Mikel Torres Lehendakariordeak Merkalan inauguratu du, kalitatezko enpleguaren zein baloreak eta etorkizuna dituzten enpresen aldeko apustua

0

Dagoeneko hasi da MerkaLanen bosgarren edizioa, Lanbidek antolaturiko Enplegu eta Prestakuntza Azoka. Aurten formatu mistoa berreskuratu du: aurrez aurrekoa (urriak 2) eta birtuala (urriaren 1etik 3ra, online plataformaren bidez). Gaur, aurrez aurreko jardunaldi bakarra izan da FICOBA erakustazokan (Irun), jarduera egitarau oparoa eskainita. Inaugurazio ekitaldi instituzional batek hasiera eman dio gaurko jardunaldiari, Eva Domaika kazetariak gidatuta. Eta agintari hauek izan dira bertan: Mikel Torres (bigarren lehendakariordea eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua), Cristina Laborda (Irungo alkatea), Irune Berasaluze (Gobernantzako diputatua eta bozeramailea – Gipuzkoako Foru Aldundia) eta Francisco Pedraza (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusia).

 

Bere hitzaldian, Torres Lehendakariordeak MerkaLanen garrantzia nabarmendu egin du: azokak, batetik, kalitatezko enplegua katalizatzen du, bestetik, etorkizuna eta baloreak dituzten enpresak sustatzen ditu, eta, gainera, mugaz gaindiko izaera du. «MerkaLan enplegu azoka baino gehiago da. Eusko Jaurlaritzak eta, bereziki, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak gure herritarrekin eta gure enpresekin dugun konpromisoaren isla da. Konpromiso horrek helburu argia du: kalitatezko enplegu egonkorra sustatzea. ‘Balioak eta etorkizuna dituzten enplegua eta enpresak’ goiburuak ederki islatzen du apustu hori. Kontua ez da enplegua sortzea soilik, baizik eta baloreetan oinarritzen den lan-merkatua bultzatzea. Horretan, enpresek zein langileek erantzukizun eta aurrerapen helburu bera partekatu behar dute».

 

Bestalde, Javier Panzanok (CEO Taktic Business & Technology) eskaini duen hitzaldi markoan azpimarratu du lan-esparruko belaunaldi anitzeko taldeak sustatzearen garrantzia, enpresentzako berrikuntza- eta sendotasun-iturria direlako.

Parte-hartzeari buruzko zifrei dagokienez, MerkaLan 2024k datu azpimarragarriak utzi ditu: guztira 140 enpresa eta erakunde bildu dira azokan, aurrez aurreko formatuan (83) zein birtualean (140 -57 online soilik-). Horiek, guztira, 496 lan-eskaintza jarri dituzte herritarren eskura, hau da, 1.059 lanpostu (2.644 hautagaitza erregistratu dira lehen egunean). Gainera, 2.752 prestakuntza-plaza ere eskaini dira (120 hautagaitza lehen egunean), 137 formakuntza-programatan banatuta. Pertsona parte-hartzaileei dagokienez, plataforma birtualean 4.634 profil erregistratu dira (urriaren 2ra arte), eta aurrez aurreko jardunaldian, berriz, 1.662 lagun bertaratu dira antolatutako jarduera eta hitzaldietara, 190 inaugurazio ekitaldira. FICOBAra joateko, Lanbidek 11 doako autobus jarri ditu eskuragarri Euskadiko hainbat tokitatik.

 

Enpresen eta enplegu-eskatzaileen arteko funtsezko topagunea

‘Balioak eta etorkizuna dituzten enplegua eta enpresak’ goiburupean, MerkaLan 2024k nabarmendu nahi du helburu bat duten enpresen eta gaitasunak dituzten pertsonen garrantzia, biak baitira funtsezko oinarriak arrakasta enpresariala zein profesionala lortzeko. Beraz, MerkaLanek bi helburu ditu: alde batetik, enpresei behar dituzten langileak hautatzeko prozesua erraztea, eta, bestetik, pertsonak orientatzea lana bilatzeko. Beraz, azoka hau topagune bat da enplegu-eskatzaileentzat eta sektore publiko zein pribatuko enpresa eta erakundeentzat. Azken hauek harremanetan jarri eta haien lan- eta formakuntza-eskaintzeen berri eman dezakete euren standetan, enpresa eta lanbide garapenerako aukerak sortzeko.

 

Jarduera eskaintza oparoa

MerkaLanen aurrez aurreko jardunaldiak askotariko jardueren programazioa du, herritarrei zein enpresei zuzendutakoa eta hiru gune tematikotan edo «txokotan» banatuta. Proposamenen artean, hainbat hitzaldi dira: “Adimen artifizialaren erabilera enplegua aurkitzeko” (Pablo Peñalver adituaren eskutik) edo “Hitzik gabeko hizkuntzak duen eragina lan-elkarrizketan” (Esther Gómez), besteak beste. Ponentzia guzti horiek tresna baliotsuak eskaintzen dituzte, zertarako eta enplegua bilatzeko prozesuan trebetasunak eta estrategiak hobetzeko.

 

Bestalde, escape-room dinamikak ere programatu dira. Horietan, parte-hartzaileek beren lan-gaitasunak ezagutu ditzakete, lan-egoera ezberdinak islatzen dituzten erronkak gaindituta. Gainera, lan-elkarrizketak prestatzeko, lan-orientatzaile profesionalen aholkularitza pertsonalizatua jasotzeko aukera ere badago. Era berean, garrantzi handia dute enpresa, erakunde eta instituzioen stand-ek; bertan, gerturatzen diren pertsonek haien CVa eman, lan-eskaintzak ezagutu eta giza baliabideetako langileengana zuzenean jo dezakete, elkarrizketak hitzartzeko.

 

Enplegu-eskatzaileentzako proposamenez gain, enpresentzako berariazko egitaraua ere prestatu du MerkaLanek. Publiko horrentzako jarduera garrantzitsuenen artean, honako hitzaldi hauek ditu: Gizarte Ekonomiako jardunbide egokiei buruzkoa (EGES), gazte-ekintzailetzako mugaz gaindiko programa (Konfekoop) eta berrikuntza-ekosistema eta bere aukerak (Mondragon Korporazioa). Era berean, Lanbidek bultzatutako bi ekimen ezagutzeko aukera ere badago: Lan Mentoring Programa (ETEen belaunaldi-erreleboa kudeatzera bideratutakoa), eta KonektaLan plataforma (Euskadin kalitatezko enplegua sustatzen duen komunitate digitala).

 

MERKALANen ere EUSKARAZ

Halaber, Lanbidek gogoratu nahi du helburuetako bat duela lan- eta prestakuntza-eremuan euskara sustatzea, gehi ezagutza eta erabileraren arteko arrakala leuntzea. Hartara, “MERKALANen ere euskaraz” kanpaina jarri du abian. Kanpainak gonbidapena luzatzen du partaideak euskaraz aritu daitezen. Eta hori errazteko identifikazio-pegatinak jarri dira guztion eskura (euskararen aldeko jarrera proaktiboa agerian utz dezaten).

 

Hala, aurten ere, MerkaLanek berretsi egin du konpromiso sendoa hartu duela, zertarako eta azoka hau ezinbesteko ekitaldi bihur dadin, bai herritarrentzat (kalitatezko enplegua bilatzen dutenak), bai eta enpresentzat ere (talentua erakarri zein lan-merkatuaren joera berriekin eguneratu nahi dutenak).

 

Plataforma birtualak, bestalde, martxan jarraituko du urriaren 21era arte, argitaratutako ehunka lan-eskaintzetara bere hautagaitza bidali nahi dutenentzat: merkalan.eus