Kontsumobide arbitrajeari atxikiko zaizkion enpresa berrien bila ari da

0

Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutuak kanpaina bat hasi du Arbitrajeko Euskal Sistemari enpresa berriak atxikitzeko. Abian jarri den kanpainak bi norabidetan egingo du lan: arbitrajeari atxikiko zaizkion 700 enpresa lortzea gutxienez eta herritarrei arbitrajearen onuren berri ematea.

Tontxu Rodríguez Kontsumobideren zuzendariak arbitrajearen bidearen garrantzia azpimarratu du:  “gaur egun, kontsumoa gure bizitzaren parte da, eta kontsumitzaile gisa eskubide batzuk ditugu, baina, batzuetan, desadostasunak izaten dira saltzaileekin. Arbitrajea da sistemarik onena kontsumitzailearentzat gatazka horien aurrean. Sistema azkarra, doakoa eta inpartziala da.  Enpresentzat ere baditu onurak, eta kalitatearekiko eta pertsonekiko konpromisoa indartzen du”.

Kanpaina Euskadiko hiru hiriburuetan eta hiru lurralde historikoetan jende gehien bizi den herrietan egingo da. Oraingoan, kanpainaren xedea, batez ere, Internet bidez saltzen duten hainbat sektoretako enpresak izango dira (zerbitzuak ematen dituztenak edo produktuak saltzen dituztenak).  Kanpaina urtero egiten da orain dela 15 urte baino gehiagotik, eta gaur egun ia 17.000 enpresa daude arbitrajearen bideari atxikita.

Arbitraje-sistema gatazkak konpontzeko borondatezko sistema bat da, bide judizialaren ordezkoa. Sistemari berari atxikitzean datza sistemaren borondatezkotasuna; izan ere, arbitrajea onartu ondoren, haren ebazpenak nahitaez bete behar dira.

Rodríguezek adierazi du beharrezkoa dela “kontsumitzaileok kontsumoko arbitrajeari atxikitako saltokiak bilatzea, modu horretan babestuago egongo baikara”.