Kimuak, Euskadiko Familia Enpresen Elkarteko (Aefameko) gazte-taldeak, VIII. Urteko Batzarra egin du gaur, Bilbon. 2024ko ekitaldian garatutako jarduera nagusiak eta etorkizunerako erronkak zehaztu ditu. 2016an sortu zenez geroztik, sendotuz joan da, eta nabarmen handitu du bazkide-kopurua. Iazko ekitaldian soilik, % 37,36 hazi zaio bazkide-kopurua 2023koaren aldean, orduko 91tik oraingo 125era.
Agora La Caixan egindako Urteko Batzarrean familia-enpresari buruzko solasaldia antolatu da, non Eki Fundazioko zuzendari Nuria López de Guereñuk parte hartu duen (Saharaz hegoaldeko komunitate afrikarrei energia garbiak eskuratzen laguntzen dihardu Ekik). Esku hartu ondoren, mahai-inguruan hartu du parte López de Guereñuk. Kimuako lehendakari Nerea Uribe Etxebarria izan da moderatzailea, eta La Rioja Alta Taldeko zuzendari-ondoko Álex de Aranzabalek ere hartu du parte.
Kimua Aefamek sortu zuen, 2016an, helburu honekin: familia-enpresetako etorkizuneko belaunaldiak prestatzea, eta, horrela, enpresa horien ondorengotza-prozesuan laguntzea. Izan ere, enpresa guztiek aurre egin behar diote, lehenago edo beranduago, belaunaldi-erreleboari. Beraz, familia-enpresan karguak eskuratzea erabaki duten gazteak dira ekimenaren xede-taldea, bai eta, kudeaketan parte hartzen ez badute ere, konpainiako akziodun arduratsuak direnak ere.
Gaur egun, 125 gaztek osatzen dute Kimua, Aefameko 49 euskal familia-enpresa ordezkatzen dituztenak (Bizkaiko 29, Gipuzkoako 10 eta Arabako 10). Enpresa horiek zerbitzuetan, metalgintzan, ondasunen fabrikazioan, sektore elektriko/energetikoan, industrian eta automobilgintzan dihardute, besteak beste. Iazko ekitaldiaz geroztik, Nerea Uribe Etxebarria da Aefameko gazte-taldeko lehendakaria (GEINSA familia-enpresako Negozio Garapenaren arduraduna da).
Kimuak asmo honi eutsi dio sortu zenetik: Aefameko gazteentzako elkargune eta harremangune izatea, esperientziak partekatzeko, balio erantsia emango dieten mintegi, topaketa eta hitzaldietan, eta beste lurraldeetako zein Europako gainerako elkarteekin antolatutako forumetan. Horrez gain, familia-enpresaren inguruko ezagutza —belaunaldi-erreleboa, enpresaren balioak eta abar— gazteen artean hedatzeaz arduratzen da, elkartearekin koordinatuta.
Aefameri buruz
Aefame – Euskadiko Familia Enpresen Elkartea 2015ean sortu zen, eta IEF erakundeari lotuta dago. Guztira 76 euskal enpresak osatzen dute elkartea —liderrak dira zein bere jarduera-sektorean—. Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-ehunaren % 84 familia-enpresek osatzen dutenez, erreferentzia bat da gizartearentzat eta erakundeentzat, familia-enpresei eta familia enpresariei dagokienez. Guztien artean 15.500 milioi eurotik gorako fakturazio agregatua dute, eta 149.000tik gora langile. Aefame aspalditik ari da lanean Ecosistema proiektuan, zeinaren helburua baita familia-enpresarentzako eta familia enpresariarentzako ingurune faboragarri eta egokia sortzea, Euskadin errotuta jarrai dezaten bermatzeko.