizioak irabazi du 2024ko Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria. Estibaliz Lizasok itzuli du lana euskaratik katalanera, eta Bartzelonako Pol·en edicions argitaletxeak plazaratu du ‘Revers. Testimonis de dones bertsolaris’ izenburupean.

Itzultzaileak eta argitaletxeak Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxearen eskutik jaso dute gaur saria, Bidebarrietako Liburutegi Nagusian (Bilbo) egin den ekitaldian. Uxue Alberdi liburuaren egileak, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak eta Jokin Gorriti LABORAL Kutxako ordezkariak ere hartu dute parte sari banaketan.

Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria 2015ean sortu zen jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatur lan baten urteko itzulpenik onena aitortzeko. Sari honek aintzat hartzen ditu bai itzulpenaren kalitatea, bai argitaletxeak egiten duen sustapen-lana.

‘Kontrako eztarritik’ lanaren katalanezko edizioari buruz epaimahaiak nabarmendu du itzulpena “zentzu guztietan apartekoa” dela, eta erabilitako hizkuntza “guztiz benetakoa” dela, “arina” eta “egilearen helburuari modu eraginkorrean” erantzuten diona. Gainera, “zuzeneko itzulpena izatea” ere kontuan hartu du epaimahaiak, baita “bertsolaritzaren zabalkundean lanak egiten duen ekarpena” eta “genero rolak auzitan jartzea”.

Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Sariaren hamargarren edizio honetan honako hauek osatu dute epaimahaia: Jokin Gorriti LABORAL Kutxako ordezkariak; Imanol Otaegi Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko Etxepare Euskal Institutuko Zuzendariak; Elizabete Manterola, EHUko irakasle eta EIZIEko kideak; Zuriñe Sanz EHUko irakasle eta EIZIEko kideak; eta June Monroy Etxepare Euskal Institutuko komunikazio teknikariak.

Saria emateko ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak itzulpenaren garrantzia azpimarratu du, kanpoan euskarazko literatur sorkuntza erakutsi ahal izateko: «Gure literaturari mugak irekitzeko eta gure literatur sormena eta gure idazleen talentua beste kultura eta hizkuntza batzuetan ere ezagutarazteko balio du».

Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria

Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria 2015ean sortu zuten Etxepare Euskal Institutuak eta LABORAL Kutxak, jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatur lanen itzulpena aitortzeko. Euskal idazleen lanak nazioarteko publikoarengana iristeko zubia dira itzulpenak. Sari honekin, bi erakundeek itzultzaileek itzalean egindako lana azpimarratu eta balioetsi nahi dute, baita argitaletxeek euskarazko literatura itzultzearen alde egindako apustua aitortu ere.

Mundu osoko itzultzaile eta argitaletxeak aurkeztu daitezke sarira, betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori aurreko urtean zehar argitaratutakoa izatea (2023an aurtengo edizioaren kasuan).

4.000 euroko sari bakarra ematen da, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibana banatu dezaten. Izan ere, irabazleak nortzuk diren erabakitzeko orduan aintzat hartzen dira bai itzulpenaren kalitatea, baita literatura-lana argitaratu duen argitaletxearen sustapen plana ere. Halaber, 2.000 euroko laguntza jasoko dute irabazleek saria jasotzera Euskal Herrira etortzeko edota literatura-lana argitaratu den herrialdean sustapen lanekin (aurkezpenak, publizitate kanpainak, etab.) jarraitzeko.

Sari honek Etxepare Euskal Institutuak euskal kultura sustatu eta nazioartean ezagutzera emateko lantzen dituen lan-ildoekin bat egiten du. Literaturaren alorrean, literatura-lanak eta laginak beste hizkuntzetara itzultzeko dirulaguntzak eskaintzeaz gain, euskal idazleentzat bidaia-poltsak ematen ditu eta nazioarteko liburu azoka eta literatura jaialdietan euskal idazleek parte hartu eta euren lanak aurkeztea ahalbidetzen du. Halaber, sari honen bitartez LABORAL Kutxak euskara eta euskal kulturarekiko konpromisoa berresten du.

Estibaliz Lizaso

Estibaliz Lizaso Lopetegui (Tolosa, 1984) itzultzailea eta interpretea da. Esperientzia handia du kulturaren sektorean, eta euskara katalanera eta alderantziz interpretatzeko zerbitzuak eskaini ditu hainbat ekitalditan, besteak beste Bertsolari Txapelketa Nagusian, CCCBko Kosmopolis 23. Poetry Slam. Rapsòdia Submarina ekitaldian edota Menorcako Trobada de glosa i vers improvisat topaketan. Bere lanari esker ‘Kontrako eztarritik’ (‘Revers. Testimonis de dones bertsolaris’) katalanera itzuli da, eta berari zor zaizkio ingelesezko hainbat idazleren lan batzuen euskarazko itzulpenak, hala nola, Angela Davis, Dashiell Hammet, Nicholas Blake eta JK Rowlingen lanak.

Pol·len edicions

Pol·len edicions Bartzelona dagoen argitaletxe kooperatiba da. 2011n sortu zen eta ordutik berrehun liburu inguru plazaratu ditu. Argitaratutako lanak biltzen dituen aterki tematikoa pentsamendu kritikoa da, eta horren barruan hiri-antropologia, feminismoak, ekologia, fotokazetaritza, poesia eta kontakizunak nabarmentzen dira. 2012az geroztik, Pol·len edicions-ek euskal literaturaren eta pentsamenduaren lanak katalanera itzultzen ditu urtero, bi lurraldeen arteko zubia indartzeko asmoz. Euskaratik katalanera lan gehien itzuli dituen argitaletxea da, eta bere funtsean, besteak beste, Miren Agur Meabe, Joseba Sarrionandia, Hakaitz Cano, Uxue Alberdi eta Mari Luz Esteban idazleen liburuak aurki daitezke. 2019an, Pol·en edicions eta Ainara Munt itzultzaileak Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria jaso zuten Joseba Sarrionandiaren ‘Hilda dago poesia?’ liburuaren katalanezko edizioagatik (‘És morta la poesia?’).